Ondarroako alturako arrantzak lau aste daramatza geldirik, gasolioaren prezioa dela eta

Arrantzatzera aterako balira astean 20.000 euro galduko lituzketela salatu dute armadoreek. Otsailetik %127 igo da gasolio profesionalaren prezioa.

Ondarroako portua, ontziak geldirik dituela. MIGUEL TOÑA / EFE
Ondarroako portua, ontziak geldirik dituela. MIGUEL TOÑA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko irailaren 14a
15:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondarroako (Bizkaia) alturako arrantzako flota hamazazpi ontziz dago osatuta. Eta hamazazpi ontziek lau aste daramatzate Ondarroan geldirik, arrantzatu barik. Salatu dutenez, gasolioaren prezioaren igoera «jasanezina» da haientzat, eta ontziak lotuta uztea erabaki dute. Horiek horrela, Espainiako Arrantza Ministerioari «premiazko» bilera bat eskatu diote Irango gerraren ondorioak gutxitzeko laguntzak eman ditzan. Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diote prozesuan lagun dezala.

Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko (OPPAO) buru Mikel Ortizek Efe agentziari azaldu dioenez, gaur egun arrantzatzera irteteak «dirua galtzea» esan nahi du arrantzaleentzat: «Orain arrantzatzera aterako bagina, astean 20.000 euro galduko genituzke». Izan ere, orain arte gasolioa gastuen %60 zen. Bada, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko gerraren ondorioz, «otsailetik %127 igo da gasolioaren prezioa», Ortizek salatu duenaren arabera. Urte hasieran gasolio profesionalaren prezioa 0,55 zentimo zen litroko, orain, berriz, 1,25 euro da.

Espainiako Gobernuak gerraren ondorioei aurre egiteko zenbait neurri onartu zituen, eta gasolioaren prezioaren igoeraren %70eraino finantzatzea zen horietako bat. Baina ez dago aurrekonturik, eta diru hori ez da iritsi, Ortizek adierazi duenez. Egun, hogei zentimo jasotzen dituzte litro bakoitzeko; «gutxiegi», arrantzaleen arabera.

Herri osoari kalte

Hori dela eta, ministerioari «ahal bezain laster» bilera bat egiteko eskatu diote. Arrantzaleek salatu dutenez, laguntzarik gabe ezingo dute aurrera egin. Izan ere, beste produktu batzuetan ez bezala, haiek ezin dute gainkostu hori azken preziora eraman. «Enkante bidez saltzen dira arrantzatutako arrainak; eta horien prezioa eskariaren eta eskaintzaren araberakoa da», oroitarazi du Ortizek.

Ondarroako arrantzaleek azaldu dutenez, 328 familiari eragiten die zuzenean alturako arrantzaren krisiak, baina, zeharkako eragina «milaka lagunengana» heldu daiteke: handizkako merkatariak eta arrandegietako langileak, besteak beste. Hortaz, eskualdearentzat «estrategikoa» den sektorea babes dezala eskatu diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA