Aste Santuko oporraldia ate joka dela, Tolosaldea aukera erakargarria da gastronomia, natura eta kultura uztartu nahi dutenentzat. Aralarko Parke Naturala eta Hernio artean kokatua dago, eta eskualdeak eskaintza zabala du: sagardotegiak sasoi-sasoian, Hernio-Gazumeko ingurunea azaltzen duen Fagusen interpretazio gune ireki berria, eta urte osoan antolatzen diren bisita gidatuak eta kultur jarduerak aurkituko dituzu.
Tolosa
Tolosaldeko Turismo Bulegoak, Tolosa erdigunean, bisita gidatu ugari eskaintzen ditu: alde zahar historikora bisitak, larunbateko azoka ezagutzeko bisitak, eta baita Andre Mari elizako gangak bisitatzeko aukera ere. Aste Santuko egunetan eskaintza zabalagoa izango da.
•Alde Zaharra eta Andre Mari eliza. Apirilaren 2an, 3an, 4an eta 5ean. Alde Zaharrera bisita 10:00etan, 11:00etan (larunbatean azoka) eta 17:00etan (igandean ez). Andre Mari elizako gangetara bisita: 12:30ean eta 15:30etan.
•Topic, Tolosako Txotxongiloen Etxea. Museoa bisitatzean konturatuko zara txotxongiloen mundua zein zabala eta aberatsa den. Iparragirre kartzelan egon zen lekuan kokatzen den museo horrek ondare ezezagun asko gordetzen du modu oso eder eta harrigarrian. Egunotan, Noemi Belenger-en erakusketa ikusgai dago. Formatu handiko txotxongilo eta eszenografiak egiten dira; Kanadatik datorren erakusketa ederra da.
•Tolosako Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen museoa. Gozogile honen proiektu pertsonala da museo txiki baina interesgarri hau. Euskal Herria eta txokolatearen inguruko historiari buruz ikasteaz gain, txokolatea dastatzeko aukera ere emango dizu. Bisita librea, gidatua edo tailerrak egiteko aukera ere eskaintzen dute.
•Erlezain egun batez, Bedaion. Bisita gastronomikoen artean udaberrian martxan jartzen den plan arrakastatsuenetako bat da. Balerdipeko Erleak egitasmoko erlezain gazteen eskutik, Aralarreko ateetako batean, erlezain arropa jantzi eta erlauntzak bisitatuko dituzu, eta bukaeran dastaketa gozo bat egin.
Hernio magala: Alkiza eta Larraul
•Fagus Alkiza. Hernio-Gazumeko bihotzera hurbiltzeko leiho berritua. Aurtengo nobedaderik nabarmenena Fagus Alkiza berritua da, Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa. Espazio hau erakusketa, gogoeta eta topagune gisa sortua da, eta Hernio-Gazume ZEC eremu babestuaren ondarea eta historia azaltzen ditu. 2.158 hektareako eremu karstiko honetan, hainbat fauna mehatxatu bizi da, hala nola saguzarrak, hildako egurreko intsektuak eta hegazti harrapariak (sai arrea, sai zuria). Berrikuntzen artean audio gida berri bat eta maketa berriak txertatu dira, orain plazan kokatzen den apaizetxeko ganbaran. Bisita librea egunero egin daiteke Fagus-alkiza.eus webgunearen bidez aurrez erreserbatuta.

•Ur mara Museoa zabalik. Alkizan bertan, herrigunetik Asteasura jaisteko bidean, Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren proiektu pertsonaletik abiatutako aire libreko arte museo honek urtero udaberrian irekitzen ditu ateak, apirilaren 1ean. Liluratu egingo zaitu. Zuhaitz eta landareak loratzen hasten direnean eta hari musikala txorien kantuz osatzen denean irekitzen da. Koldobika Jauregiren eskulturak goroldio, ur putzu eta naturak utzitako arrasto ederrekin ikusiko dituzu bertan. Museo tradizionaletako zurruntasunik gabe, baina artearekiko errespetu guztiz. Bisita librea edo bisita gidatua egin daiteke, baina modu batera edo bestera ezinbestekoa da aurrez erreserbatzea.
•Larraulgo ekomuseoa. Herriaren ondarea jasotzen duen museo txiki bat da Larraulgoa, Larraulekomuseoa.eus webgunetik sarrera erosi eta zure martxan bisitatu ahal izango duzuna. Bertan landa inguruaren garapena ulertu ahal izango duzu, pieza etnografikoei eta lagungarri diren hainbat informazio panelei esker.
Sagardotegien denboraldia, Aste Santuko klasikoa
Urtarriletik maiatzera bitarte izaten da sagardotegien denboraldia, eta, horregatik, Aste Santua sasoi paregabea da Tolosaldeko sagardoa bertatik bertara ezagutzeko. Txotxaren inguruko giro berezia bizitzeko aukera ematen dute Tolosaldeko sagardotegiek; guztiek eskaintzen dute menu tradizionala eta sagardo berria upeletik dastatzeko erritua.
Gainera, Aburuza sagardotegiak bisita gidatuak ere eskaintzen ditu upategian, eta sagastietako ibilbidea, upategiko lanak eta Euskal Sagardoa jatorri izena duten sagardoen ezaugarriak azaltzen dituzte.
Litekeena da, gainera, sagastiak loratzen hasita egotea, beraz, gure proposamena Adunako sagastiak zeharkatzen dituen ibilbidea egitea da. Zabala sagardotegiaren ondotik hasi eta Aburuza sagardotegiko sagastietaraino. Ibilbide erraza da.

Oporraldi motz batek eman dezakeen guztia eskura duzu hemen: gastronomia zaindua, lasaitasun naturala eta herri baten kultura.
Erreserbak www.tolosaldea.eus webgunearen bidez egin daitezke. Eguneratutako agenda osoa ere webgune horretan bertan aurki daiteke.