Xalbadorren omenezko ikuskizun bat estreinatuko dute Getxo Folk jaialdian: 'Xalbador, Urepeleko artzaina'

Bertsolariaren bizitza eta jarduna jasoko ditu Joxan Goikoetxeak zuzenduko duen ikusgarriak, hura hil zenetik 50 urte bete diren honetan. Jaialdia irailaren 9tik 13ra egingo dute, eta azken egunean emango dute Xalbadorren inguruko lana.

Fernando Aire 'Xalbador' bertsolaria, Donostiako Anoeta frontoian 1967an jokatu zen Txapelketa Nagusiko finalean. PACO MARIN
Fernando Aire 'Xalbador' bertsolaria, Donostiako Anoeta frontoian 1967an jokatu zen Txapelketa Nagusiko finalean. PACO MARIN
Getxo
2026ko uztailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Non hago, zer larretan, Urepeleko artzaina?» dioen abestia ezaguna da, baina askok ez dakite nor den abesti horren egilea eta nor Urepeleko artzaina. Bada, Xabier Letek idatzi zuen, Fernando Aire Xalbador-en omenez. Haren jaioterri Urepelen (Nafarroa Beherea) Euskal Herriko bertsolari eta bertsozale ugarik omenaldi bat egin zioten egunean bertan hil zen Xalbador, eta, ordutik 50 urte igaro diren honetan, beste omenaldi bat egingo diote bertsolariari: haren bizitza eta jarduna batzen dituen ikuskizuna sortu dute propio Getxo Folk jaialdirako, eta irailaren 13an estreinatuko dute, Muxikebarrin (Getxo, Bizkaia). Irailaren 9tik 13ra arte egingo dute folk festibalaren 42. aldia.

Hain zuzen ere, Xalbador, Urepeleko artzaina du izena Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak (Gipuzkoa) zuzendutako emanaldiak. Haren aburuz, bai aipatu abestia, bai bertsolari baxenabartarra bera «herri kulturaren» parte dira, askotan jendeak adierazpen kulturalak ezagutzen baititu horien atzean nor dagoen jakin gabe —bere alde on eta txarrekin, egin du ñabardura zuzendariak—: «Hori da zerbait herrikoia, popularra edo tradizionala izateko baldintza: ahaztu egiten da egilearen izena, eta ekoizpen kulturala herriaren eskura pasatzen da».

«Xalbador, Urepeleko Artzaina» ikuskizunaren kartela. GETXOKO UDALA
Xalbador, Urepeleko Artzaina ikuskizunaren kartela. GETXOKO UDALA

Goikoetxearen ustetan, «garbizaleek eta puristek» bertsolaritzari ezartzen zioten «esentzia» deuseztatu zuen Xalbadorrek: izan ere, bertsolaritzaren eta poesiaren arteko banaketa defendatzen zuten, eta bertsoak musikatzeko «moda» gaitzetsi. Alabaina, Xalbadorrek zera demostratzen du: «Bertsolaritza musikatu daitekeela, eta musikatu daitekeela duen poesia maila altu horrekin». Eta beste horrenbeste egin du Goikoetxeak bere ikuskizunarekin, Xalbadorren bertsoak izaera poetiko eta musikaltasun handikotzat kalifikatu baititu.

«Hori da zerbait herrikoia, popularra edo tradizionala izateko baldintza: ahaztu egiten da egilearen izena, eta herriaren eskura pasatzen da ekoizpen kulturala»

JOXAN GOIKOETXEA'Xalbador, Urepeleko Artzaina' ikuskizunaren zuzendaria

Hori arrazoitzeko, Xalbadorren zenbait ekoizpen ekarri ditu gogora Goikoetxeak: batetik, bere bertsoak grabatu zituela. Hori aski ez, eta disko bat ere grabatu zuen, Euskal kantu xaharrak izenekoa. Azkenik, haren lan entzutetsuena ere aipatu du: Odolaren mintzoa. «Liburuak, bertsoak izateaz gain, partiturak ekartzen zituen. Xalbadorrek nahi zuen partitura horiekin jendeak jakitea zer doinutan abesten zuen. Eta ez da beste inorekin gertatzen». Ondorioz, ikuskizunera ere liburuan agertzen diren doinuak eta musika ekarri ditu Goikoetxeak.

«Hortxe hasi zen mitoa»

Odolaren mintzoa bere jaioterrian aurkeztu zuen Xalbadorrek, bertsolaria omentzeko ekitaldi batean, eta egun hartan bertan hil zen. «Hortxe hasi zen mitoa», esan du Goikoetxeak. Mitoaren beste aurpegia 1967ko bertsolaritza txapelketako finalari lotuta dago; Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatu zuten: «Garai hartan, Gipuzkoako jendeak gehienbat, nahikoa zuen hitz bat ez ulertzea haria galtzeko, eta, orduan, haserretu egiten zen». Ordukoa da Xalbadorren bertso ezaguneko bukaera: «Txistuak jo dituzute, bainan / maite zaituztet oraindik».

Ikuskizunean artista asko eta askotarikoek hartuko dute parte. Besteak beste, Xalbadorren hiru bilobak izango dira, Aire Ahizpak, «aitonaren bertso sorta batzuk» abesten. Pantxix Bidart abeslaria ere egongo da, Xalbadorrek bezala «izugarrizko erregistro aldaketak dituena». Baita Olaia Inziarte kantaria ere, azkenaldian «bolo-bolo» dabilena. Goikoetxearen iritziz. Koldo Ameztoi kontalariak, berriz, Xalbadorren «ebokazioa» gidatuko du, ipuin formatuan. 11 urteko Xalbador gazteari aitak bastoia eta artaldearen mandatua eman zionekotik hasi eta haren helduarora arte igaroko da kontakizuna. 

«Xalbador ezagutzen ez dutenentzat, izan daiteke Xalbadorren munduan sartzeko modu bat; eta ezagutzen dutenentzat, hainbat sorpresa prestatu nahi ditut egun horretarako»

JOXAN GOIKOETXEA'Xalbador, Urepeleko Artzaina' ikuskizunaren zuzendaria

Bertsolarien artean, Xabier Amuriza eta Amets Arzallus izango dira. Goikoetxeak adierazi du erretiroa hartu bazuen ere emanaldi hau ezin zuela egin gabe utzi Amurizak. Anoetako final hartan epaimahaikide izan zen, 25 urte bueltako apaiza zela. «Oraindik esaten du egun hartan segur aski Xalbadorrek irabazi behar zuela txapela, ez zuela sekula txapel bat irabazi, eta pena dela». Goikoetxeak gehitu duenez, Arzallusez beti esan izan da «Xalbadorren ondorengoa» dela kantaeran, izaeran eta pentsaeran, besteak beste.

Musikarien artean izango dira Mario Mas Bartzelonako gitarrista, Julio Andrade kontrabaxu jole venezuelarra, Oriol Flores perkusio eta bateria jole katalana, Iker Lopez de Bergara bizkaitarra aire instrumentuekin, eta Kimu Txalaparta taldea, «proiektu esperimentalak» egiten dituena. Gainera, Eneko Galdosen koreografia ere izango da presente ikuskizunean.

«Xalbador ezagutzen ez dutenentzat, izan daiteke Xalbadorren munduan sartzeko modu bat; eta ezagutzen dutenentzat, hainbat sorpresa prestatu nahi ditut egun horretarako», aurreratu du Goikoetxeak. Izan ere, Xalbadorren grabazio ezezagun batzuk aurkeztuko ditu, 1967ko final haren ostean Hernanin egindako lehen emanaldikoak. Zuzendariaren esanetan, Anoetako txistuek eragindako «mina» erakutsi zuen berriro ere ordukoan, «izugarrizko» bertsoen bidez. 

Mundu gorabeheratsu batean, irla

Bost egun eta hogei emankizun baino gehiago, adin eta publiko askotarikoentzat: hori eskainiko du aurtengo Getxo Folk jaialdiak. «Ikuspegi ireki, garaikide eta askotarikoa» eman nahi izan diote edizioari, atzerriko eta Euskal Herriko artistak ekarrita. Xabier Paya Getxo Kultur Etxeko zuzendari kudeatzaileak irla kontzeptua erabili du jaialdia definitzeko, Iñaki Landa ilustratzaileak edizio honetako kartelean egin duen bezala: «Folk musika eta Getxo Folk nazioarteko jaialdia irla bat dira gaur egungo mundu gorabeheratsu eta zaratatsuan».

Joxan Goikoetxea, Gorka Mostajo eta Xabier Paya, Getxo Folk Jaialdiaren 42.edizioko kartelarekin. GETXOKO KULTUR-ETXEA
Joxan Goikoetxea, Gorka Mostajo eta Xabier Paya, gaur, 42. Getxo Folk jaialdiaren kartelarekin. GETXOKO KULTUR-ETXEA

Muxikebarrin izango dira ordainpeko kontzertuak: irailaren 9an, Flook talde irlandarrak irekiko du jaialdia; irailaren 10ean, Bretainiako Gwendal talde historikoa arituko da, musika zelta eta folk-rocka uztartzen dituena; irailaren 11n, Xabi Abuzurraga, Xabier Diaz eta Adufeiras de Salitre talde galiziarra izango dira elkarlanean; larunbatean, Dulce Pontes portugaldarra egongo da; eta, jaialdia amaitzeko, aipatu Xalbador, Urepeleko Artzaina diziplina anitzeko ikuskizuna eskainiko dute.

Beste oholtza batzuetan ere izango dira ekitaldiak. Ereagako hondartzan, adibidez, doako kontzertuak izango dira: irailaren 11n Celtas Cortos talde espainiarra egongo da, eta 12an, berriz, ETS —taldearen birako azken saioa izango da—. Gainera, Malvarichek haur eta familientzako saio bat eta helduentzako beste bat egingo du, ostiralean, Areetako Geltoki plazan, eta egun horretan izango da Klezmerama ere. 12an, larunbatarekin, Anna Ferrer, Elizabeth Davidson-Blythe eta Daniel Quayle ariko dira, eta igandean, azkenik, Kukai dantza taldea eta La Jose.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA