2020an abiatu zen lankidetzarako gobernantza eredu berriaren proiektua, gaur egun Goierri BarNETik izena hartzen duena, eragile publiko, pribatu eta komunitarioekin eta Goierriko (Gipuzkoa) herritarrekin lan saioak eta elkarrizketak eginez hasi zen. 2021eko azaroan, lankidetza prozesuaren bitartez hiru erronka hauei heltzea adostu zen: energia, landa garapena eta zaintza. 2022ko maiatzean, Goierriko 157 biztanleri egindako elkarrizketen emaitzak jaso ziren, adierazten zutenak adostutako erronkak bat zetozela herritarren kezkekin. 2023ko irailean, hiru eremu horietan lan egiteko eredua adostu eta ekimena ezagutarazi zen, eta 2024ko abenduan, lankidetza hori arautzen duen hitzarmena prest zegoen.
Urtarrilaren 22an, lankidetzaren oinarri izango den hitzarmena sinatu zen Mutiloako Udaletxean antolatu zen ekitaldi batean.
Goierri BarNETik prozesuaren jatorria
Goierrik etorkizunari begira dituen erronkek dimentsio anitzeko eraldaketa eskatzen dute: ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala. Eta erronka horiek irtenbide jakinik ez dutenez, ezinbestekoa da erakunde publikoak, eragileak eta gizartea elkarrekin aritzea. Goierrik eraldaketa handia bizi izan du azken hamarkadetan, eta hortik eratorritako erronkei heltzeko Lankidetzazko Gobernantza proiektua abiatu zen 2020an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenak diruz lagunduta. Erronkei aurre egitea ez ezik, proiektuaren sorburutik muinean egon den beste helburu bat ere landu da prozesuan: Goierrirako gobernantza eredu berri bat diseinatzea.
Erronkak
Lehenetsitako erronkak energia, landa garapena eta zaintza dira. Legorretako Herri Antzokian egin zen batzarrean lehenetsi zituzten eragileek erronka horiek, 2021eko azaroan. Dagoeneko, energia eta landa garapeneko erronkak aktibatu dira, eta elkarlanean lantzen ari dira. Asmoa da 2025ean hastea zaintza arloko erronka lantzen.
Goierri BarNETik sareak askotariko eragileak biltzen ditu, askotariko jatorria eta interesak dituztenak, eta elkarlanean aritzeko urtarrilaren 22an sinatu zen lankidetza hitzarmena gakoa da. Etorkizunean ezinbestekoa izango da ikuspegi partekatu baten oinarripean askotariko eragileen ekimenak konektatu eta definitutako erronka bateratuak aurrera ateratzea.
Lankidetza hitzarmena
Goierri BarNETik gobernantza sistema berria egituratzeko lankidetza hitzarmena sinatu duten eragileak hauek izan dira: Altzagako Udala, Aramako Udala, Ataungo Udala, Beasaingo Udala, Gabiriako Udala, Gaintzako Udala, Idiazabalgo Udala, Itsasondoko Udala, Lazkaoko Udala, Legorretako Udala, Mutiloako Udala, Olaberriko Udala, Ordiziako Udala, Ormaiztegiko Udala, Segurako Udala, Zaldibiako Udala, Zegamako Udala, Zeraingo Udala, Goierri Fundazioa, Goieki, Goimen, Goitur, Ampo, CAF, Goierri Valley, Orkli, Lortek, Biziola, Caritas, Goiener, Goierriko Nekazal Kooperatiba, Goierriko Hitza, GITB eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
2020. urtean abiatu zen prozesu hau intuizio eta konbentzimendu batekin abiatu zen: bizitzen ari garen garaiaren konplexutasunari erantzungo dion harreman sistema berri bat beharko zela Goierriko eskualdean. Goierrik izan duen izaera kolaboratzaileari erantzunez, uste zen beste urrats bat egin beharko zela.
Halaber, prozesuak argi utzi du Goierriko giza kapitala eta erakunde kapitala konektatuko dituen eredu berri bat behar dela. Erronka oso konplexuak ditu Goierrik etorkizunari begira (trantsizio energetikoa, eskualdeko landa garapena, erronka demografikoa, euskara, zaintza, eta abar) eta, sarearen iritziz, konplexutasun horri soilik konplexutasunetik erantzun ahalko zaio, alegia, Goierriko eskualdean dauden eragileak konektatuz eta haien arteko lankidetzaren bitartez.
2020. urtean eskualdeko eragileekin egin zen entzute prozesuan, ikusi zen eskualdean orain artean sortutako arkitektura instituzional eta lankidetzazkoa motz geratzen zela erronka konplexuei erantzuteko orduan. Antzeman zen abiadura ezberdinetako Goierri bat gertatzen ari zela, alegia, goierritarren artean diferentzia gero eta nabarmenagoak sortzen ari zirela. Horrekin batera erronka berriak etorri dira, orain arte ezagututako dimentsiotik eta konplexutasunetik haratago doazenak.
Goierrik historikoki jakin izan du egoera berrietara egokitzen. Alde horretatik, eta ondare intelektual eta historiko hori presente izanik, bizi dugun abagunea ulertu eta hari erantzuteko prozesu bat abiatu zuten eskualdeko udalek.
Prozesua konplexua izaten ari da. Prozesu horretan bi ildo jorratzen dira: batetik, eskualdean lehenetsi diren hiru erronkei —energia, landa garapena eta zaintza— erantzuteko ildoa; eta bestetik, horri guztiari koherentziaz eta eraginkortasunez erantzuteko gobernantza edo antolakunde sistema definitu duen ildoa. Biei heldu zaie, eta tarte honetan energiari eta landa garapenari erantzungo dion prozesua garatzeaz gain, eskualde gobernantza berria garatzen ari da Goierri BarNETik. Urtarrilaren 22an, gobernantza hori arautuko duen edo gobernantza horren oinarriak ezarriko dituen hitzarmena sinatu eta aurkeztu da.
Etorkizun berri bat irudikatzen duen mugarria izan da. Orain arteko harreman motak eraldatu nahi dira, konektatu, eta ziurgabetasun testuinguru honetan etorkizun berriak eraiki.
Gobernantza sistema berriaren antolaketa eredua
Urtarrilaren 22an aurkeztu zen hitzarmena aurretik aipatu diren eragile publiko, pribatu eta komunitarioek sinatu dute, eta bertan, gobernantza sistema berriaren antolaketa eredua definitu da. Antolaketa eredua hiru gunetan banatuko da, bakoitza bere funtzio eta eskumenekin: Ekosistema, Erabakigune Zabala eta Erabakigune Operatiboa. Hiru gune horiek egoki koordinatzeko, bulego tekniko bat egongo da.
Erabakiak hartzeko ponderazio sistema bat adostu da. Konkretuki, pentsatuta dago hartzen diren erabakiek askotariko eragileen onespena beharrezkoa izateko. Egiteko modu berri bat jorratu nahi du prozesuak, ahalik eta horizontalena.
Finantzaketa iturriak
Hitzarmenak finantzaketa konpromisoak ere jasotzen ditu. Horretan ere, askotariko eragileen ekarpena aurreikusten da. Udalek finantzaketaren %50 hartu dute beren gain, enpresa sektoreak %25, eta aurreikusten da gainerako %25a bestelako finantzaketa iturrietatik eratortzea.