Goierri EDEN Bikaintasuneko Destinu Europarren sarean dago, 2015. urtetik; hain zuzen ere, EDEN (European Destinations of Excellence) Europako Batasunak turismoaren garapen jasangarriaren alde egindako apustua nabarmentzeko ziurtagiria da.
Gipuzkoako 18 udalerrik osatzen dute Goierri eskualdea, Beasain, Ordizia eta Lazkao izanik herri ezagunenak eta biztanlerik gehien dutenak. Donostia, Bilbo eta Gasteizekiko hurbiltasunak, ostatu eta jatetxeen aldetik dagoen eskaintza ezin aberatsagoak eta destinoaren egiazkotasunak, eskualde aproposa bilakatzen dute Goierri, 3tik 5 egunera bitarteko ihesaldiak egiteko.
Gastronomia, natura eta kultura dira Goierrik dauzkan hiru erakarmen iturri nagusiak, kirolzaleak, eguneroko bizimodutik aldendu eta leku lasai batean gozatu nahi duten bikoteak eta Donostia inguruko landaguneak ezagutu nahi dituzten turistak txunditzen dituen eskualdea osatzeraino.
Gastronomia: Idiazabal lurraldea
Idiazabal gaztak ospe handia ekarri dio azken urteotan Basque Highlands eskualdeari. Produktu hori latxa arrazako ardien esne gordinarekin egiten da, mendetako historia duen artisautzako fabrikazio metodo bera jarraituz betiere. Idiazabal gaztak badu bere jatorri izen edo sor-marka propioa, eta sari ugari jasotzen ditu urtero ospatzen den nazioarteko Cheese World Awards lehiaketa ospetsuan.
Eskualdeak aukera paregabea eskaintzen du Idiazabal gaztaren munduan murgiltzeko eta, horretarako, hainbat bisita prestatu dira artzainen mendiko txabolak, gaztandegiak edo Idiazabal gaztaren Interpretazioko eta Dastaketa Zentroa ezagutzeko, horietan guztietan gazta dastatuz eta bertako txakolinarekin, sagardoarekin, ardo zuriarekin, kaba, xanpain edo Jerez ardoekin dastatzeak eginez.
Behin Goierrira etorriz gero, Ordiziako merkatua ere huts egin ezin daitekeen bisita da, Euskal Herriko azokarik zaharrena eta garrantzitsuena, 1512. urtean hasi eta, asteazkenero, bakar bat ere galdu gabe, egiten dena. Inguruko baserrietako ekoizleak astero-astero jaisten dira merkatu horretara, bertako produktuak saltzera. Eta bertako sukaldariek bisita gidatuak antolatzen dituzte azokara, urte-sasoi bakoitzean garaiko produktuekin osatutako errezetak proposatuz, gero show cooking moduko sukalde saioetan kozinatzeko.

Goierri Gastronomika tokian tokiko ekoizleek sortutako ekinbidea da, bertako sukaldaritzaren alderdi desberdinak ezagutzera emateko: xede horrekin sagardotegi, jatetxe, gozo-denda edo gourmet dendetara bisitak antolatzen dira.
Basque Highlands eskualdeko eskaintza gastronomikoa osatzera datoz eskualdean urte osoan zehar egiten diren feria gastronomiko desberdinak eta baita Elikadura eta Gastronomiaren Interpretazioko Zentroa den D’elikatuz ere.
Natura: Basque Highlands
Goierri eskualdea Aizkorri-Aratz eta Aralar parke naturalen artean dago. Bi parkeek interpretazio zentro bana daukate, Zegaman eta Ataunen, eta bertan ematen dira ezagutzera parke naturaletarako sarbideak eta irizpideak, eta baita bertan egin daitezkeen jarduerak ere, besteak beste, mendi ibilaldiak, eskalada, mendiko bizikleta, bertako bidegorrietan barrena murgildu, edo paisaiaz gozatu besterik gabe, parke naturalak ibilgailuan zeharkatuz.
Garrantzi handiko kirol proba ugari egiten dira Goierriko parke naturaletan:
•Zegama-Aizkorri mendi maratoia: Golden Trail Series munduko lasterketa ospetsuenen zirkuituaren barne dagoen proba honetara 30 herrialde desberdinetako komunikabideak etortzen dira, eta bertan zozketatzen diren 225 dortsalak aukeratzeko 12.500 eskaeratik gora jasotzen dituzte antolatzaileek.
•Ehunmiliak Ultratraila: 170 kilometroko lasterketa honetan, bertako eta nazioarteko 500 lasterkari biltzen dira. Bi egunetan egin ohi dute.
•Goierriko bi Handiak: 90 kilometroko lasterketa hau egun bakarrean egiten da, eta bertan nazio mailako 500 parte hartzaile inguru aritzen dira.
•Marimurumendi maratoia: Bi ultra lasterketak egiten diren asteburu berean antolatu ohi den mendiko maratoia, eta bertan nazio mailako 500 parte hartzaile inguru aritzen dira.
Mendi ibilbideak gustuko dituen jendearentzat badira bi ibilbide bikain Basque Highlands eskualdean: Gaztaren Bidea, bata, eta Bide berdea, bestea. GR-283 edo Gaztaren Bidea, Aralar eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalak zeharkatzen ditu, normalean sei etapatan egin ohi den 100 kilometroko ibilbidea osatuz, eta Idiazabal gaztaren fabrikazio prozesuaren sekretu guztiak ezagutzeko modua eskaintzen du, gaztandegietan eta gazta egiteko prozesuarekin lotutako beste leku batzuetan geldialdiak eginez.
Bide berdeak, aldiz, Mutiloa eta Ormaiztegi herriak lotzen ditu, familia osoarentzat bereziki gomendagarria den 4,2 kilometroko ibilbidea osatuz. Bidean umeentzako orientazio-jokoa bat dago eta Zeraingo Aizpeako meatzaritza gunea ezagutzeko aukera ere badago.

Espainiako estatuko lehenengo Trail estazioa Goierrin dago eta ondoko Tolosaldea eskualderaino iristen da: maila guztietako ibilbideak daude mendi-korrikalarientzat seinalizatuta eta prestatuta. Segura, Lizarrusti (Ataun) eta Zegamako herrietan, zailtasun ezberdineko zazpi orientazio ibilbide finko daude; familiartean edo lagunartean egiteko jolas edo jarduera ezin hobea da orientazioa.
