«Etxebizitza babestu gura dugu. Etxebizitza eraikinetan ez dadila jarduera ekonomikorik ipini», argudiatu du Asier Abaunza Bilboko Hirigintza zinegotziak. Osoko bilkurak HAPOaren moldaketa onartu du gaur, ostatu turistikoei eta etxebizitza kolektiboei dagokien atala, hain zuzen. Besteak beste, erabaki du ostatu turistikoen kontzentrazio handiko eremuetako etxebizitza eraikinetan ezingo dela hotelik eta apartamentu turistikorik ipini. Gainera, auzo horietako ikasle egoitzak ezin izango dira erabili turistek ostatu hartzeko, eta, gainontzeko lekuetan, uztailean eta abuztuan soilik egin ahal izango da hori, eta soilik oheen %30 baliatuta horretarako. Moldaketa urtea bukatu aurretik sartuko da indarrean.
HAPOaren moldaketaren bidez, ostatu turistikoen kontzentrazioaren arabera antolatu dute Bizkaiko hiriburua. Ehun etxebizitzako 2,01 ostatu turistiko dituzten auzoak kontzentrazio handiko izendatu dituzte: Etxebarria, Zazpikaleak, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala, Abandoibarra, Zabalgunea, Uribarri, Abando, Matiko eta Olabeaga dira. Gainontzeko lekuetan debeku horiek ez dira indarrean egongo.
Oposizioa abstenitu egin da, eta ez zaio egoki iruditu sailkapen hori. «Ez du zentzurik Zazpikaleetan egin ezin daitekeena Santutxun baimentzea. Etxebizitza hiri osoan babestu behar da», ohartarazi du EH Bilduko zinegotzi Karlos Renedok. Elkarrekin Bilbo taldeko zinegotzi Xabier Jimenez kezka agertu du; izan ere, uste du arazoa kontzentrazio handiko eremuen inguruan dauden auzoetara mugituko dela. PPko Angel Rodrigori iruditzen zaio baldintza berriek zaildu egingo dutela ikasle egoitzak errentagarri izatea.