Sakanako Garapen Agentzia da Dinabide proiektuaren sustatzailea. Dinabide lankidetzarako gune bat da; Irurtzunen du egoitza, eta haren helburu nagusia Nafarroako eraldaketa digitala sustatzea da, bereziki Sakanakoa.
Nafarroako lehen coworking teknologikoa da. Teknologien arloan, lan sistema kooperatiboa, profesional independenteen arteko elkarlana bultzatzen du. Batetik, coworking-erako gune bat eskaintzen du, eta hor parte har dezakete teknologia berriei lotutako proiektuak dituzten ekintzaileek, autonomoek eta enpresa txikiek.
Horrez gain, Dinabidek eskaintzen dituen zerbitzuez baliatzea erabakitzen duten enpresek teknologia aukera zabala izango dute: hala nola fabrikazio aditiboko makinak, robotak eta errealitate areagotua. Azken batean, enpresek eta erabiltzaileek proiektuak prestatzeko eta garatzeko 4.0 arloko teknologiak eskaintzen ditu Dinabidek. Teknologia horiek erabiltzeko aukerarekin batera, enpresek edo ekintzaileek bekak, prestakuntza ikastaroak eta ikasgelak alokatzeko zerbitzuak ere jaso ahal izango dituzte.
Sakanako Garapen Agentziak eta Nafarroako Industria Fundazioak sinatutako lankidetza hitzarmenaren arabera, Nafarroako Industria Fundazioak hainbat prestakuntza ikastaro eskainiko dizkie Dinabide proiektuarekin bat egitea erabakitzen duten enpresei. Bi prestakuntza mota dira: prestakuntza orokorra eraldaketa digitalarekin lotutako jardunaldi teknologikoen moduan emango da, eta prestakuntza espezializatua, berriz, Dinabiden eskura dagoen ekipamendu teknologikoa erabiltzera bideratuko da.
Ezagutzak sortu eta trukatu
Ezagutzak sortzea, transferitzea eta trukatzea sustatuko da. Horretarako, Dinabide proiektuari atxikitako entitateek lankidetza bultzatuko dute enpresen artean eta Nafarroako Industria Fundazioaren eta Sakanako enpresen eta ekintzaileen artean.
Dinabideren coworking guneak hamasei toki eskaintzen ditu ekintzaileentzat edo enpresaburuentzat. Horietako toki bat betetzeko bekak zabalduko dira, Nafarroako Industria Fundazioaren eta Sakanako Garapen Agentziaren bidez. Aipatutako erakunde horiek zabalik dute talentua erakartzeko eta beken kostua finantzatzeko 2020. urterako proiektua.
Sakanako Garapen Agentziak otsailaren 28an aurkeztu zuen Dinabide proiektua, eta baita Nafarroako Industria Fundazioarekin sinatutako lankidetza hitzarmena ere, IruñekoNafarroa Arenan egin zen OTD Challenge biltzarrean.
Horrez gain, Dinabideren OpenDay edo ateak irekitzeko egun bat ere antolatu zen martxoaren 18an, Irurtzunen. Nafarroako Gobernuko ordezkariek, Dinabideren laguntzaileak diren erakundeetako arduradunek eta Nafarroako industria enpresaburuek hartu zuten parte ekitaldi horretan, eta Dinabide gunean dauden instalazioak eta makina erabilgarriak bertatik bertara ezagutarazi zituzten.
Horrez gain, Dinabidek erabiltzen dituen teknologiak aurkeztu dizkie Sakanako enpresei, eta enpresei eskatu die teknologia horiek probatzeko proiektu bat aurkezteko.
Dinabide proiektuaren inguruan ezarritako helburuak betetzeko, Sakanako Garapen Agentziak akordioak sinatu ditu bere laguntzaileak diren hainbat erakunderekin. Horrela, lankidetzan aritzeko egitasmo batzuk jarri dituzte martxan.
Prestakuntza eta aholkularitza
Alde batetik, Nafarroako Industria Fundazioa ekipamenduaren ezagutzan eta erabileran oinarritutako prestakuntza eskaintza egiteaz arduratzen da, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoarekin batera.
Beste alde batetik, Cederna-Garalur elkarteak, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak, Sakanako Enpresa Elkarteak eta Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak tutoretza eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkiete Dinabideren proiektuarekin bat egiten duten enpresei.
Arestian aipatutako laguntzaileez gain, Dinabideren proiektuak Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Departamentuaren laguntza du, Eskualdeko Plan Estrategikoen programaren bidez.
Erakunde horiekin guztiekin sinatutako hitzarmenaren helburu nagusiak hauek dira: Dinabideren inguruan enpresak sortzea, finkatzea eta haztea, enpresek enpresei laguntzeko zerbitzu espezializatuak sarean emanez.
Berrikuntzaren bidean
Dinabide: lankidetza gune bat
Dinabide lankidetzaarko gunearen helburu nagusia Nafarroako eraldaketa digitala sustatzea da, bereziki Sakanakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu