Eusko Jaurlaritzak sortu duen Basque Wine markak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten diren kalitatezko edariak sustatzen ditu, jatorri izenen eta marka kolektiboen babespean ekoizten diren ardoa, txakolina, sagardoa eta garagardoa. Hau da, Arabako Errioxa sor-markako ardoak, Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina jatorri izenen babespean egiten diren txakolinak, Euskal Sagardoa sor-markako sagardoak, eta Basque Beer marka kolektiboak babesten dituen artisau garagardoak.
Edari bikainak dira. Bertakoak, kalitatezkoak, bereziak. «Basque Wine marka sortu zen hemengo edariak sustatzeko, edarien aldetik daukagun aberastasun handia kanpoaldean ezagutarazteko. Berezitasun jakin batzuk dituzten edariak dira. Hemengo mahats, sagar eta beste zenbait osagairekin egindakoak dira, bertako lurretan hazten direnak. Kalitatezko fruituak dira, eta, ondorioz, horien bidez ekoitziriko edariak ere kalitate handikoak dira. Horretarako, gure ekoizpen modua berezia da, kontrolatua. Ez dago lursail handirik. Lehengaia oso zaindua dago, eta produktuak oso ongi ekoitziak daude, oso modu egokian», Ainhoa Gorostidi Basque Wine Officeko arduradunaren hitzetan.
Basque Wine Office bulegoa Arkautin (Araba) dago. Hainbat zerbitzu ematen ditu, Gorostidik azaldu duenez: «Laguntza eta sostengua ematen da Eusko Jaurlaritzatik Hazi fundazioaren bitartez. Informazioa eta laguntza ematen dugu produktuak merkaturatzeko, diru laguntzak lortzeko, azokak egiteko, berrikuntzarako... Lehen sektoreko arlo horietarako sostengua ematen dugu».
Ardoa
Klima eta geografia aldetik, Arabako Errioxan baldintza ezin hobeak daude ardoak egiteko, eta horrek ekarri du mundu mailan kalitatearengatik ospetsuak izatea. Izan ere, mahastiak landatuta dauden lurrak inguru ezin hobeak dira ardoa ekoizteko mahats aparta hazi ahal izateko.
Ardoa eskualde horretako ezaugarri nagusietako bat da. Izan ere, Arabako Errioxak mahastizaintzarekin eta ardogintzarekin duen harremana duela hainbat mende hasi zen. Izatez, jardun hori Erromatar Inperioarekin batera iritsi zen eskualdera, erromatarrek ekarri baitzituzten ardoa egiteko teknikak, eta haiek eraiki zituzten ardoa egiteko azpiegiturak. Horrela, Arabako Errioxan aitzindariak izan ziren upeletan ontzeko sistema ezartzen.
Mendeetan pilatutako eskarmentua eta jakinduria berrikuntzarekin aberastu dute azken urteetan, eta hainbat hobekuntza egin dituzte, kalitate goreneko ardo beltzak, gorriak eta zuriak ekoizteko.
2020ko datuen arabera, Arabako Errioxan 119 upategi daude. Guztira, urteko 28.000.000 litro ekoizten dituzte, 73.500.000 kilo mahats baliatuta. Horretarako, 13.090 mahasti hektarea dituzte.

Txakolina
Txakolina munduan bakarra da, eta hondarribi zuri eta hondarribi beltz mahats barietateekin egiten da. Ardo berezi bat da, nortasun handikoa, nazioartean sona handia lortu duena.
Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina jatorri izenpean egiten diren txakolinek eremu geografiko bakoitzaren ezaugarri bereziak dituzte. Erabilitako mahatsaren arabera, txakolin mota hauek bereiz daitezke: txakolin zuria, upelean hartzitutako txakolin zuria, txakolin gorria, txakolin beltza eta ardo bereziak — txakolina arautzen duten kontseiluek babesten dituzten apardun eta mahats-bilketa berantiar gutxi batzuk—.
2020ko datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan txakolina egiteko 81 upategi daude, guztira. Urteko 5.062.864 litro ekoizten dute, 7.430.259 kilo mahats baliatuta. Horretarako, 965 mahasti hektarea dituzte.

Sagardoa
Euskal Sagardoa sor-markako sagardo naturalaren jatorria antzinako baserrietan dago, sagardoa baserrietako dolareen bidez egiten baitzen. Sagardoak ezaugarri historiko eta kultura berezi bat mantendu du bere inguruan, sozializatzea eta partekatzea, eta aipagarria da sagardotegietan upeletik txotx egiteko ohitura, zeina ospetsu egin den.
Euskal geografiaren klima aniztasuna lagungarria da sagar mota desberdinak hazteko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, sagardotarako ehun sagar mota baino gehiago daude, baina 24 dira gehien erabiltzen eta gomendatzen direnak. Euskal Sagardoa sor-markako sagardoek %100 euskal sagarrarekin eginak izan behar dute.
Belaunaldiz belaunaldi transmititu diren teknika tradizionalak errespetatuz, sagardotegi bakoitzak ñabardura bereziak lortzen ditu sagarren nahasketa egitean. Emaitzak Zizurkilgo Fraisoro Laborategian (Gipuzkoa) aztertzen eta ziurtatzen dira, kontrol analitiko eta organoleptikoen bitartez, eta laborategiak onetsitakoek bakarrik jasotzen dute Euskal Sagardoa jatorri izenaren bereizgarria, botiletan etiketa gorri batekin identifikatzen dena.
Guztira, Euskal Sagardoa sor-markako sagardoa egiten duten 46 sagardotegi daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2024ko sagar uztaren bidez, 1.300.000 litro sagardo ekoitzi dituzte gutxi gorabehera. Horretarako, ia 500 sagasti hektarea erabili dira.

Garagardoa
Basque Beer markarekin aritzen diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garagardo ekoizle gehienak itsasertzean daude, eta garagardotegi gehienak 10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan.
Osagai guztiak hurbil izatea da Basque Beer garagardoen nortasun ikurretako bat. Garagardo egile bakoitzak artisau-prozedurak erabiliz egiten du garagardoa egiteko prozesu osoa: garagar-malta gorde eta ehotzea, beratzea, kozinatzea, hartzitzea, botilatzea eta etiketatzea.
2020ko datuen arabera, 17 garagardotegi dira Basque Beer markako artisau garagardoa egiten dutenak. Urteko 1.000.000 litro ekoizten dituzte, guztira. 292 garagardo mota egiten dituzte.