Abenduaren 1ean abiatu da Udalarekin euskaraz? Bai, noski! kanpaina, Euskararen Egunarekin bat eginez, eta helburua da bilbotarrak animatzea Udalarekin euskaraz egitera, modu horretan Udalaren eta herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzeko.
Hainbat lekutan dago ikusgai: Bilboko kaleetan, metroan, tranbian, autobusetan eta hedabideetan, besteak beste. Gainera, kanpaina hirian zehar abiatu aurretik, lanketa egin da Udaleko langileekin, Udal barrutik ere lehen hitza euskaraz izan dadin sustatzeko.
Bilbo gero eta euskaldunagoa
Kanpaina honekin eman zaio lehen bultzada hirian euskara indarberritzeko eta haren erabilera areagotzeko xedea duen planari, eta hemendik aurrera ekimen gehiago abiatuko dira hainbat eremutan euskararen presentzia handitzen joateko eta Bilbo gero eta euskaldunago bihurtzeko.