Guztira, 400 metro baino ez daude Bilboko bi museo nagusien artean; presarik gabe joanda ere, apenas lau minutuko ibilaldi bat. Baina, orain artean, bisitariek ez dute beti erraz topatu batetik besterako bidea. Horregatik sortu dute tiket bateratua. Urriaren 14tik aurrera jarriko da indarrean Bilboko Guggenheim museorako eta Bilboko Arte Ederren Museorako sarbidea emango duen sarrera bikoitza. Hari esker, sasoiaren arabera, %22 eta %33 artean merkatuko da bi erakundeak bisitatzeko aukera, eta lau eguneko tartea emango dio bisitariari horretarako. Horrez gainera, ikasleek, 65 urtetik gorakoek eta bi museoetako lagunen komunitateetako kideek prezio erdian eskuratu ahalko dute sarrera bateratu hori, eta adin txikikoak doan sartu ahalko dira. Baina, abantaila ekonomikoez harago, erabakiak bi museoen arteko lankidetzarako irekitzen duen bideak ere egiten du esanguratsu albistea.
«Bi erakundeok ateratzen gara irabazten». Bi zuzendariek elkarrekin azaldu dituzte erabakiaren nondik norakoak, bai Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak eta bai Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak ere, eta sarrera bateratuak aurrerantzean euren lana «osagarriago» egiten lagunduko duela azaldu dute.
Zugazak zehaztu duenez, iaz hasi zituzten tiket bateratuari buruzko solasaldiak, Arzalluzek zuzendari postua hartu eta berehala, eta, hain justu ere, Bilboko Arte Ederren Museoaren handitze lanak bukatzear direla eman dute proiektuaren berri orain. Izan ere, une honetan Luis Maria Uriarte eta Norman Foster arkitektoen proiektua amaitzen ari dira langileak, eta, ondorioz, 5.000 metro koadro gehiagorekin irekiko ditu ateak museoak. Urriaren 5a izango dute irekiera eguna, eta, zuzendariaren hitzetan, museoaren eskaintza artistikoari «benetan merezi duen maila» emango dio horrek. Eta, hain justu, trantsizio garai horrekin ere lotu dute bi museoen arteko lankidetza.
«Dimentsioa handituta zabalduko ditugu ateak, eta oso garrantzitsua da guretzat hasiera-hasieratik gerturatu ahal izatea 400 metro eskasera ditugun miloi bat bisitari horiengana»
MIGUEL ZUGAZABilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria
«Bisitari trafikoa handituko digu honek», azaldu du Zugazak. Izan ere, Guggenheim museoak jasotzen dituen bisitariei Bilboko Arte Ederren Museorako bidea leuntzea da sarrera bateratuaren helburuetako bat. Zugazak horregatik nabarmendu du Guggenheim museoaren «eskuzabaltasuna», eta erreferentzia zuzena egin dio bertan jasotzen duten bisitari kopuruari ere. «Dimentsioa handituta zabalduko ditugu ateak, eta oso garrantzitsua da guretzat hasiera-hasieratik gerturatu ahal izatea 400 metro eskasera ditugun miloi bat bisitari horiengana».
Bilduma eta programazioa
Europako hainbat hiritan ohikoak izaten dira halako tiket bateratuak, baina orain artean sekula ez da halakorik egin Euskal Herrian. Ez behintzat Bilboko bi museo nagusien neurriko erakundeen artean, ez eta orain irudikatu duten elkarlan mailarekin ere. Areago, Arzalluzen hitzetan, lehen pauso bat baino ez da tiket bateratuarena. «Etorkizunean elkarrekin asmatuko ditugun lankidetzen arteko lehena izango dela espero dugu». Eta, gero, Zugazak zehatzago zirriborratu ditu lankidetza horren nondik norakoak. «Oraindik ere bildumei eta programazioari buruzko gauza asko ditugu elkarrekin lantzeko».
«Etorkizunean elkarrekin asmatuko ditugun lankidetzen arteko lehena izango dela espero dugu»
MIREN ARZALLUZBilboko Guggenheim museoko zuzendaria
Eta, hain zuen ere, elkarlanerako anbizio hori da sarrera bateratuaren berritasuna, Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariaren hitzetan. Izan ere, orain artean ere egon da bi museoetarako sarrera bikoitza deskontuarekin eskuratzeko aukerarik; Artean izeneko bonuak ere aukera hori eman izan du, eta, hari esker, bisitariak 18 euroren truke eskuratu ahal izan du bi erakundeetara sartzeko tiketa. Baina egitasmo hori «lazo ahul bat» baino ez dela izan nabarmendu du Zugazak. «Orain anbizioa gehitu diogu horri».
Oraingoz, bi museoetarako balioko du sarrera bateratuak, baina, zuzendariek esan dutenez, etorkizunean erakunde gehiagok ere izan dezakete bat egiteko aukera.
Urriaren 14tik aurrera izango da tiket bateratua erabiltzeko aukera, baina gaurtik erosi ahal izango dira online. Bilboko Guggenheim museoaren araberakoa izango da haien prezioa, eta, beraz, sarrera orokorra, berezia edo murriztua izan, aldatu egingo da bi zentroak bisitatu ahal izateko ordaindu beharreko kopurua ere. Urriaren 14an, esaterako, prezio murriztua izango dute, eta, horren ondorioz, banakako bi tiketak 24 euroan beharrean 16 euroan eskuratu ahalko ditu bisitariak.
Bilboko Arte Ederren museoak ez du atseden egunik egingo
Orain artean, atseden eguna izan dute asteartea Bilboko Arte Ederren Museoan, baina, irekiera orduak eta lantaldea berrantolatuta, handitze lanak amaitutakoan astean zazpi egunez zabalduko dituzte ateak, eta, hain zuzen ere, asteartean emango dute bilduma propioa doan bisitatu ahal izateko aukera. Astelehenetik larunbatera bitartean, 10:00etatik 19:00etara egongo da museoa zabalik, eta igandean, berriz, 15:00etan itxiko dituzte ateak.
Urriaren 6tik 13ra bitartean ateak irekitzeko astea egingo dute, baina, gero, 12 euroan jarriko dituzte sarrera orokorrak, eta 6 euroan murriztuak. Horrez gainera, orain artean bezala, doakoa izango dute sarrera bai museoaren lagunek, bai eta, besteak beste, adin txikikoek, langabeek, irakasleek eta desgaitasuna dutenek ere. Jakinarazi dutenez, museoko kafetegiak ere museoaren egun berean irekiko ditu ateak.