Itxita egon den bederatzi hilabeteak oso luze egin zaizkie pilotazaleei. Hobekuntza lan batzuen eraginez, Nafarroako pilotaren bihotzak, Iruñeko Labrit pilotalekuak, ateak itxirik izan ditu, baina berriz ere bueltan da, eta igande honetan, ETBren kamerak testigu direla, pilotalekuak bere etapa berriko lehen txapelak banatuko ditu, eta esku pilotako emakumerik onenak izango dira Bonbonera-n final bat jokatzearen zirrara biziko duten lehenak.
Sagardui-Gaminde eta Ruiz de Infante-Erasun bikoteek izango dute ohore hori, Nafarroako VI. Torneoko final handian ariko baitira, maiatzaren 3an. Aurretik, elite mailako norgehiagoka bat izango da: Zabaleta eta Bertiz, Salsamendiren eta Mendibururen kontra.
Alize Sagardui, 14 urte baino ez dituen goizuetarra, txapela etxean geratu dadin saiatuko da. Enara Gaminderekin batera, Binakako Txapelketako egungo txapeldunak adierazi duenez, Labriten jokatze hutsa sari handia da beretzat. «Labrit Nafarroako frontoirik garrantzitsuena da; ni nafarra naiz, eta ilusio handia egiten dit Labrit bete-batean jokatu ahal izateak. Ea jendea frontoira animatzen den, niretzat izugarria baita horrelako jendetzaren aurrean jokatzea, batez ere horrelako final batean».
Goizuetakoak badaki final gogorra izango duela zain, baina egun garrantzitsu honetan uste handia du baduela aukerarik. «Nik uste dut Enara eta biok garai onean iritsi garela, txapelketa honetan partida guztiak irabaztea lortu baitugu, eta, maila bikaina emanez, Salsamendi-Mendiburu bikotea finalerdietan gainditzea lortu dugu. Txapelketako partida guztiak bezala, finala partida gogorra izango da, eta lan handia egin beharko dugu irabazi nahi badugu, baina guk geurean jarri behar dugu arreta; irabazten saiatuko gara, eta ea lortzen dugun».
Binakako txapelak janzteko, Eibarko Astelenaren gisako beste kantxa mitiko batean egin zuten bezala, Sagarduik eta Gamindek euren bertsiorik onena eman beharko dute Nafarroako Irekia eskuratzeko, orain artean oso lehiaketa orekatua eta lehiatua suertatu baita, maila handikoa, Lodosako finalerdietan argi geratu zen bezala, non bi partida oso gogor jokatu baitziren, ia bi ordu eta laurdeneko jaialdian.
Emakume Master Cup zirkuitua
Emakume Master Cup zirkuituko espezialistarik onenak txapelketa ireki eta libre batean lehiatu dira azken bi hilabeteetan; Nafarroako emakumezkoen esku-huskako txapelketa erreferente bihurtu da.
Elite mailan, momentuko zortzi bikoterik onenak lehiaketa baten protagonistak izan dira, eta jada bi eraginkorrenak baino ez dira geratzen, Labrit bezalako luxuzko jokaleku batean bikoterik indartsuena zein den ebazteko. Gaztetasuna, etorkizuna, aurrerapena eta kirol- hobekuntza dira maila goreneko lehiaketa honen aurreko faseetan gehien nabarmendu diren ezaugarriak.
Printzipioz, finalerdiak hain lehiatuak izanik, ez dago azken txapela irabazteko faborito argia den bikoterik, baina berriki binakakoan txapeldun izateak eta Enara Gaminde egungo erreferentziako pilotaria tartean egoteak nolabaiteko abantaila eman diezaieke Goizuetakoari eta Laukizkoari. Dena den, azken asteetan Ainhoa Ruiz de Infantek eta Itsaso Erasunek oso bikote sendoa direla erakutsi dute: ez dute ezer oparitzen, eta fisikoki ere bi pilotariak prest daude partidak luzatu eta gogortuz gero.
Ezpatak gorenean dira nafar bat, bi bizkaitar eta gipuzkoar bat izango dituen Labriteko final handirako, eta espero da jende asko bilduko dela aurten ere Labriten —iaz txiki geratu zen pilotalekua, eta jende asko sartu ezinik geratu zen—.
Maider Beloki Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak adierazi duenez, «garrantzitsua da emakumezkoen esku pilota ikusaraztea, eta herritar guztiak Labritera animatzen ditut, igande honetan finala zuzenean ikusteko». Iruñeko kantxa mitikora joan ezin direnek zuzenean ikusi ahal izango dute jaialdia ETBn.
Aldatzeko aitzindariei omenaldia
Jaialdia beste zerbaitetarako ere baliatuko dute: Aldatze sortu zuten pilotariak omentzeko —2015ean Nafarroako Foru Erkidegoko emakumezkoen lehen esku-pilota kluba izan zen Aldatze—. Emakume aitzindari horiek jarri zuten oinarria gaur egungo pilotariek, txikienetatik hasita, jarraipena eta erreferentziazko txapelketak izan ditzaten, eta kirol eder honetaz goza dezaten, beste modalitate batzuetara pasatu beharrik izan gabe.
Haien gogo biziari esker, Nafarroan pilotari federatuak egotea errealitate gero eta sendoagoa da, eta, igandean, duela hamarkada bat eman zuten lehen urrats ez beti erraz horrengatik merezitako aitortza eta esker ona jasoko dute.
Nafarroako VI. Torneoko finala, beraz, maiatzaren 3an jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 12:00etan.