Basatxerri kooperatibako baserritarren kudeatzailea

Asier Rubio: «Basatxerri Euskal Herriko lehen sektorea indartzeko proiektu bat da»

Basatxerri kooperatibak 25 urte daramatza euskal baserriko txerria hazten, abeltzaintza eredu jasangarriaren bidez, eta txerri produktu bikainak ekoizten.

Basatxerri
Basatxerrik kalitate goreneko txerriak hazten ditu, aske, elikagai naturalekin. BASATXERRI
2026ko ekainaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Basatxerri kooperatiban kalitate handiko txerri produktuak ekoizten dituzte: freskoak, onduak eta landuak. Eusko Label sor-markako Baserriko Txerriaren ziurtagiriarekin merkaturatzen dituzte.

Basatxerrik aurten 25 urte beteko ditu. Proiektua erabat sendotuta dago. Dena den, baserritar berriek zuen kooperatiban parte hartzea gustatuko litzaizueke?

Beharra daukagu. Orain arte, ekoizten eta saltzen denaren arteko oreka mantendu izan dugu. Horrela jarraitu nahi dugu, baina azken urteetan, hainbat ustiategi edo baserrik baja eman dute. Izan ere, bazkide batzuek erretiroa hartu dute eta iaz bazkide pare bat hil egin ziren. Ondorioz, txerri kopurua asko jaitsi da, eta gauza batengatik edo beste batengatik produkzioan hankamotz gelditu gara.

Jeneroa soberan edukitzea arazo bat izaten da baina faltan edukitzea ere bai. Horren aurrean, Eurogap enpresarekin kanpaina bat jarri dugu martxan produktore berriak biltzeko.

Euskal Herri osokoak izan daitezke.

Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizleak aritzen dira Basatxerrin, baina aukera badago beste herrialdeetara zabaltzeko. Nafarroatik pare bat pertsonak deitu digute interesatuta daudela esanez, eta baita Iparraldetik ere. Gainera, hasieran Iparraldetik ekartzen genuen txerria. Azkenean, Basatxerri Euskal Herriko lehen sektorea indartzeko proiektu bat da, eta prest gaude Euskal Herri osoko baserritarrak kooperatibara biltzeko.

Eusko Labelarekin ekoizten dugu, baina beste harategi, urdaitegi eta horrelako dendekin, eta baita auzoetako denda txikiekin ere lan egiten dugu. Poliki-poliki, 25 urte hauetan era desberdinetako jendeak apustua egin du gure produktuen alde eta Basatxerri marka ezaguna egin da.

Kalitate handiko produktuak ekoizten dituzue. Oso produktu freskoak, elaborazio naturalaren bidez.

25 urte hauetan ikasten joan gara, prozesuak, elaboratzeko sistemak eta teknikak hobetzen, eta jendea eta merkatua poliki-poliki ezagutzen. Horrela, gaur egun, kalitate maila handiko produktuak ekoizteko gure exijentzia maila handia da. Adibidez, produktu bat aipatzeko, urdaiazpiko egosia beti izan da gure produktu izarra, eta orain mailarik gorenean dago.

Basatxerri baserritarren garapenarekin konprometitutako kooperatiba bat da. Abeltzaintza eredu jasangarriaren bidez aritzen zarete, animalien ongizatea bermatzen duena. Beren elikadura ongi zaintzen duzue eta aske hazten dira. Kalitate goreneko txerriak dira.

Bai, hori dena zaintzen dugu. Esaterako, txerrama etxalde batean titia kentzea 22 egunera, 28 egunera izaten bada, gurean 30 egunera iristen gara eta gure txerritegira txerrikumeak 24/25 kg bitartean iristen dira eta 130/140 kg bitartean hiltegira bideratzen ditugu. Txerri horiek libre bizi dira, kanpoan eta barruan, basoan eta zelaian. Kanpoan, larre, zuztar eta belarra jaten dute, eta ematen diegun pentsua ere ongi zaintzen dugu. Lehengai nobleak eta kontrastatuak erabiltzen ditugu.

Besterik azpimarratu nahi duzu?

25 urte hauetan aurrerapenak egon dira tekniken aldetik, baina ia-ia hasierako urteetako eredu berarekin aritzen gara, ikusi dugulako orduan asmatu egin genuela eredu horrekin, eta gaur egun lan egiteko ere egokia dela. Basatxerritik kontsumitzaileari mezu bat ematekotan, esango nioke gure txerri produktua probatu ez duenari probatu dezala, bermea duen produktu bat delako. Halaber, txerri ustiategi bat jartzeko asmotan dabilen baserritar edo lur jabe bati esango nioke oso jarduera erraza dela, ez duela lan asko eskatzen, eta oso ongi uztartu daitekeela beste jarduera edo lanbide batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA