Bilboko Udala

Bilboko Eztabaida Liga

Bilboko Udalak Bilboko Eztabaida Liga programa sortu du, ahozko adierazpena garatzeko eta hizkuntzaren erabilera praktikoa indartzeko beharrari erantzuteko.

Bilboko Eztabaida Liga
Txapelketako finala martxoaren 5ean egin zen, Bilboko Udaleko Osoko Bilkurako Aretoan. BILBOKO UDALA
2026ko martxoaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udalak 2025-2026ko ikasturtean Bilboko Eztabaida Liga programa antolatu du. Ekimen hau gazteen euskarazko ahozko adierazpena garatzeko eta hizkuntzaren erabilera praktikoa indartzeko beharrari erantzuteko sortu da. Programa hau Batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzenduta dago. Helburu nagusi hauek ditu:

•Ikasleen pentsamendu kritikoa eta argudiatzeko eta komunikatzeko gaitasuna euskaraz sustatzea.

•Iritzi aniztasunarekiko errespetua eta eztabaida eraikitzailea bultzatzea.

•Eztabaidaguneetan parte-hartzea dinamizatzea.

Ekimen hau Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Eztabaida Elkartearekin lankidetzan garatu da Bilboko ikastetxeei eskaintzeko asmoz.

Programaren planteamendua honako hau da: hasieran, oratoria eta komunikazioaren inguruko prestakuntza eskaintzea ikasleei, eta, ondoren, aukera izatea Bilboko Eztabaida Ligan parte hartzeko (Ligan parte hartzea ez da derrigorrezkoa).

Lehenengo edizio honetan, 267 ikaslek parte hartu dute. Eta martxoaren 5ean egin den ligan (txapelketan) 40 ikasle.

Zer ikasi dute programan?

Eztabaida-lehiaketarako galdera bat aukeratu da, eta galdera horren inguruan ikasleek eztabaida akademiko bat zer-nola prestatu ikasi dute. Horretarako, informazioa bilatzen, argudioak eraikitzen eta kontrako argudioei erantzuten trebatu dira.

Gainera, gaitasun hauek garatu dituzte: komunikazio gaitasuna, entzuketa aktiboa, talde-lana eta lankidetza, pentsamendu kritikoa eta analitikoa, denbora-kudeaketa eta publikoaren aurrean hitz egiteko trebetasuna.

Lau formazio saio jaso dituzte, eta saio bakoitza ordubetekoa izan da. Saio bakoitzean, eduki ezberdin bat jorratu da. Hala ere, saio guztietan ariketa praktiko pare bat izan dute, ikasleek euskaraz jendaurrean hitz egin dezaten, beldurra galtzeko eta trebatzeko.

1.Saioa: Ahozkotasuna eta eztabaida akademikoa. Ahozkotasuna ariketa praktikoen bidez landu da, eta hobetzeko oinarrizko jarraibideak eman dira (gorputz hizkera, tonuaren erabilera eta abar). Era berean, eztabaida akademikoaren funtzionamendua azaldu da.

2.Saioa: Argudioen eraikuntza. Argudio sendoak nola eraiki azalduko da, B.A.E.E egitura aurkeztuz (Baieztapena, Arrazonamendua, Ebidentzia, Eragina). Ikasleek gai baten inguruan argudioak egin dituzte.

3.Saioa: Ezeztapenak. Ezeztatzen ikasi da, ariketa praktikoen bitartez. Aurreko saioan aurkeztutako argudioak nola defendatu, nola ezeztatu eta nola berreraiki trebatu da. Horretarako parte hartze dinamika egin da.

4.Saioa: Ariketa praktikoa. Aurreko saioetan ikasitakoa praktikan jarri da: argudio eta ezeztapenak nola egin eta azaldu eztabaida baten bitartez, baita ahozkotasunari buruz ikasitakoa trebatu ere.

Txapelketa

Martxoaren 5ean, ostegunean, txapelketa izan zen. 08:30ean hasi zen, La Perrera eraikinean, eta hamar talde lehiatu ziren. Finala Osoko Bilkurako Aretoan egin zen, arratsaldean.

Txapelketan zehar, eztabaida taldeek gaurkotasuneko eta garrantzi akademikoko gai bati heldu zioten (Teknologiak gizartea gehiago polarizatzen al du?), erronda zirraragarri eta egituratuetan.

Parte hartzaileek argudio sendoak aurkeztu zituzten, aurkako jarrerak gezurtatu zituzten, eta aztertzeko, ikertzeko eta modu eraginkorrean komunikatzeko duten gaitasuna erakutsi zuten.

Txapelketaren funtzionamendua

Txapelketaren garapenean, fase orokor bat egon zen, non talde guztiak ausaz beste talde batzuekin lehiatu ziren hiru errondatan. Sailkapeneko fase orokor hori amaitu ondoren, taldeen ranking bat osatu zen, lortutako garaipen kopuruaren eta lortutako puntuazioaren arabera.

Puntuazioa hainbat parametroetan oinarrituta egon zen (argudioen kalitatea, errefutazioen kalitatea, espazioaren erabilera, koherentzia, kohesioa, euskararen erabilera eta abar). Lehen lau postuetan sailkatutako taldeak kanporaketa faseetara igaro ziren; fase horietan elkarren aurka arituko ziren, finalaurrekoak eta finala jokatuz.

Bilboko Eztabaida Liga
Txapelketako irabazleak. BILBOKO UDALA

Epaileak

Epaimahaia eztabaida akademikoan esperientzia duten pertsonaz osatuta egon da. Bi pertsona taldek osatu zuten gutxienez epaimahaia erronda bakoitzean.

Eztabaida bakoitzaren amaieran, eta talde irabazlea erabaki ondoren, epaileek feedbacka eman zieten bi taldeei, emaitza argitzeko eta hurrengo errondetan hobera egin dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA