Bilboko Udala

Bilboko Udalak Bilboko AROA Plan Estrategikoa 2025-2035 onartu du

AROA Plan Estrategikoaren xedea da Bilbon euskara indarberritzea eta haren erabilera areagotzea.

Bilbon Euskaraz
Bilbon Euskaraz kanpainako afixa bat. BILBOKO UDALA
2025eko azaroaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udaleko 2023-2027 Agintaldi Planean jasota dagoen moduan, 10 jarduketa-ildo nagusietako bat da Bilbo euskalduna deritzona. Plan horri eutsiz eta ildo horri jarraituz, Udalak bere konpromisoa erakutsi nahi du gure hizkuntza indarberritzeko eta hirian euskararen erabilera areagotzeko, eta horretarako sortu du Bilboko AROA Plan Estrategikoa 2025-2035.

Euskarako Zuzendaritzaren misioa

Bilboko Udaleko Euskarako Zuzendaritzaren misioa da euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea hiriko esparru guztietan, bilbotarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia indartzeko. Horretarako, herritarrek euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak ugarituko ditu, Udalaren eta herritarren arteko komunikazio elebiduna bermatzea ahalbidetuko du, eta euskararen prestigioa eta balio soziala bultzatuko ditu gizartearen kohesio eta kultur aniztasunaren testuinguruan.

Horrez gain, euskararen normalizazio prozesuan antzematen diren gabezia eta hutsuneak identifikatu eta betetzeko neurriak hartuko ditu, eta datozen erronka soziodemografiko eta sozioekonomiko berriei euskararen normalizazioaren ikuspuntutik erantzuna emango die, Bilboko herritarren euskararekiko atxikimendua areagotuz eta hiriko egoera zehatza eta ezaugarri bereizgarriak aintzat hartuz.

Testuingurua

Udalak Bilboko ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Plana jarri zuen martxan 2014an, eta iaz, bere indarraldia bukatuta, planaren ebaluazioa eta Bilboko euskararen egoeraren diagnostikoa egin zen.

Bilbo eta euskara. Egungo egoera eta aurrera begirakoak deituriko diagnostikoa 8 hilabeteko prozesua izan zen eta hirian hainbat arlotako agenteekin eta hiritarrekin abiatutako prozesu parte-hartzailea izan zen prozesu horren muina.

Udala diagnostikoa garatzen ari zela, 2024ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko AROA Marko Estrategikoa 2024-2034 onartu zuen, gainerako erakunde publikoentzat erreferentziazko markoa izango zena. Hala, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren marko estrategikoa ardatz hartuta eta aurreko planaren ebaluazioa eta egoeraren diagnostikoa oinarri izanda, Bilboko AROA Plan Estrategikoa 2025-2035 diseinatu du.

Bilboko AROA Planaren xede nagusia

AROA Plan Estrategikoaren xedea da Bilbon euskara indarberritzea eta haren erabilera areagotzea. 2025-2035eko epealdirako diseinatutako plan honek Bilboko Udalaren hizkuntza-politikaren norabidea markatzen du, 10 urterako ikuspegi batean oinarrituta. Planak jasotzen dituen ardatz, erronka, lan-ildo eta ekintzen bidez, euskararen ezagutza, erabilera, motibazioa eta prestigioa sendotzea bilatzen da, Gobernantzan arreta jarrita.

Bilboko AROA Planaren ardatz eta erronka nagusiak

Plan honek 5 ardatz estrategiko nagusi ditu: Gobernantza, Jarrerak/Motibazioak, Ezagutza/Gaitasuna, Erabilera/Elkarreragina eta Berrikuntza. Horiez gain, beste bi kudeaketarako ardatz ere biltzen ditu: Ikerketa/Sistematizazioa eta Komunikazioa/Hedapena. Batez ere, lau ardatz landu dira lehentasunezko gisa:

Gobernantza. Gobernantza da AROA planeko ardatz estrategiko garrantzitsuenetako bat, eta bereziki erabakigarria euskararen sustapen eta indarberritze prozesuan. Arlo honetan hartzen diren erabaki politikoek eragin zuzena dute hizkuntza-politikaren norabidean, prestigioan eta eraginkortasunean.

Euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eraman nahi da, eta erakunde publikoak eredu izan, bai hizkuntza-ohituretan, baita lidergoan ere. Diagnostikoan nabarmendu den bezala, Bilbok behar du euskarari zentraltasuna emango dion ikuspegia, hiriaren irudian islatu dadin eta herritarrek erreferente argiak identifika ditzaten. Horretarako, jokabide eredugarriak erakutsi behar dira eta erakundeetako funtzio eta jardunetan euskararen presentzia bermatu.

Nabarmendu nahi da zehar-lerrotasunaren ideia. Euskara sustatzearen ardura Udaleko sail eta erakunde guztiena da, eta garrantzitsua da arlo desberdinetan garatzen diren proiektu eta jardueretan hizkuntzaren ikuspegia txertatzea.

Halaber, gobernantzaren eremuan koordinazioa indartu nahi da maila eta sektore desberdinen artean: administrazioak, erakunde barruko sail eta egiturak eta gizarte mugimenduak. Indarrak batuz eta elkarlanean jardunez, emaitza sendoagoak eta eraginkorragoak lortu daitezke.

Jarrerak/Motibazioak. Bilbon, azken hamarkadetan euskararen aldeko jarrerak indartuz joan diren arren, diagnostikoak agerian utzi du oraindik ere jarrera pasiboak antzematen direla. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazioa hauspotzea, norbanakoen konpromisoa eta hizkuntza-aktibazioa sustatuz. Euskal kontzientzian eta identitatean ere eragin nahi da, sentsibilizazioa oinarri.

Horri erantzunez, ardatz estrategiko honek bi helburu nagusi lantzen ditu: alde batetik, euskararen aldeko jarrerak sendotzea eta hiztunen ahalduntzea bultzatzea; eta bestetik, euskararen eta euskal komunitatearen inguruko irudi positiboa eta ikusgarritasuna handitzea.

Ezagutza/Gaitasuna. Ardatz hau lehentasunez landu beharrekoa da hurrengo urteetan, izan ere, ezagutza hutsa ez da nahikoa: erabilera handitu nahi bada, herritarrek euskara eroso, modu naturalean eta segurtasunez erabiltzeko gaitasuna izan behar dute. Hori da, hain zuzen ere, erronka nagusietako bat Bilbon.

Datuek zera adierazten dute: termino erlatiboetan, hiriko biztanleriaren %30,6 da euskal hiztuna, baina euskaldun horien artean, hirutik bik errazago hitz egiten dute gaztelaniaz. Horrek erakusten du gaitasun erlatiboaren alorrean oraindik lan handia dagoela egiteko.

Ardatz honen helburua da, hortaz, ezagutza handitzeaz gain, hizkuntza-gaitasuna eta erraztasuna sendotzea, familia bidezko transmisioa indartzea, haur eta gazteekin ahozkotasuna eta adierazkortasuna lantzea eta ikaskuntza-aukerak zabaltzea. Arreta berezia eskainiko zaio atzerritik etorritako pertsonei euskara ikasteko baliabideak eskaintzeari ere.

Erabilera/Elkarreragina. Nahiz eta ezagutzaren datuek urtero gora egin, ez da kontu bera gertatzen erabileraren datuekin. Azken urteetan ez da goranzko bilakaerarik izan. Bilbotar askok, nahiz eta euskara jakin, erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz aritzeko, beraz, haren erabilera nagusitzen da. Hori ikusita, garrantzitsua da adierazkortasuna lantzea eta kalean eta harreman informaletan hizkuntza erabiltzeko aukerak zabaltzea.

Bilbok euskara natural eta eroso erabiltzeko arnasgune soziofuntzionalak behar ditu, erabilera suspertu ahal izateko, eta, era berean, jadanik euskararenak diren babesguneak indartzea ere komeni da, galerarik egon ez dadin.

Bilboren kasuan, atal honen baitan, bi arlo identifikatu dira lehentasunezko gisa: batetik, arlo sozioekonomikoa, non euskararen presentzia handitzeko ekintzak proposatzen diren, bai eremu publikoan, baita pribatuan ere; bestetik, aisialdi antolatua eta kirola, non batez ere 16 urtetik beherako haurren eta gazteen hizkuntza ohituretan eragitea bilatzen den, euskarazko eskaintza eta erabilera bermatuz.

Horiez gain, alde batetik, euskarazko hedabideak babestu eta egonkortu nahi dira, eta, bestetik, euskal kultur produktuak sortu eta ezagutarazi, euskarazko sorkuntza eta sortzaileak sustatu eta ingurune digitalean espazioak irabazi.

Lehentasunez landu beharreko eremuak:

Hauek dira une honetan eta euskararen sustapenari dagokionez hurrengo urteetan lehentasunez landu beharreko eremuak Bilbon: familiako euskararen transmisioa bultzatzea; euskara ikasteko erraztasunak eta aukera berriak zabaltzea; haur eta gazteen gaitasun erlatiboa eta adierazkortasuna hobetzea; 16 urtetik beherakoentzat aisian eta kirolean euskararen presentzia handitzea; kulturartekotasuna euskaratik sustatzea; eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzea; euskaldunen ahalduntzea eta aktibazioa; eta Bilbon euskararen arnasgune soziofuntzionalak babestea eta zabaltzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.