Rekalde Berri beilatokia

Agurtzeko modu berriak Rekalde Berri beilatokian

Albia taldeko Rekalde Berri beilatokiak zerbitzu berritzailea ematen du Donostian duen egoitzan, agurtzeko era berrietara egokituta eta jendeak eskatzen duena aintzat hartuta.

Rekalde Berri beilatokia
Azken agurra goxotasunez egiteko instalazio bikainak ditu Donostiako Rekalde Berri beilatokiak. JAVIER MARTIN
2025eko azaroaren 1a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaiak aldatzen ari dira, eta horrekin batera beilatokiak ere egungora egokitzen ari dira pixkanaka. Agurtzeko era berriak sortu dira, eta horietara egokitu den lehenengotako bat izan da Albia taldea: Donostiako Rekalde Berri beilatokia. Beatriz Alda kudeatzaileak azaldu ditu egoitza berritzailearen nondik norako guztiak.

Nondik dator horrelako zerbitzu berritzaile bat ematearen ideia?

Gizartean ohitura aldaketa bat egon dela esango nuke. Begirada bertan jarrita, aitzindari izan nahi dugu, eta datorrenera aurreratu. Jendearen eskaerak entzun behar ditugu, eta erreparatu gizartea nola ari den aldatzen. Lehen, heriotza tabutzat hartzen zen, eta hiletak oso serioak zirelako ikuspuntua zegoen gizartean. Orain, aldiz, bizitza ospatzen da.

Ehorztetxeetan lan egiten zutenen ehuneko handi bat gizonezkoak ziren. Hori ere aldatu da, ezta?

Halaxe da. 23 urte daramatzat lan honetan, eta lehendabizikoetako bat izan nintzen emakumeak ehorztetxeetan sartzen. Gaur egun, nire lantaldea daukat Donostian, eta %90 emakumeak dira. Hori bada aldaketa oso garrantzitsu bat; izan ere, orain dela hamar edo hamabost urte gizonezkoak gailentzen ziren esparru honetan.

Zer lortu nahi duzue modelo berri honekin?

Pertsonek pasatzen duten dolu hori erraztea da gure helburua. Azken agur hori goxotasunez egitea, eta agurtzerakoan, jendea sentsazio onekin geratzea: «Behar bezala agurtu dut nire laguna, senidea, aita edo ama». Agur hori, gure oroimena eta dolua errazago pasatzea.

Gaur egungo beharretara egokituz, zer zerbitzu berritzaile eskaintzen dituzue?

Baditugu hainbat formatu berri, eta horietako bat da murgiltze gela 3D formatuan eskaintzen dugula. Agian jendeak galdetuko du zer den hori, bada, gorpua errausteko momentu hori beti izan da oso hotza. Irudirik gabeko lekua izaten da, eta elementu gutxikoa. Hilkutxa labean sartzen den momentu hori oso gogorra da; beraz, gozotasun bat eman nahi izan diogu azken momentu horri.

Nola lortzen duzue gozotasun hori?

Adibidez, hildakoa mendizalea bazen, mendiko irudiak proiektatzen ditugu, mendi inguruan joateko. Itsasoa gustatzen bazitzaion, itsasoko irudiak, eta horrela beste hainbat gaiekin. Horretarako, errausketa gela guztian zehar proiektore batzuk jarri ditugu, eta familiak eskatutako irudiak proiektatzen ditugu hormetan. 3D moduko proiekzio bat bezala ikusten da. Irudiez gain, bideoak eta soinuak ere txertatzen ditugu.

Zein agur mota eskaintzen dituzue?

Jendeak eskatzen duenera egokitzen gara. Agur ezberdinak izaten dira, eta familiek eskatzen digutenera egokitzen saiatzen gara beti. Batzuk txalaparta jotzea eskatzen dute, beste batzuek koru bat etortzea eskatzen dute. Hildakoa futbolzalea bazen, agurra bere gustuko taldearen ingurukoa egiteko ere eskatu izan digute.

Jasangarritasuna ere kontuan izan duzue.

Hori da. Hainbat esparrutan islatzen da hori. Esaterako, hileta autoak elektrikoak eta hibridoak dira. Gure aparkalekuan ere familientzako bi kargagailu elektriko jarri ditugu. Horrez gain, gure errausketa labea gasarekin doa, eta ez kutsatzeko filtro berezi batzuk ditu. Errauts kutxak ere biodegradagarriak dira, eta hilkutxak ekologikoak.

Etorkizunean horrelako beilatokiak nagusituko al dira?

Nik uste dut azken agurrak familiei egokituta egingo direla etorkizunean ere. Aldaketa horretan, teknologiak protagonismo handia hartuko du, aukera anitz ematen baititu. Guk, esaterako, agurtzeko gelan sistema berezi bat jarri dugu: orain, streaming bidez bideodeiak egin ahal izango dira. Horrela, familiartekoren bat oso urrun bizi bada, edo senideren batek azken agurra ematera etorri ezin badu, aukera hori eskaintzen diegu.

Harrera ona izan al du sistema berri honek?

Jendeak oso erantzun ona izan du orain arte. Familietara egokitutako zerbitzu bat ematen dugu, oso pertsonala. Beraz, bai, oso harrera ona izaten ari da, eta eskertzen dute zerbitzua. Orain dela hamar urte pentsatzen genuen ez genuela inoiz horrelako zerbait egingo, baina begira non gauden; egitea espero ez genuen hori egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.