Psikologoa

Maitane Ormazabal: «Bizitza kalean dago»

Nabarmendu du «gizaki sozialak» garela, eta «besteen bitartez salbatzen» garela. Haur eta nerabeei pantailen erabilera orduak mugatzearen alde jardun da.

Maitane Ormazabal psikologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maitane Ormazabal psikologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maitane Ormazabalek ez du zalantzarik: pantailak gehiegi erabiltzen dira, eta ondorioak uste baino handiagoak dira, kalterako. Azpimarratu du dazteek garatzeko ezinbestekoa dela besteekin aurrez aurreko harremanak izatea. Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari? izenburupean, mahai inguru bat egingo dute datorren asteartean, Donostian. Ormazabalekin batera, Mirene Beriain Osakidetzako lehen mailako arretako pediatrak eta Iñigo Martinez filosofo eta irakasleak hartuko dute parte. Maiatzaren 5ean izango da, Jakes Goikoetxea BERRIAko kazetariak gidaturik, San Telmo museoan, 18:30ean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Laboral Kutxak eta San Telmo museoak babestuta egingo dute mahai ingurua.

Ormazabalek dioenez, pantailen gehiegizko erabilerak ondorioak eragiten ditu, gazteengan ez ezik, baita helduengan ere. Gizarte osoaren arazoa dela azaldu du. «Mugikorra adiktiboa izateko egina dagoen gailu bat da. Gauza asko normalizatu ditugu normalak ez direnak. Teknologia hori prestatua dago guk gaizki erabiltzeko». 

Eta ondorio batzuk zerrendatu ditu: «Arreta krisi ikaragarri handi batean gaude. Ez diogu elkarri entzuten. Denbora guztian, nor bere buruarekin dago, eta mugikorrarekin». Dioenez, oso ohikoa da erabilera egunean bospasei ordukoa izatea. «Lanbide Heziketan eta unibertsitatean prestakuntza saioak egiten ditugu, eta hamar orduko erabilerak ere oso ohikoak dira han. Horrek asko kezkatzen nau».

Esan du bakardade sentsazioa areagotzea ere ekarri duela. «Mugikorrak berekin ekarri du geure buruarekin gehiago erlazionatzea, eta horrek nartzisismoa eta egozentrismoa areagotzea eragiten du. Ez dugu errealitatearen parte handi bat ikusten, baizik eta algoritmoen logikak guk ikustea nahi duen parte hori ikusten dugu. Horrek bakardade sentsazioa ekartzen du». Beste hainbat kasuren ugaritzeak ere zerrendatu ditu: «Izugarri handitu dira bizitza bizitzeko beldurrak. Antsietate eta depresioak areagotu egin dira mugikorren erabilera desegoki baten ondorioz. Horrez gain, bulimia, anorexia, loaren nahasmendua, autoestimu gabezia… asko areagotu dira». 

Beste ertz bati ere erreparatu dio: «Inork ez du esaten pantailetan dauden bitartean bizitza nola ari diren galtzen. Gaur egun, gazteak gutxiago ateratzen dira, eta heldu asko lasai daude horregatik, baina niri horrek beldur handia ematen dit, zeren bizitza kalean dago. Sozializazioa, harremanak lantzea… adin horretan funtsezkoa da. Behar ebolutibo bat da. Beren burua eraikitzeko besteekin harremanak. izan behar dituzte; garuna garatzeko eta gorputza emozionalki garatzeko, besteak beharrezkoak dira. Nerabezarora arte gurasoen edo hezitzaileen bitartez ateratzen dira mundura, eta nerabezaroan, berriz, bere berdinen bitartez deskubritu behar dute mundua. Besteak oso-oso garrantzitsuak dira. Besteekin erlazionatzen naizenean ikasten dut munduarekin erlazionatzen. Besteekin erlazionatzean hasten naiz neure buruarekin erlazionatzen ikasten».

«Gazteek bere adinekoekin harremanak izan behar dituzte; garuna garatzeko eta gorputza emozionalki garatzeko, besteak beharrezkoak dira. Nerabezaroan, bere berdinen bitartez deskubritu behar dute mundua. Besteak oso-oso garrantzitsuak dira»

Elkarrekiko harreman horren beharra behin eta berriz azpimarratu du: «Sare sozialetan badago gezur handi bat, geure burua guk salbatu behar dugulako kontu hori, eta hori ez da egia: besteen bitartez salbatzen gara, gizaki sozialak gara. Geure burua bestearen bitartez baino ezin dugu ezagutu; bestela, gu geure buruarekin nartzisismoan bueltaka gabiltza; bestearekin gatazkan sartzean hasiko naiz nire gauzez konturatzen, ordura arte ez naiz gai ikusteko».

Horren guztiaren inguruan neurriak har litezke. Ormazabalek uste du gazteek mugikorrik gabeko gune libreak behar dituztela unibertsitatean, eskolan, etxeetan eta toki guztietan. «13-16 urteko gazte bat ez dago prest hori egiteko; beraz, guk hasi behar dugu neurri zehatzak jartzen». Argi du nondik hasi: «Mugikorrak, eskolatik kanpora. Laneko toki askotatik ere bai, behar ez bada; bizikleta bezala, kanpoan utzi. Adiktiboa den gailu horrekin harreman osasuntsu bat izaten erakutsi behar diegu. Aldean badute, ezingo dira erabili gabe egon. Ez dugu ikastetxerik esango ez dizunik mugikorrekin arazoak dituztela. Beraz, erabaki koherenteak har ditzagun».

Uste du erakundeek neurri gutxi hartu dituztela: «Onkeriaren gizartean bizi gara, eta uste dut koherenteak izan behar dugula, estrukturak behar ditugu, eta nerabeek estruktura horiek apurtu behar dituzte, baina mugak behar dituzte».

Baikorra da, badu esperantza: «Aldaketarako mugimenduan gabiltza; dinosauroa handi samarra da, eta kosta egiten da, baina bagoaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA