Sortzaileek dagoeneko aurkeztu ditzakete aurtengo Durangoko Azokako egitarauan parte hartzeko proposamenak. Atzo zabaldu zuten izena emateko epea, eta urriaren 5era arte egongo da zabalik, azokaren webgunean. Abenduaren 4tik 8ra egingo dute azokaren 61. aldia, eta, urtero bezala, euskal sortzaileen ekarpenekin osatuko dute egitaraua.
Askotariko diziplinetako artistek eta sortzaileek Durangoko Azokako zortzi guneetan aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak. Ahotsenean, esaterako, aurten euskaraz kaleratutako liburu eta diskoak aurkeztuko dituzte. Atartean gunean, ilustratzaileen lanekin erakusketa bat osatuko dute, urteko nobedadeetan argitaratutako irudiak eta bestelako lanak erakusteko.
Berbagailuan, berriz, euskarazko bideo-podcastek izango dute lekua. Deialdia sortzaileentzat ez ezik, bideo-podcasten alorrean ari diren hedabide eta plataformentzat ere bada. Irudienean, ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikziozko lanak eta egitasmoen aurkezpenak, besteak beste.
Teknologia berriak izango dira Kabia gunearen ardatza, eta hitzaldiak, jokoak, tailerrak eta bestelako proposamenak aurkeztu ahal izango dira bertan. Saguganbaran, haurrei zuzendutako literatura eta musika landuko dituzte, ikuskizun, kontaketa eta aurkezpenen bidez. Szenatokian, bestalde, dantza, antzerkia eta bakarrizketak izango dira protagonista, pieza laburretan. Eta Talaian, azkenik, literaturatik haragoko lan eta proposamenak jasoko dituzte, euskarazkoak nahiz Euskal Herriari zuzenean eragiten dioten gaien ingurukoak.
Azokaren aurreko hitzorduak
Azokak iraungo duen bost egunetatik kanpo ere izango da sortzaileentzako plazarik. DA! Pro topaketak, esaterako, musikariei eta haurrei zuzendutako ikuskizunak taularatzen dituzten sortzaileei aukera emango die beren lanak programatzaileen aurrean aurkezteko. Haurrentzako ikuskizunei eskainitako jardunaldia azaroaren 24an izango da, eta musikariena, azaroaren 26an. Izena emateko epea urriaren 13ra arte egongo da zabalik.
Zu Non, Han DA! egitasmoaren bidez, berriz, liburu aurkezpenak egingo dituzte liburu dendetan. Sortzaileek zein liburu dendariek parte hartu ahal izango dute: eskaerak urriaren 5era arte aurkeztu ahalko dira. Saltokietako arduradunek webguneko ataletik egin beharko dute eskaria, eta sortzaileek, berriz, Intranet atalaren bidez.
Ikasle Goiza ere azokaren programazioaren parte izango da. Abenduaren 4an, ikastetxeetako ikasle eta irakasleek azoka eta horretarako prestatutako jarduerak ezagutzeko aukera izango dute. Tailerretan parte hartzeko eskaerak egiteko epea urriaren 9ra arte egongo da zabalik.
Bestalde, azokan erakusmahaia jartzeko epea ere zabalik dago. Interesa dutenek irailaren 30era arte izango dute izena emateko aukera.