BETERRI-BURUNTZA MANKOMUNITATEA

Beterri-Buruntza ezagutu eta liluratu

Bidaiariak liluratu egiten dira Beterri-Buruntza lurraldeko aberastasuna ezagutzen dutenean: natura, kultura, ondarea, gastronomia, kirolak...

Leitzaran bailara
Bizikletaz, txango ederrak egin daitezke Leitzaran haranean. BETERRI-BURUNTZA MANKOMUNITATEA
2026ko martxoaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste Santuan, sagastiak loretan daudela aprobetxatuta, esperientzia desberdin bat bizi daiteke Gipuzkoako Beterri-Buruntza Mankomunitateko herrietan. Natura, sagardoa, tradizioa eta euskal gastronomia uztartzen dituen esperientzia paregabea.

Izan ere, Aste Santuan, Astigarragako Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museoak (Sagardoarenlurraldea.eus/eu/sagardoetxea/museoa) eskaintza gastronomiko berezia eskaintzen die bisitariei. Ohiko bisita gidatuaz gain, sagardoa eta Euskal Herriko gazten dastaketaz gozatzeko aukera izaten da: Idiazabal, Roncal eta Iraty jatorri izenetako gazta bikainak.

Halaber, sagardotegi ugaritan, bisita gidatua eta bazkaria egin daiteke. Esperientzia aberasgarri baten bila ari direnentzat aukera paregabea da sagardoaren kultura eta bertako ekoizle familia bat sakon ezagutzeko. Sagardoa nola egiten den ikasteaz gain, sagardo mota ezberdinak dastatuko dituzu, botilatik nahiz upeletik zuzenean, sagardo bakoitzaren ezaugarriak eta ñabardurak ezagutuz. Esperientzia sagardotegiko menu tradizionalarekin amaitzen da: bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrekin, txuleta parrillan eta gazta, sagar dultzea intxaurrekin, guztia Euskal Sagardoa sor-markako sagardo naturalarekin uztarturik.

Esperientzia hau honako sagardotegi hauetan egin daiteke Beterri-Buruntzan: Altzueta (Hernani), Astarbe (Astigarraga), Bereziartua (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Iparragirre (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Mizpiradi (Andoain), Petritegi (Astigarraga) eta Saizar (Usurbil). Aipatu sagardotegietako batean bisita gidatua eta bazkaria egiteko, erreserba www.sagardoa.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Natura eta kirola

Naturaz, lasaitasunaz eta gastronomiaz gozatzeko, Urnieta herri aproposa da. Adarramendi eta Oindi bezalako bi mendi eder eta Muniskuegainako multzo megalitikoa ezagut daitezke Urnietatik abiatuta. Horrela, Adarramendi inguruko ibilbidea eta Besadegi-Oindi-Muniskue ibilbidea familiarekin egiteko egokiak dira. Gainera, herrian bertan ostatu hartu ahal izango duzu, landetxe, ostatu eta hotelen eskaintza zabalari esker. Gastronomiaz gozatu nahi baduzu, jatetxe eta taberna ugariren artean aukeratu ahal izango duzu. Eta kalitatezko sagardoa dastatu nahi izanez gero, hiru sagardotegi aurkituko dituzu: Oianume, Eula eta Altuna.

Naturari lotutako plan gehiago egin daitezke Beterri-Buruntzan. Esaterako, Laiaren ibilbidea (Turismoa.hernani.eus/eu/laiaren-ibilbidea), Hernaniko Biteri kultur etxetik hasita. Santa Barbara mendian egiteko familia osoarentzako plan bikaina da, ibilbide didaktiko bat baita, 6 eta 10 urte bitarteko neska-mutilak dituzten familientzat prestatuta dago; bertan, 11 baliza aurkituko dituzue, horietako bakoitza jolas edo ariketa batekin. Gertakari historikoak, bitxikeriak eta askoz gauza gehiago jakin daitezke joko horien bidez.

Leitzaren haranean ere (www.leitzaran-andoain.eus) txango eder bat egin daiteke, Andoainetik abiatuta. Leitzaran harana biotopo babestua da, Euskal Herriko bazterrik eder eta ikusgarrienetakoa, eta biodibertsitate handikoa. Inguru zoragarri honek, gainera, aztarna historiko interesgarriak biltzen ditu. Haran horretan burdina eraldatzeko jarduerak XIV. mendean hasi ziren, burdinolak eta errotak agertu zirenean. Harana trenbideak aldatu zuen, ordea; 1904an eraiki zuten, Bizkotx meategian jarduteko. Egun ibilbide horri Plazaolako Trentxikiaren Naturbidea deritzo. Leitzarango Bisitarien Etxean, natura turismoari lotuta eskaintza zabala dago: Ferrata bidea, orientazioa, bisita gidatuak Leitzaran haranean... Bizikletak alokatzeko zerbitzua ere badago.

Halaber, aipagarria da euskal pilotako esperientziarik onena Hernaniko Galarreta Jai-Alai pilotalekuan (www.galarretajaialai.com) bizi daitekeela. Jai-Alai Tourrak erremontearen mundu zoragarrian murgiltzeko aukera eskaintzen dizu. Ikusle izateaz gain, profesionalek jokatzen duten kantxa berean praktikatzeko aukera ere izango duzu. Baita erremontean erabiltzen diren saskiak eta pilotak nola fabrikatzen diren ere, metodo tradizionalak errespetatuz eta kalitate handiko materialak erabiliz. Osatu zure esperientzia Galarreta pilotalekuan partida profesionaletara joanez eta apustuen mundu zirraragarriari buruz ikasiz. Bisita gidatuak larunbatetan izaten dira, 15:00etan. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daitezke. 

Kultura eta ondarea

Kulturari lotutako plan ederrak ere egin daitezke Beterri-Buruntzan. Esaterako, Usurbilera baldin bazatoz, bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak nonahi izango dituzu, zure begiradaren zain: Jose Luis Zumetaren mural ikusgarria, Remigio Mendibururen Udarregiri omenaldia eskultura, Irantzu Lekue, Judas Arrieta eta Axpiren muralak, Artelan horiek guztiak ezagutu ahalko dituzu bisita gidatu batean. Herritik bisita gidatua egin ondoren, Zumeta estudiora joan gaitezke. Bertan, Usoa Zumetak espazio paregabe horri buruzko azalpenak emango dizkigu. Aste Santua dela eta, bi orduko bisita gidatu berezi bat eskainiko da apirilaren 11n. Erreserba egitea beharrezkoa da ondorengo estekan: https://650usurbilbizi.eus/agenda/museo-irekia-0411/.

Zumeta estudioa
Zumeta estudioa, Usurbilen. BETERRI-BURUNTZA MANKOMUNITATEA

Beste esperientzia interesgarri bat da Hernaniko Txillida Leku museoa (www.museochillidaleku.com) bisitatzea. Bertan, 11 hektareako azalera duen lorategi batean, pagoen, haritzen eta magnolien artean arreta handiz integratutako Eduardo Txillidaren 40 eskultura baino gehiago daude. Bisita gidatuan, artelan bakoitza modu gogoetatuan nola kokatu den ikusiko duzu, artearen eta naturaren arteko etengabeko elkarrizketa sortzeko. Esperientziak Zabalaga baserrian jarraitzen du, museoaren bihotzean. Artistak berak zaharberritu zuen, bere nortasun tradizionala errespetatuz.

Halaber, Hernani Hiribildua sakelako telefono batekin ezagut daiteke (file:///Users/gehigarriak/Desktop/Hernani%20Hiribildua.svg). Hernaniko hirigune historikoa kultura-ondasun izendatuta dago, monumentu-multzoaren kategorian. Horrexegatik merezi du bertako kaleak ezagutzea eta horietan murgiltzea, bertako monumentuak, plazak eta Erdi Aroko gure hiribilduko txoko batzuek ezkutatzen dituzten bitxikeriak ezagutzen dituzun bitartean.

Mural bat Lasarte-Orian
Lasarte-Oriako mural bat. BETERRI-BURUNTZA MANKOMUNITATEA

Lasarte-Orian, herriko ingurune urbanoko ondare artistiko interesgarria dago; kale eta plazetan goza daitezkeen eskulturetatik hasi eta azken urteotan sortu diren muraletaraino, tartean dira estilo eta historia enblematikoenetako eraikin batzuk. Hori horrela, artisten arkitekturaren, eskulturen, pinturen edo grafitien bidez beraien lanak ezagutzeko aukera dugu hiru ibilbideen bidez. Informazio gehiago jakin daiteke www.lasarte-oria.eus/eu/aire-libreko-museoa webgunea kontsultatuz.

Lurralde osoko mapa izan nahi baduzu, eskaneatu kode hau: file:///Users/gehigarriak/Desktop/mapa.svg.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA