Korrikak euskararen aldeko aldarria hedatzen du lau haizeetara Euskal Herri osoan. Martxoaren 19tik 29ra, etenik gabe ibiliko da lekukoa mezu hori zabaltzen, milaka pertsonaren eskuetatik igarota. Hori guztia antolatzerik ez dago, baina, laguntzailerik gabe. Hamaika modu daude laguntzeko, eta azpimarratzekoa da propio Korrika Laguntzaile gisakoa ere. 15 euroren truke eskura liteke pin-a eta Korrika Laguntzaile txartela. Abantaila ugari eskaintzen ditu, eta AEKrentzako sostengu inportantea da. Izan ere, Korrika premia baten ondorioz sortu zen.
1980an Oñatin, Gipuzkoan, abiatu zen Bilboraino iraun zuen esperimentu sozial hark. Sekulako indar biderkatzailea izan du, lau hamarkada pasak erakutsi dutenez. Euskara sustatu eta helduen euskalduntzearen garrantzia azpimarratzeaz gain, gau eskolen finantzaketa bermatzea zuten helburu. Eta dute.
Urteen joanean AEK-k askotariko administrazioekin hamaika hitzarmen izenpetu baditu ere, oraindik finantzaketaren beharra du euskara ikasi nahi dutenei ahalik eta modu erosoenean eta merkeenean eskolak eman ahal izateko eta euskaltegietako langileek duin lan egin ahal izateko Euskal Herri osoan.
Hasierako edizioetan, lekukoa hartzeak eskuragarri jarriz eta Korrikako materiala salduaz eskuratzen zuten finantzaketa. Pixkanaka, baina, mugimendu horiek denak antolatuz eta saretuz joan dira, eta gizartea ere eraldatu da azken lau hamarkada pasatan.
Bestalde, Korrika laguntzeko herri gogo bat bazela sumatu zuten antolatzaileek, eta hamahirugarren ediziotik aurrera Korrika Laguntzaile figura sortu zuten. Askok, atzerrian zeudelako, edo beste hainbat baldintza zirela medio, ezin izaten zuten Korrikak irauten zuen egunetan euskararen aldeko lasterkaldian parte hartu. Horregatik sortu zuten figura hori.Â
Lehena, 2003an izan zen, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten urtean, euskalgintza ezinean eta ekinean ari zen urte hartan. Herri bat geroa lantzen leloa eraman zuen Korrika hark, etsipenetik urrun. 10 euroren truke eskuratu ahal izan zuten laguntzaileek txartel hura, eta sekulako arrakasta izan zuen: 14.000 Korrika Laguntzaile lortu zituzten. Alez ale, sorta handi bat.
Geroztik, Korrika Laguntzaileak bihurtu dira Korrikaren zutabe nagusietako bat. Laguntzaileak 15 euroko ekarpena egiten dio Korrikari bi urterik behin. Trukean, edizioko pina eta txartel birtuala jasotzen dituzte. Laguntzaile izateagatik hainbat abantaila eskura litezke. Txartel birtuala Korrikaren telefonorako doako aplikazioan eskura liteke.

Zozketak eta abantailak
Ostiralero hogei saritik gora zozketatzen dira laguntzaileen artean. Besteak beste, astebururako egonaldiak, otorduak Euskal Herriko bazter guztietako jatetxeetan, denetariko euskal produktuez beteriko saskiak, erosketa baleak, hainbat ekitalditarako sarrerak, museo askotarako sarrerak, aisialdiko jardueretarako gonbitak, abentura parkeak, kirol jardunak eta askoz gehiago eskura litezke Korrika Laguntzaile eginda. Aldiro eguneratzen dira zozketa horiek.
Aplikazioan, Korrika zuzenean
Baina ez hori bakarrik. App-ak beste abantaila batzuk eskainiko ditu aurten. Esate baterako, Korrikari zuzenean jarraitzeko aukera izango da aplikazioa eskura izanez gero.
Aurreko edizioetan ere bideo kronikak zabaltzen zituzten sareetatik, baina aurten aplikazioan bertan ikusi ahal izango da eguneroko bideo kronika.
Korrikak eragiten duen zirrara eguneroko bideo kronika batean jasotzeaz gain, gaueko irudien xarma ere jasoko dute app-aeskura dutenek. Korrika klik klak izena hartuko dute. Ordenagailuaren klik-a eta klaketa baten klak-a irudikatzeko jarri diote izen hori.
Geolokalizazioaren bidez Korrikaren burua une oro non dagoen ere ikus liteke. Lekukoa daramaten guztiak eta zuzenean nola doan jarraitu liteke app-ari esker.
Korrika laguntzailearen abantailak
AEK euskaltegietan %5eko beherapena 2026ko urtarriletik aurrera egindako matrikuletan.
AEK-ko barnetegietako aurrematrikuletan %10eko deskontua (aurrematrikula kanpainak irauten duen bitartean)
Aizu! aldizkarian 2026an egiten diren harpidetzetan %30eko deskontua.
Korrikaren online dendan %5eko deskontua.
Deskontuak Korrika kulturaleko ekitaldietan.
Kenkari fiskalak lor litezke. Esteka webgunean dago.
Deskontuak BERRIAren harpidetzan. Asteburuko BERRIA egunkarirako harpidetza, sei hilerako 55 euroan.
Bilboats: %30eko deskontua sarreretan. Deskontu kodea: Korrika2024. Tiketak webgunean edota Pio Baroka plazako dendan eros daitezke.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoetan salneurri murriztua: La Encartada fabrika museoa (Balmaseda), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones gaztelua (Muskiz), Bizkaiko Arkeologia Museoa (Bilbo), Txakolin museoa-Txakolingunea (Bakio), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria museoa (Gernika-Lumo), Santimamiñeko koba (Kortezubi) eta Omako basoa (Kortezubi).
Igartubeiti baserri museoa: %50eko deskontua bisita gidatua egiteko.
Museum Cemento Rezola: %50eko deskontua bisita gidatua egiteko.
Zumalakarregi museoa: %50eko deskontua bisita gidatua egiteko.
Â