Proiektua bultzatzen duten erakundeetako arduradunek ekainaren 24an aurkeztu zuten Ekienea, Armiñonen (Araba) egingo duten planta fotovoltaikoa.
Jon Berbel, Krean taldeko zuzendari nagusia; Ignacio Galan, Iberdrolako presidentea; Iñigo Ucin, Mondragon Korporazioko presidentea; Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izan ziren ekitaldian, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten.
Energia garbia
Armiñongo Lacorzanako lursailean eraikiko dute Ekienea, Ekian parke fotovoltaikoaren ondoan. 100 megawatteko potentzia instalatuko da, 70 milioi euro inguruko inbertsioa eginda, eta instalazio erraldoi horrek energia garbia sortuko du 162.000 pertsonaren urteko kontsumoa asetzeko, Arabako biztanleriaren %48 baino gehiago, eta ia hirukoiztu egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko gaur egungo eguzki sorkuntzarako ahalmena, 60 megawatt inguru. Gainera, urtean 25.000 tona CO2 gutxiago isuriko da atmosferara.
Esan bezala, Lacorzanako lursailaren ondoan Ekian eguzki planta dago. Urtarrilean inauguratu zen, eta 24 megawatteko potentzia dauka instalatuta. Beraz, Ekienea proiektuaren ekoizpena Ekian instalazioarena baino lau aldiz handiagoa izango da. Eraikitzen ari den bitartean, Ekienea planta fotovoltaikoaren proiektuak 300 enplegu sortuko ditu puntako lan garaian, eta, beraz, karbono gutxiko ekonomia lortzeko trantsizioa oparotasunaren eta hazkunde jasangarriaren iturri ere izango dela erakutsiko du.
Ekieneak 200 hektarea hartuko ditu; horietatik 100 planta fotovoltaikoarentzat izango dira, eta beste 100 hektarea, berriz, ingurumena konpentsatzeko eta baso eremuak zaintzeko lursailak izango dira.
Aurreikuspenen arabera, proiektua 2022an hasiko da gauzatzen. Aurrez, ingurumena behatzeko eta administrazio izapideak egiteko prozesu bat egingo dute, eta 2023an jarriko da martxan. Urtebetean eraikiko da, beraz.
Energia berriztagarrien instalazio berri hori, halaber, aukera paregabea izango da proiektu hori bultzatuko duten euskal enpresen soluzio teknologikoak proiektatzeko.
Berrikuntzaren bidean
Energia fotovoltaikoaren parke erraldoia: Ekienea
Ekienea planta fotovoltaikoa Armiñonen egingo dute. Ehun hektarea hartuko ditu, eta urtean 162.000 pertsona hornitzeko gaitasuna izango du, 100 megawatteko potentzia instalatuta. 2023an jarriko da martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu