Emakume Master Cup

Emakumeen esku pilotaren egun handia

Emakumeen esku pilotak beste kapitulu bat idatzi nahi du Donostiako Atano III.a pilotalekuaren historia luzean, Hiru Hiriburuak txapelketaren finalarekin.

Hiru Hiriburuak esku pilota txapelketa
Hiru Hiriburuak txapelketaren finalaren aurkezpena, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. EMAKUME MASTER CUP
2025eko urriaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esku pilotaren balizko entziklopedia batean, Donostiako Atano III.a pilotalekuak aparteko leku bat izango luke, bertan jokatu baitira historiako finalik handienetako batzuk. Bada, liburu horretan beste kapitulu bat idatzi nahi dute urriaren 12an, Hiru Hiriburuak txapelketaren bidez. Nafarroa Arena, Labrit, Bizkaia, Ogeta eta gainerako pilotaleku industrial guztiak goraino bete ostean, historian lehendabiziko aldiz, emakumeen esku pilotako final baterako Donostiako kantxa historikoko harmailak goraino betetzeko erronka ipini dio antolakuntzak bere buruari.

Gasteizen jokatutako 35 partidako maratoiaren eta Bilboko finalerdi ikusgarrien ostean, Euskal Herriko pilotalekurik mitikoenetako batean emango zaio amaiera denboraldiko txapelketarik trinkoenari. Hiru jardunalditan eta hiru mailatan, Euskal Herriko klub guztietako 70 emakume pilotari aritu dira lehian, eta, igande honetan, argituko da maila bakoitzeko bikoterik onenak zeintzuk diren.

Elite mailako finala igande eguerdian jokatuko da, eta, final handi guztietan bezala, ETB1eko kamerak bertan izango dira, historikoa izan daitekeen jaialdi honetan gertatzen den guztia mundu zabalera helarazteko.

Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatutako finalerdien ondoren, gainera, lehen mailako finala jokatuko da Atano III.a pilotalekuan. Zabaletak eta Mendizabalek, iazko garaileek, txapela defendatuko dute Etxegaraik eta Gamindek osatutako bikotearen aurka. Hau da, Lau eta Erdiko egungo txapelduna eta Binakakoko txapelduna elkarren aurka arituko dira finalean. Bestalde, Goiuri Zabaleta eta Enara Gaminde aurreko eta atzeko koadroetako erreferentzia nagusiak izan dira azkenaldian, eta elkarren aurkako demek ikusmin handia sortu ohi dute, Donostiako final honekin gertatu den bezala.

Hiru Hiriburuak esku pilota txapelketa
Hiru Hiriburuak emakumeen esku pilota txapelketaren babesleak. EMAKUME MASTER CUP

Faborito garbirik ez

Finalaren atarian, Goiuri Zabaleta leitzarrak partida gogorra espero du iganderako, eta lehia oso irekia ikusten du. «Espero izatekoa da finala oso gogorra izatea; azken finean, atzelari onenetako baten aurka, Enara Gaminderen aurka, jokatu behar dugu, eta nor-eta Maddalen Etxegarairen aurka. Iruditzen zait Hiru Hiriburuak txapelketan oso ongi ari dela oñatiarra, txinpartatsu dago, eta partidak aurrera ateratzen ari dira elkarrekin, bikote sendo bat osatuta. Faborito garbirik ez dut ikusten. Egia da Nora eta ni lehengo urteko txapeldunak garela, baina, final guztiak bezala, igandekoa ere oso irekia izan daiteke, nire ustez. Egun guztiak ez dira berdinak, eta edozer gauza gerta daiteke», adierazi du.

Maddalen Etxegarai ere uste berekoa da, baina partida Donostiako kantxa historikoan jokatzeak sortzen dion zirraran egin du azpimarra. «Atano III.a pilotalekuan jokatzea beti da berezia, bai gipuzkoarra naizelako eta baita frontoi mitikoa delako. Iaz beste final bat jokatzeko aukera izan nuen, eta pilotaleku historiko bat beteta ikusteak are bereziagoa egiten du berez berezia den final bat».

Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol zinegotziaren hitzetan, «final honek esanahi oso berezia du hiriarentzat, gizartea aldatzeko osagai garrantzitsuak ditu eta. Bertako kirol bateko finala da, emakumezkoen esku pilota ikusgai egiten du, eskuz aritzen diren pilotariei balioa ematen die, eta hori guztia garrantzitsua da emakumeen esku pilotan erreferenteak sortzeko orduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.