Eskola jazarpenari adarretatik heltzeko protokolo bat ondua dauka Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Urteetako eskarmentuaren ondoren, badu protokolo bat kasuan-kasuan prozedura jakin bat aplikatu, eta egoerari egokitutako esku hartzea abiatzeko. Ikastetxeak aholkulariz osatutako lantalde baten eta ikuskaritza talde espezializatu baten laguntza jasotzen dute.
Aholkularitza talde horretako kide da Iñigo Ramos, eta aintzat hartu du orain arte egindako lana. Nahiz eta aitortzen duen badagoela hobetzeko tarterik, azpimarratu du azken urteetan urratsak bide egokian egin direla, batez ere prebentzioan. Izan ere, Ramosek dioenez, Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan jazarpen kasu bat hautemanez gero, oso ohikoa da jazarpen hori bizpahiru urtez jaso izana, baina aurrez —2. edo 3. mailan— ikasle batek jazarpena jasaten duen edo jazarle izan daitekeen zantzuak hautemanez gero, sufrimendu handia aurreztu daiteke.
Kasu horiek hautemateko daude protokoloak. Familiak edo ikastetxeak ikusiz gero ikasle batek jazarpena jasaten duela, ikastetxeetako bizikidetza lantaldeek prozedura bat abiatzen dute. Honako hauek osatu ohi dute: zuzendaria edo ikasketa burua, Ongizate eta Babeserako Koordinatzailea (OBK), hezkidetzako arduraduna, «zoritxarrez, matxismoak dena zipriztintzen baitu», eta orientatzaile edo aholkularia. Talde motor horrek gutxienez astean behin elkartuta kudeatzen ditu eskola jazarpenarekin eta bizikidetzarekin lotuta dauden esku hartzeak.
«Prozesu hezitzaile bat garatzen dugu, ez bakarrik jazarpena jasaten edo eragiten duenarentzat, baita hori ikusten eta nolabait legitimatzen ari diren horiek ere hezteko»
IÑIGO RAMOS Aholkularia
Ustezko jazarpen kasu bat hautemanez gero, ikasleak babesteko bat-bateko neurriak hartzeaz gain, hiru asteko epean ikastetxeak txosten bat osatzen du azalduz zer eratako jazarpena ikusten duen, nortzuk esku hartzen duten, zer biktimizazio mota duen pertsona horrek… hori dena zehatz egitea komeni izaten da, gero esku hartze egoki bat egiteko.
Esku hartzeak, tentuz
Komeni izaten da bereiztea ea hautemandakoa gatazka puntual bat den ala jazarpen kasu bat den. Behin hori argituta abiatuko da esku hartzea. Jazarpena ote den balioesteko, jazarpenaren lau ezaugarriei erreparatzen diete: erasotzaile eta ustezko biktimaren artean botere desoreka egon den, denboran zehar errepikatutako erasoa izan ote den, erasoak ikasle berberari egin ote zaizkion eta erasotzaileak biktima gutxiesteko asmorik izan ote duen. «Isila izateko joera du jazarpenak, eta hori dena azaleratzea komeni da, baina oso modu zuhurrean, berriz ez biktimizatzeko», azaldu du Ramosek. Azpimarratu du oso inportantea dela tentuz ibiltzea prozesuetan.
Horretarako hainbat teknika daudela azaldu du, hala nola tutoretzetan lantzeko jarduera espezifikoak, patio zaintza aktiboak, entzuketa aktiboan entrenatzea, behaketa aktiboa… Hori guztia zenbat eta «olioztatuagoa» egon, orduan eta hobeto arituko dira eragileak, horixe erakutsi dio esperientziak. «Teknika horiek aktibatuz gero, kasu gehiago hautematen da eta askoz ere lehenago detektatzen dira; beraz, sufrimendu handia ekiditen da». Argi du ez dagoela prozesu berdinik: «Prozesuetan izaten diren aldaketei egokitzen joaten gara».
Izan ere, ikastetxeak gizartearen isla direla argi du Ramosek: «Botere sumisioan oinarritutako harremanak oso zabalduta daude gure gizartean. Gure eginbeharra da prozesu hezitzaile bat garatzea, ez bakarrik jazarpena jasan edo eragiten duenarentzat, baita hori ikusten eta nolabait legitimatzen ari diren horiek ere hezteko».
Esperientziak irakatsi dionez, prozesuak konplikatuak izan arren, emaitza on eta eraginkorrak eman ditzakete, bai balizko biktimentzat, bai familientzat, baina baita jokabide horiek dituztenentzat eta hori ikusten ari direnentzat ere. «Esku hartzea diskretua, doitua eta ondo egina bada, onuragarria izango da, bai komunitate horrentzat, bai oro har denentzat. Elkarlanaren bidez min handia arin liteke, bizitzarako ikasketa bat da, eta hobekuntza itzelak lortzen dira».