Ondarroako (Bizkaia) alturako arrantzako flota hamazazpi ontziz dago osatuta. Eta hamazazpi ontziek lau aste daramatzate Ondarroan geldirik, arrantzatu barik. Salatu dutenez, gasolioaren prezioaren igoera «jasanezina» da haientzat; eta, horren aurrean, ontziak lotuta uztea erabaki dute. Horiek horrela, Espainiako Arrantza Ministerioari «premiazko» bilera bat eskatu diote Irango gerraren ondorioak gutxitzeko laguntzak eman ditzan. Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diote prozesuan lagun dezala.
Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko (OPPAO) buru Mikel Ortizek Efe agentziari azaldu dioenez, gaur egun arrantzatzera irteteak «dirua galtzea» esan nahi du arrantzaleentzako: «Orain arrantzatzera aterako bagina, astean 20.000 euro galduko genituzke». Izan ere, orain arte gasolioa gastuen %60 zen. Bada, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko gerraren ondorioz, «otsailetik %127 igo da gasolioaren prezioa», Ortizek salatu duenaren arabera. Urte hasieran gasolio profesionalaren prezioa litroko 0,55 zentimo zen, orain, berriz, 1,25 euro da.
Espainiako Gobernuak gerraren ondorioei aurre egiteko zenbait neurri onartu zituen, eta horien artean zegoen gasolioaren prezioaren igoeraren %70eraino finantzatzea. Baina aurrekonturik ez dagoela eta, Ortiz kexu da diru hori ez dela iritsi. Egun, litroko hogei zentimoko laguntza jasotzen dute; «gutxiegi», arrantzaleen arabera.
Herri osoari eragin
Hori dela eta, ministerioari «ahal bezain laster» bilera bat egiteko eskatu diote. Arrantzaleek salatu dutenez, laguntzarik gabe ezingo dute aurrera egin. Izan ere, beste produktu batzuetan ez bezala, haiek ezin dute gainkostu hori azken preziora eraman. «Enkante bidez saltzen dira arrantzatutako arrainak; eta horien prezioa eskariaren eta eskaintzaren araberakoa da», oroitarazi du Ortizek.
Ondarroako arrantzaleek azaldu dutenez, 328 familiari eragiten die zuzenean alturako arrantzaren krisiak, baina, zeharkako eragina «milaka lagunengana» heldu daiteke: handizkako merkatariak eta arrandegietako langileak, besteak beste. Hortaz, eskualdearentzako «estrategikoa» den sektorea babes dezala eskatu diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.