Kultura

Santos Iñurrietaren margolanik intimoenak: paisaiak

Artistak aurrez sekula erakutsi gabeko paisaiak bildu dituzte Bilboko Lumbreras galeriako erakusketan. Langintza horri eskainitako liburu bat ere kaleratu dute, eta dokumental labur bat ere egin diote.

Bilbon ikusgai dagoen Santos Iñurrietaren izenbururik gabeko paisaia bat, 2010ekoa. LUMBRERAS GALERIA
Bilbon ikusgai dagoen Santos Iñurrietaren izenbururik gabeko paisaia bat, 2010ekoa. LUMBRERAS GALERIA
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko uztailaren 23a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pintatzen saiatzen hasterako, benetan pintatzen saiatzen hasterako, garbiketa lan bat egin behar izaten zuela esan zuen Santos Iñurrieta margolariak (Gasteiz, 1950 - Mallorca, Herrialde Katalanak, 2023). «Mundu gris eta faxista» baten hezkuntzaren eraginez, barruan sartua zuen guztia «desegitea» izan zen pintatu ahal izateko egin behar izan zituen lehen lanetako bat, bertan ziren «gurutzeak eta mirariak, deabruak eta sua» garbitzeko. Eta, hain zuzen ere, paisaiak margotzeak laguntzen omen zuen askatasun bilaketa horretan. «Paisaiak pintatzeak lagundu egiten zidan horrekin guztiarekin. Askatasunez margotzen nituen, kritikarien, ona edo txarra izatearen eta galerien gustukoa izatearen edo ez izatearen presiotik aske. Niretzat ez beste inorentzat ziren, eta nik neure buruarentzat egiten nituen judizioak, asmatzeak eta epaiak». Eta, bizi zen artean beretzat bakarrik gorde zituen lan horiek dira, hain justu ere, orain Bilboko Lumbreras galerian ikusi daitezkeenak.

Bizitzaren azken urteetan izan zuen gaixotasunak eraman zuen iritziz aldatzera. Azken urteak izan zitezkeela igarri, eta orduan hasi zen berez inori ez erakusteko sortutako lan horiek erakusketa batean biltzeko ideiari bueltaka. Idatzita ere utzi zuen hori, baina hil egin zen amestutako erakusketa hura muntatuta ikusteko aukerarik izan aurretik. Horregatik, hain zuzen ere artistaren asmo haren emaitza da orain Bilbon ikusi daitekeena. Paisajes para paseos personales deitu dute erakusketa (Paseo pertsonaletarako paisaiak), eta, guztira, artistak 2009 eta 2016 bitartean margotutako hainbat formatutako 54 paisaia biltzen ditu.

Bilboko Lumbreras galeriako irudi bat. LUMBRERAS GALERIA
Santos Iñurrietaren erakusketako lanetako bat. LUMBRERAS GALERIA

Gasteizen jaio arren, eta 1970eko hamarkadaz geroztik euskal artearen bilakaeran eragin nabarmena izan arren, Mallorcan bizi izan zen artista 1992az geroztik, eta, ondorioz, han oinarritutakoak dira erakusketan ikus daitezkeen paisaiak. Eta naturarena da ia-ia erabateko protagonismoa. Arbolak, sastrakak, eguzki argiak lurrean uzten dituen arrasto ikaratiak, elkarrekin txirikordatzen diren adaxka anabasak, han eta hemen sakabanatutako lore gorriak… Bildumako bi koadrotan soilik ikus daitezke giza figura batzuk, eta, halere, batez ere koadrorik handienetan, ia margolanaren parte sentitu daiteke bisitaria, galeriako horman zintzilikatuta, kasik, zoruraino zabaltzen baita koadroetara sartzeko gonbidapena egiten duela dirudien bidexka.

Erakusketan badira hainbat koadro handi, baina badira lan txikiagoak ere. Hamabi zentimetro garai da, adibidez, areto sarreran dagoen arbola berari eskainitako hamar irudiko sekuentzia. Eta metro bete pasa da haren ondoan dagoen beste lan bat, esaterako. Bi oihal batuz osatutako margolana da hori, eta bertan ageri dira kolore biziko zelaiak, herrixka baten irudikapen ia infantila, eta koadroan sakabanatutako hainbat tximeleta gorri. Eta haren aurrean dago noranzko oso argirik gabe bisitaria koadroko sastrakadietan murgiltzera gonbidatzen duen bidea irudikatzen duten koadro erraldoietako bat. Ia bi metro garai, eta ia lau metro zabal.

Paisaia liburua

Erakusketa aretoaren sarreran dago artistaren paisaiagintzari eskainitako katalogo oparoa ere. Ekainaren 22an aurkeztu zuten argitalpena, Gasteizko Artiumen, eta artistak bere ibilbide artistikoari buruz bere eskuz idatzitako hainbat gogoeta ere biltzen ditu. «Ikusten dudana kopiatuz, konplexurik gabe, maisurik gabe, nik bakarrik. Erretratuekin, saiatzen naiz, baina ezin, ez dut lortzen egiten dudan horri ikusten dudanaren antzik ematea. Bederatzi urte ditut».

Santiago Arcediano Salazar arte historialariak artistari buruz idatzitako testu bat ere badakar liburuak. Sortzailearen askatasuna eta konpromiso soziala nabarmentzen ditu adituak bertan. Paisaiak harentzat zuen garrantzia ere aipatzen du, eta 1975ean, artean 25 urte baino ez zituela, Javier Angulo kazetariari emandako elkarrizketa baten pasartea ere berreskuratzen du horretarako. «Paisaia da pintatzen dudanaren %80. Interes erabatekoa pizten dit, nire munduan hura baita sentsazio, argi iradokizun, kolore eta forma berriak harrapatzeko aukera gehien ematen dizkidana, bai eta hori oihal batean adierazi ahal izateko indarra ematen didana ere». 

Bilboko erakusketan ikus daitekeen giza figura urrietako bat, koadroaren goikaldean. LUMBRERAS GALERIA
Bilboko erakusketan ikus daitekeen giza figura urrietako bat, koadroaren goialdean. LUMBRERAS GALERIA

Araceli Iranzo artisauarena da liburuko beste testuetako bat. Mallorcan bizi da Iranzo, eta gertukoa zuen Iñurrieta. Haren hitzetan, paisaiek «oreka» eskaintzen zioten artistari, eta, haren hitzetan, hain zuzen ere horregatik ez zituen sekula erakutsi nahi izan. «Bere lan pertsonalaren parte ziren. Kanpoko epaietatik babestu zituen, haietan bere kasa paseatzen jarraitu ahal izan zezan; bertan, beretzat ere ezkutukoak ziren eta oraindik askatzeko zeuden txokoak topatu ahal izateko». Bere bizitzako azken urtean, ordea, gaixotasunak aurrera egiten zuela ikusi, eta orduan hasi zen paisaia horiekin guztiekin erakusketa bat osatzeko ideiarekin. «Seguruenik haren obrarik intimoena izan dena konpartituz esan nahi izan zigun agur».

Gazteleraz, euskaraz eta ingelesez daude argitalpeneko testu guztiak, hala artistaren beraren hitzak, nola hari buruz idatzitakoak ere. Horrez gainera, liburuaren eta erakusketaren harira, artistari eskainitako hamabost minutuko dokumental bat ere osatu dute aurten. Hil baino hilabete batzuk lehenago bere estudioan egindako solasaldi bat biltzen du lanak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA