EROSKIk lehen sektorearen iraunkortasunean laguntzen du, eta hitzarmenak ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan nekazaritzako elikagaien arloan diharduten elkarte ugarirekin. Tokiko hornitzaileekin lankidetza estuan aritzearen alde egiten du. Horri esker, luzerako hitzarmenak lortu ahal ditu, eta, horrela, bultzada bat eman EAEko eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien arloko garapenari eta garapen sozioekonomikoari.
EROSKIk EAEko 365 hornitzaile komertzialekin lan egiten du, eta haien 8.000 produktu inguru merkaturatu; Nafarroakoei dagokienez, 181 hornitzaile komertzialekin aritzen da EROSKI, eta haien 3.200 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. Produktu horiek toki nabarmenduak dituzte EROSKIren saltokietan. 2024an, EROSKIk 494 milioi euro baino gehiago erabili zituen EAEko hornitzaile komertzialei tokiko produktuak erosteko, eta 222 milioi euro baino gehiago Nafarroakoenak eskuratzeko.
Urtez urte, EROSKIk Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ekoizleei egiten dizkien erosketak handitzen ari dira. «Urtero indartzen dugu tokian tokiko ekoizleen aldeko apustua. Gaur egun, hurbileko produktuen eta sasoiko salgai freskoen eskaintza zabala da gure denden bereizgarri nagusietakoa. Gainera, aurrezpenaren alde egin dugu, gure prezioak hobetzen ditugu, eta bultzada ematen diegu gero eta pertsonalagoak diren sustapenei», esan du EROSKIren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.
EAEko produktuak
EAEn iaz erositako tokiko produktuei dagokienez, igoerarik handienak barazkietan eta patatetan izan ziren (%6 baino gehiago), batez ere udako hilabeteetan, EROSKI Natur Eusko Label markako barazkien eta Euskal Baserri patataren kanpainei esker.
Horien ondoren, behi haragiaren eta haragi ekoizpenen erosketak datoz, %8 handitu direnak. Kategoria batean baino gehiagotan sakabanatuta daude; izan ere, EROSKIk Euskal Okela behi haragia eta Eusko Label markako elaboratuak saltzen ditu Hazi fundazioarekin lankidetzan.
Nabarmentzekoa da, era berean, nola igo diren gazten erosketak, %10 baino gehiago. EROSKIk Euskal Gaztak proiektuaren alde egiten du, zeinaren helburua baita Eusko Labela duten Euskal Herriko gazta aldaera autoktonoak berreskuratzea, eta, aspaldiko urteetan, hitzarmena egina du Idiazabal jatorri izenarekin.
Azkenik, kontsumo ohitura berriak kontuan izanik, nabarmendu egiten dira indarra hartzen ari diren kategoria batzuk, hala nola esne freskoarena, %12 igo dena, eta sukaldaritzako soluzioena, %14 igo dena.
EROSKIk lankidetza hitzarmen bat du Eusko Jaurlaritzarekin, nekazaritzako elikagaien industria indartu eta garatzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi erakundeek 2022ko maiatzean sinaturiko bigarren hitzarmena da. Haren bitartez, EROSKIk konpromisoa hartu du tokiko produktuak sustatu eta bultzatzeko, eta, gainera, martxan jarri du tokiko ekoizleen kolektiboari lagun egiteko programa. Egitasmo horrek zerbitzua ematen die nekazaritzako elikagaien arloan diharduten ekoizle txikiei, dauzkaten zereginetan laguntzeko, bai ingurumenaren arloan, bai arlo sozialean eta baita gobernu korporatiboaren arloan ere. Alde horretatik, EROSKIk Basque Food Clusterrekin lan egiten du prestakuntza ekintzak gauzatzeko. Gaur egun, EROSKIk ehun partaidetik gora ditu programa horretan EAEn.
Halaber, aipagarria ere bada EROSKI elkarlanean aritzen dela Bikainak elkartearekin —euskal enpresa talde bat, apustu egiten duena Eusko Label, AGB eta jatorri izeneko berme zigiluak dituzten produktuen alde—. Horrez gain, EROSKIk bezeroentzako sustapen kanpainak, dastatzeak eta ekitaldiak antolatzen ditu.

Nafarroako tokiko produktuak
Nafarroako tokiko produktuen erosketari dagokionez, iaz igoera handiak izan ziren lekaleetan (%20), esne freskoetan (%16) eta plater prestatuetan (%30). Horien ondotik datoz piperrak, zainzuriak, tomatea eta kontserba begetalak, horien erosketak %10 handitu baitziren. Igoera horretan, ezinbestekoa izan da EROSKIk Tuterako orburua eta Nafarroako zainzuriak sor-markekin duen lankidetza, produktu horiek —bai freskoak eta bai kontserban— saltzeko eta sustatzeko.
Nabarmentzekoa da, era berean, %10 igo izana behi haragiaren eta beste haragi produktu batzuen erosketak. Natur markarekin eta Nafarroako aratxearen zigiluarekin saltzen ditu EROSKIk. Halaber, aipagarria da gaztetan eta jogurtetan izandako igoera (%8). Alde horretatik, garrantzitsua izan da Idiazabal eta Erronkari jatorri izenekin egindako lankidetza. Jogurten kasuan, EROSKIk Aspace elkartearen produktuak banatzeko egindako hitzarmena da aipatzekoa. Azkenik, fruta eta barazkiek %2tik gorako igoera izan dute.
Inguruko ekoizleekin tokiko ekonomiaren alde egiteko ahalegin horretan, EROSKIk hitzarmenak eginak ditu sektoreko erakundeekin eta nekazaritzako elikagaien arloko elkarteekin. Nafarroan ekoitzitako 350 erreferentzia baino gehiago saltzen ditu EROSKIk bere marken bidez: EROSKI, SeleQtia eta Natur.
Bestalde, azpimarratzekoa da EROSKI lanean ari dela INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegitura Institutuarekin bertako produktuak Reyno Gourmet markarekin sustatzeko. Horrela, marka horren 450 erreferentzia merkaturatzen ditu. Horrekin batera, hitzarmena egina du UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunarekin, tokian tokiko produktuak saltzen laguntzeko: zainzuriak, orburuak, piperrak, txahal haragia, arkumea, gaztak, ardoak...
Azkenik, EROSKIk parte hartzen du Nagrifood Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Klusterrean ere. Sektore askotako korporazioz osatua dago, eta haren helburua da Nafarroan nekazaritzako elikagaien arloan dihardutenak lerrokatzea Europako berritasun eta jasangarritasun politikekin. Esparru horri lotuta, Nafarroako 50 partaide ditu tokiko hornitzaileei lagun egiteko programan.