Udako proposamenak

Paellez jositako Aixerrota

Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketaren 71. aldia egingo dute bihar Getxon. Lagunarte txiki baten egunpasa zena milaka pertsona biltzen dituen jaialdi bihurtu da azkenean.

Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketaren aurreko aldi bat. BERRIA
Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketaren aurreko aldi bat. BERRIA
2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamaika modu ditu Getxok (Bizkaia) herritarrei festara dei egiteko; nolanahi ere, paellaren inguruan biltzea hautatzen dute. Berrehun bat taldek hartzen dute parte Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketan. Familia, lagunarte eta herritar andana batzeko arrazoia izan ohi da, eta 71. aldia, aurtengoa, ez da salbuespena izango. Egun osoko egitaraua prestatu dute biharko, eta 10:30ean hasiko da izen ematea.

«Ez dakit nola bihurtu zen horren festa handia», adierazi du Eskarne Unanuek, Itxas Argia elkarteko lehendakariak. Gaur egun, Itxas Argia elkarteak antolatutako egitasmoa bada ere, Getxoko kuadrilla batean du jatorria, 1954an. «Sei-zortzi pertsona hasi ziren patata-tortilla lehiaketa egiten, Azkorriko landetan». Egungo jaia oso bestelakoa da, 10:30ean hasi eta gauera arteko festa jendetsua izaten baita. «Egun bateko jaia izan arren, indar handikoa da».

10:30etik aurrera egongo da izena emateko aukera, eta Txalaparta Zaharra elkartea arduratuko da lehiaketari hasiera emateaz, 12:00etan, txalaparta deia joz. Horren ostean, euskal dantzek izango dute protagonismoa, kozinatu bitartean aurreskua eta Itxas Argia dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera izango da eta.

Mundu osoko paellak

Gaur egun Getxo ingurukoak dira sukaldari gehienak, baina hori ez zen horrela izaten duela urte batzuk. Hain zuzen ere, hortik datorkio txapelketari nazioarteko abizena. Flandria, Ingalaterra, Frantzia eta Europako beste hainbat herrialdetatik etorritako sukaldariek parte hartzen zuten. Singapurreko sukaldariak ere izan dira inoiz lehiaketan.

Azken urteotan ez da munduko beste txoko batzuetako sukaldaririk etortzen, baina lehiak bizirik dirau oraindik. Batzuen tentsioak eta besteen itxaropenak 17:00ak arte irauten du, orduan jakinarazten baita epaia. Irizpideak aldez aurretik zehaztuta daude, zintzotasuna bermatzearren, eta, Unanuek azaldutakoaren arabera, epaimahaiak hiru ezaugarri izaten ditu kontuan: zaporea, arrozaren egoste puntua eta dekorazioa.

Elkartasun keinu bat ere egingo dute aurten, Zaporeak elkartearentzat. Europara iristen diren errefuxiatuei otordu duinak ematen ahalegintzen da elkarte hori, eta lehiaketan bertan ibiliko dira elkarte horretako kide batzuk, bilketa egiteko eta Greziako errefuxiatu esparruetara arroza eramateko xedez. Hori horrela, Unanuek Aixerrotara arroz paketeak «sobran» eramateko deia egin du, Zaporeak elkarteko kideek jaso ditzaten.

Lehiarako ez ezik, ospakizunerako ere egun aproposa izango da. Jaialdia biribiltzeko, Lehian taldea arituko da, 18:30ean, eta han bildutakoek erromeria doinuak dantzatuz esango diote agur egunari.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA