Bihar eginen da Lemoizko Armintza auzoko (Bizkaia) Txapel Reggae musika jaialdia. Arrantzaleen portuan, Jamaika, Brasil eta Kanadako askotariko artistak izango dira entzungai, baita Euskal Herrikorik ere; denak dohainik. Jaialdia, funtsean, Jamaikako eta Euskal Herriko musikaren uztarketa bat da, eta kartelburua Jah Mason jamaikarra izango da oraingoan.Â
Batukale Samba taldearen kalejirak emango dio hasiera egunari, eta, ondotik, hiru gunetan banatuko dituzte emanaldiak. Txiki Yard txokoa haur parkean egongo da, eta 12:00etan hasiko dira kontzertuak. Spannabis Dub Corner gunea, berriz, skate parkean kokatuko dute, eta 13:00etan ekingo zaie emanaldiei, zehazki. Berriz ere, Biobizz Live Stage izango da eszenatoki nagusia, eta 21:00etan hasiko dute gaualdia bertan. Jaialdiak, bestalde, aurkezlerik ere badu: Santa eta Betto Snay izanen dira, reggae kulturaren bi aurpegi ezagun.
Askotariko hizkuntzak
Azken hamarkadetako Jamaikako roots reggaeren ahots garrantzitsuenetako bat egongo da Biobizz Live Stage gunean: Jah Mason. Riddim Factory Band taldearekin arituko da bere zuzeneko indartsua erakusten, 00:45ean hasita. Junior Dread brasildarrak ere parte hartuko du jaialdian segidan, 2:05ean; Jamaikako erroak eta Brasilgo nortasun musikala uztartzen ditu haren musikak, hain zuzen, eta hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea du.
Haien aurretik, baina, Dactah Chandok bere Reset lana aurkeztuko du Armintzan —lanak roots reggaea du oinarri—, eta, bestalde, Rudymentary artista Menorcako (Herrialde Katalanak) hizkeran arituko da kantuan. Haren proposamenak ederki islatzen du Txapel Reggaeren filosofia: nortasun propioa eta tokiko kultura zaintzea du helburu, eta bestelako tradizio musikalekin ere uztartzen ditu haren doinuak.
Gainera, eszenatoki nagusian ariko da Steady Rockets taldea ere. Ska, rocksteady eta reggaea euskararekin eta euskal folklorearekin uztartzen dituzte. Emanaldi hori 22:15ean izango da.
Steady Rockets taldeak ska, rocksteady eta reggaea euskararekin eta euskal folklorearekin uztartzen ditu.
Egunez ere bada musikarik, ordea. Spannabis Dub Stage gunean hamabi orduko sound system ospakizuna egongo da. Dub kulturari eskainitako gunea da hori, eta nazioarteko zein bertako erreferentziazko sound system-ek joko dute. Euskal Herriko artistei dagokienez, reggaearen eta dubaren hizkuntza berrinterpretatzen duten Herrimin eta Beñaranks artistek ere parte hartuko dute. Haiekin batera izango dira 13:00etan KBLESS eta Lurrikara artistek osatutako bikotea, eta ,16:00etan, Ittal Rakka. Proposamen horiek guztiak Bomb Bass HiFi Bilboko kolektiboaren babesarekin ariko dira.Â
Blackboard Junglek 17:00etan joko du, Europako dub eszenako izen handienen arteko batek, hain zuzen. Irie Ites taldea ere bertan arituko da, 22:00etan. Sound system gisa ez ezik, ekoizle eta zigilu moduan ere nazioarteko artistarik garrantzitsuenekin lan egin dute.Â
Azkenik, Txiki Yard txokoa belaunaldi ezberdinen arteko topagunea izango da. Txapel Reggaeren espiritua familian bizitzeko helburuz, tailerrak, jarduera artistikoak eta jolaserako gune librea izango da. Musika ere egongo da bertan. Baltza Bita artistaren emanaldian, familiek elkarrekin dantzatzeko aukera izango dute.