Duela hamar urte, EROSKI kooperatibak erabaki aurrendari bat hartu zuen elikagaien banaketaren arloan. Esnearen segmentuan marka propioak gora bidean zirela ikusirik, konturatu zen nolabait babestu behar zirela tokiko ekoizleak, sektoreak etorkizuna izaten jarrai zezan ustiategi txikienetan. EROSKIk, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nekazaritzako elikagaien sektorearekin lankidetza estrategikoa eginez, eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, luzera begirako kooperazio eredu egonkor baterako oinarriak jarri zituen tokiko esne hornitzaileekin. Eta, gaur egun, Nafarroan, Galizian eta Katalunian ere gauzatzen du kooperazio hori. Hamar urteotan, EROSKIk, bere markarekin, EAEn 120 milioi litro behi esne baino gehiago saldu ditu, eta 93 milioi eurotik gorako salmenta izan du. Nafarroan, berriz, 30 bat milioi litro esne merkaturatu ditu, eta 23 milioi euro baino gehiagoko salmenta egin du.
Apustu estrategikoa
Hamar urte igarota, jatorrizko esnearen alde egindako apustu estrategiko hura indarrean da, eta, gainera, EROSKIren politika komertzialaren eta lehen sektorearekin duen konpromisoaren ikur bihurtu da. «Duela hamar urte ulertu genuen marka propioa prezio alternatiba bat baino askoz gehiago izan zitekeela. Lurraldean aberastasuna sorrarazteko tresna ere bihur zitekeela. Izan ere, marka propioaren aldeko apustua gure konpromiso historikoetako batekin uztartzen dugu: tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea babestea. Gure helburua da sektore produktibo lehiakor bat izatea eta, aldi berean, gure bezeroei bere lurraldera estu loturiko kalitatezko produktuak eskaintzea», azaldu du Asier Guridik, EROSKIren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.
2016an abiatu zen EROSKIren markako esnearen ekimena EAEn, Galizian, Katalunian, Nafarroan eta Balear Uharteetan, planteamendu berritzaile batekin: lurraldez lurralde eskualdeko abeltzainek ekoitzitako esnea eskaintzea. Ekoizpen sistema integratu horretan, jezteko gunea eta ontziratzeko gunea metro gutxira daude. Horri esker, banaketako karbono aztarna ezin txikiagoa da. EAEren kasuan, adibidez, kamioiak bi egunean behin biltzen du esnea ustiategietatik, eta egunean bertan ontziratzen da kilometro gutxi batzuetara dagoen lantegi batean; horrela, murriztu egiten dira distantzia logistikoak.Â
Gaur egun, horrelakoxea da eredua EAEn, Galizian, Katalunian eta Nafarroan; izan ere, Balear Uharteetan ez baitago martxan abeltzainen esne ustiategirik. Guztira, eredu horren bidez, lau lurralde horiek 215 milioi litro baino gehiago merkaturatzen dituzte. EAEn biltzen dira saltzen diren litroen erdiak; haren ondotik datoz Galizia, Nafarroa, eta, azkenik, Katalunia.Â
EROSKIk jarraitzen du autonomia erkidego bakoitzeko hornitzaile bakarrarekin lanean. Luzera begirako lankidetza hitzarmen egonkorrak ezartzen ditu, segurtasuna ematen diotenak bai kooperatibari eta bai abeltegiei. Harreman komertzial puntualak egin beharrean, helburua beti izan da proiektu partekatuak eratzea, inbertsioak planifikatzeko, ustiategien lehiakortasuna hobetzeko eta landa ingurunerako funtsezkoa den jarduerari jarraipena ematen laguntzeko.Â
Martin Crespo, Bizkaiko Karrantza Haraneko ENS elkarteko presidenteak hauxe azpimarratu du: «Hamar urtez EROSKIren esne marka propioa hornituta, egonkortasuna eta jarraipena izan ditu gure elkartearen jarduerak; horri esker, gure ekoizpenari irteera bermatu diogu, eta esneagatik sortzen den balioa gure lurraldean gelditu da. Horrelako hitzarmenak zinez garrantzitsuak dira abeltegi txikien kasuan, modua ematen baitigute gure jardueran jarraitzeko, enpleguari eusteko eta euskal landa munduari loturik bizitzeko. Esne litro bakoitzaren atzean, familiak, abeltzainak eta lurralde bat daude, eta merkatu egonkorra izatea beharrezkoa da etorkizunari konfiantzaz begiratuko badiogu».Â
Izan ere, EROSKIrentzat hurbiltasuna lantzeak modua ematen du eskualdeko ekoizpen ehuna indartzeko; horrela, aurrera egin daiteke tokiko ekonomiaren garapena bultzatzeko eredu baterantz, hurbileko horniketa kateak sustatzen dira, eta distantzia logistikoa murrizten laguntzen da.Â

Kalitatea, berrikuntza eta konfiantza
Era berean, hamar urteotan, asko aldatu da marka propioaren eginkizuna elikagaien merkatuan. Orain dela hamar urte marka propioa gehienbat aurrezpenari lotua zegoen, eta gaur orobat identifikatzen da kalitatearekin, berrikuntzarekin eta konfiantzarekin. Azken urteetako inflazioak bizkortu egin du bilakaera hori, eta orain arte fabrikatzaile markak aukeratu izan dituzten kontsumitzaile soslai batzuk —esaterako, adinekoak edo errenta ertain-altukoak— marka propioa normaltasunez sartzen hasi dira erosketa saskian.Â
Alde horretatik, EROSKIren esneak jatorritik eutsi dio proposamen sotil baina sendo bati: tokikoaren aldeko konpromiso indartsu batekin eskaintzea oinarrizko gama, hau da, litroko esne osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua. Halaber, 2023an, kooperatibak sorta zabaldu zuen esne freskoa merkaturatzen hasita.Â
Iraunkortasunaren aldeko apustua
Tokiko ekoizpena da proiektuaren bereizgarria. Hurbileko hornitzaileekin lan egiteak aukera ematen du jarduera ekonomikoa sorrarazteko EROSKIk bere jarduera komertziala garatzen duen tokietan, bai eta desplazamendu logistikoak murrizteko eta garraioari loturiko karbono aztarna gutxitzeko ere. Gainera, kalitate politika zorrotz bat darama: aldian behingo ikuskaritzak eta ziurtagiriak.Â
2021ean, animalia ongizatearen AENOR ziurtagiria eskuratu zuen EROSKIk, eta, gaur egun, tokiko esne marka propio guzti-guztiek dute Welfair® estandarraren zigilua. Horrez gain, Eusko Label ziurtagiria du EAEn.Â
Ustiategien errentagarritasuna bermatzea, belaunaldien erreleboa sustatzea eta iraunkortasunerantz egitea dira esne sektorearen erronkak gaur egun. Horrekin jabetuta, EROSKIk jarraitu nahi du pixkanaka tokiko esnearen eredua EROSKI aritzen den eskualde guztietara zabaltzen, eta tokiko beste erreferentzia batzuk gehitzen esnekien eskaintzari.