UNRWA NAFARROA

Bizitzari eusten dioten emakumeak laguntzen

UNRWA Nafarroak Sirian bizi diren Palestinako 305.000 errefuxiatu baino gehiagorentzako osasun arretari eutsi ahal izan dio azken urtean.

UNRWA
Palestinako emakume errefuxiatu batzuk, artatuak izateko zain, UNRWAren Husseiniyeh-ko osasun etxean, Sirian. TAGHREED MOHAMMAD, UNRWA, 2026
2026ko maiatzaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume batzuk haur bat besoetan dutela iristen dira osasun etxera. Beste batzuk haurdun heltzen dira, akituta, egitera beti ausartzen ez diren galderekin. Batzuek gaixotasun kroniko baterako tratamendua eskatzen dute; beste batzuek —guztiz esan gabe— norbaitek entzuteko leku seguru bat bilatzen dute. Sirian, Palestinako emakume errefuxiatu askorentzat, UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuetako Agentziaren osasun etxe bat ez da bakarrik medikuntzari lotutako leku bat. Ate ireki bat da. Osasuna, babesa eta duintasuna topatzen ahal diren leku bat.

Lama Sherkawi doktoreak ederki ezagutzen du hori guztia. Pediatra da, UNRWAren osasun programaren arduraduna Damaskoko eremuan, eta erreferentziazkoa generoan oinarritutako indarkeriaren arloan. Urteetan, desplazamenduaren, pobreziaren eta ziurgabetasunaren erdian beren familiei eusten dieten emakumeei lagundu die. Haren hitzetan, «emakumeek rol nagusia betetzen dute beren komunitateetan, zaintzaile, buruzagi informal, hezitzaile eta gizarte kohesioaren sustatzaile gisa. Baliabide mugatuak dituztenean ere, emakume askok beren familiei eusten jarraitzen dute».

Lama Sherkawi
Lama Sherkawi, UNRWAren osasun programaren arduraduna Damaskoko eremuan. TAGHREED MOHAMMAD, UNRWA, 2026

Siriako gatazka armatuak aztarna sakona utzi du Palestinako errefuxiatuengan. Urteetako gatazkak, desplazamenduak eta narriadura ekonomikoak familien beharrak ugaritu eta bereziki gogor kolpatu dituzte jada egoera zaurgarrienean bizi zirenak: emakume haurdunak, emakumeak buru dituzten familiak, adinekoak, desgaitasunen bat dutenak, haurrak eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko baliabide nahikorik ez duten familiak.

Baina emakumeek ez dituzte soilik krisiaren ageriko ondorioak jasaten. Krisiaren hamaika forma isil ere jasaten dituzte: zainketen gainkarga, seme-alabei ezin jaten emateak eragindako antsietatea, beren osasuna albo batera uztea besteena lehenesteko, etxe barneko indarkeria eta laguntza eskatzeko beldurra.

Babesa osasun arretan integratu

Sherkawiren arabera, «genero indarkeriak zuzenean eragiten die osasun fisikoari, mentalari eta ugalketakoari. Ez bada identifikatzen eta ez bazaio heltzen, urteak eman ditzake ezkutuan».

Generoan oinarritutako indarkeriarekin lotutako auzietarako erreferente gisa, babesa osasun arretan integratzea da bere lana: esate baterako, arrisku zantzuak detektatzea, epaitu gabe entzutea, konfidentzialtasuna bermatzea, bideratzeko bide seguruak aktibatzea eta bizirik iraun dutenak laguntzea, beren segurtasun, denbora eta erabakietan oinarritutako ikuspegitik.

Batzuetan, lehen urratsa ez da laguntza eskaera esplizitu bat. Izan ere, haurdunaldiko arazoren bat izan daiteke, edo insomnioa, alde egiten ez duen min bat, antsietatea edo tristura. Edo pediatriako kontsulta bat, amak zerbait gaizki duela erakusten duena. Horrelakoetan, pazientearen eta profesionalaren arteko konfiantzak dena aldatu dezake. Sherkawik azaldu duenez, «indarkeria jasaten duten emakumeentzat, konfiantzazko lehen kontaktu puntu seguruak dira osasun etxeak».

Azken urtean, Nafarroako Gobernuaren laguntzak arreta sare hori mantentzen lagundu du Jaramana, Alliance, Nairab eta Qabr Essit-eko osasun etxeetan. Lankidetza hori Nafarroako Gobernuak 2006tik UNRWA Nafarroarekin eta Palestinako errefuxiatuen eskubideen defentsarekin duen konpromisoaren parte da.

Ekarpen horri esker, UNRWAk lau osasun etxe horietako 54 osasun langileren soldatak ordaindu ahal izan ditu, eta, hala, funtsezko zerbitzuak bermatu dituzte Palestinako 305.000 errefuxiaturentzat baino gehiagorentzat. Izan ere, emakume haurdunak eta ugaltzeko adina dutenak artatu, 12 hilabetetik beherakoei zainketa integralak eman eta transmititu ezin diren gaixotasunak prebenitu eta tratatu ahal izan dituzte, diabetesa eta hipertentsioa kasurako.

Laguntza horren bidez, kontsultak irekita mantentzea baino askoz gehiago lor daiteke: emakume batek familia plangintza izatea, ama batek haurdunaldian zehar jarraipena izatea, generoan oinarritutako indarkeriaren ondoren bizirik iraun duen emakume batek babes segurua izatea, gaixotasun kronikoa duen familia bat abandonatuta ez geratzea, edo osasuna zaintzarako, autonomiarako eta eskubideetarako bide bat ere izatea.

Sherkawi ez dator bat emakume arabiarrak figura pasiboak edo botererik gabekoak diren irudiarekin: «Eguneroko lanean emakume indartsuak eta argiak ikusten ditut, egoera guztiz zailetan ere beren familien bizitzak babesteko eta hobetzeko prest daudenak. Askotan, falta zaiena ez da gaitasuna; aukerak eta babesa baizik».

Sherkawik berak irudikatzen du bi aldeko ardura hori. Osasun zerbitzuak koordinatu eta taldeen buru izateaz gain, hiru alaba eta seme bat ditu. Badaki zer den zaintzea, erabakitzea, lehenestea eta aurrera jarraitzea egoera zailetan.

Sirian, Palestinako emakume errefuxiatu asko izan dira familiei lotuta eutsi dien haria. Desplazamendu behartuan seme-alabak babestu, baliabiderik ez zenean osasun arreta bilatu, beste emakume batzuk lagundu eta eguneroko bizitzari eutsi diote ia dena hautsita zegoela zirudien lekuetan. Eta beharrak hor daude oraindik. 2026an, osasun eta babes arloko erantzuna sendotzen jarraitzen du UNRWAk Sirian, Libanon eta Jordanian: lehen mailako arreta, laguntza psikosoziala, bideratze seguruak, laguntza legala eta genero indarkeriaren ondoren bizirik iraun dutenei laguntza ematen diete, besteak beste. Luzaroko desplazamendua, elikadura segurtasunik eza eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak dituzte Palestinako errefuxiatuen zati handi batek Sirian, eta funtsezkoa izango da laguntza sare horri eustea.

Horregatik, emakumeen osasunaz hitz egitea ez da bakarrik medikuntzaz hitz egitea. Babesaz, eskubideez, autonomiaz eta aitortzaz hitz egitea da. Kontsulta bakoitza, entzuteko, prebenitzeko eta erreparatzeko aukera bat ere izan daitekeela ulertzea da.

Sherkawik azpimarratu duenez, Palestinako errefuxiatuek «ez dute sinpatia bakarrik eskatzen; ulertzea, babesa, laguntza iraunkorra eta segurtasunez eta duintasunez bizitzeko aukera eskatzen dute».

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako herritarrek UNRWA Nafarroari ematen dioten etengabeko laguntza konpromiso horren parte da: gehien behar dutenei laguntzea, haien eskubideak defendatzea eta bizitzari egunero eusten dioten emakumeei laguntzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA