Gorbeia mendia Araba eta Bizkai artean dago, inguru natural paregabe batean. Naturagune eta paisaia liluragarriez, ondare aberatsaz, euskal kulturaz eta tradizioez, historiaz, mitologiaz, gastronomiaz, kirolaz, abenturaz eta lasaitasunaz gozatzeko paraje ezin hobeak dira.
Hori guztia aurki daiteke bizikletan ibiltzen, Gorbeia Cycling egitasmoari esker. Izan ere, Gorbeian bizikleta euskal kulturarekin eta paisaiarekin lotzeko modu gisa ulertzen dute. Une gorena, esfortzua, natura eta euskal abegikortasunaren arteko nahasketa da; errepide lasaietan pedalei eragin, hanketan desnibela sentitu eta eguna gastronomiaz eta tokiko kulturaz gozatuz amaitzea.
Horrela, Gorbeia helmuga ziklista nagusia da lasaitasuna, mendateetako aldats pikoak, eta bertako gastronomiaz eta bizi daitezkeen esperientzia liluragarriez gozatzen amaitzen duten ibilbideak bilatzen dituztenentzat.

Ekoturismo aktiboa
Gorbeia Cycling ez da zikloturismoa maite dutenentzako ibilbide multzo bat bakarrik; ekoturismo aktiboaren eta bi gurpilen gaineko euskal nortasunaren aldeko apustua da. Ibilbideak bai errepideko bai mendiko bizikletaz egin daitezke. Ekoturismorako toki ziurtatua, lasaia eta benetakoa da. Ibilbideetan, trafiko gutxiko bigarren mailako errepideak, mendate zorrotzak eta mendi-pistak daude, zikloturismorako zerbitzu espezializatuak dituztenak.
Hiru ibilbide mota hauek egin daitezke Gorbeia Cycling egitasmoaren bidez:
•Gorbeia Bira On Road, esperientzia handiko txirrindularientzat eta amateurrentzat egokia.
•Gorbeia Bira MTB, erronka zorrotza eta oso murgiltzailea.
•E-bike aukera, ibilbidea hainbat etapatan egiteko.
Horrez gain, esperientzia askeago bat bilatzen dutenek beren ibilbide propioak diseina ditzakete, jende gutxi ibiltzen den errepideak paisaia ikusgarriekin tartekatuz. Gainera, inguruan mendate txikiz osatutako sare interesgarri bat topa daiteke. Altube, Dima, Oro, Barrerilla, Bikotzgane, Kurtzeta eta Urduña mendateak, esaterako, nabarmentzeko moduko protagonistak dira Euskal Herria zeharkatzen duten bi txirrindulari lasterketa handietan, Vueltan eta Itzulian.Â
Informazio praktiko, track eta zerbitzu espezializatu guztiak www.gorbeiaeuskadi.com/eu/rutas-bicicleta-gorbeia webgunean daude.

Gorbeiako gailurra
Gorbeia Euskal Herriaren bihotz berdea da. Izan ere, Gorbeiako parke naturala Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) parke naturalik zabalena da. Gailur nagusia Gorbeia mendia da, eta euskal mendizaletasunaren ikurra den gurutze ospetsuaz apainduriko tontor ezaguna du. Gailurra, gurutze ospetsua, 1.481 metrora dago, eta haraino bizikletaz igo daiteke. Ingurua naturagune aparta da, askotarikoa: pagadi, harizti, pinudi, larre, kareharrizko gailur, haitzulo, menhir, eraikin, ur-jauzi eta urtegi ikusgarriak aurki daitezke. Besteak beste, Itzinako biotopoa, Baltzolako eta Mairulegorreta haitzuloak, Kurtzeganeko menhirra, Oroko Andre Mariaren santutegia, Goiuriko ur jauzia, Saldropoko hezegunea, eta Uribarri Ganboako, Urrunagako eta Albinako urtegiak.
Mendiko aire garbia arnastu daiteke Gorbeian. Inguruetan, euskal ondarea ezagutzeko eta euskal kultura bizitzeko eta sentitzeko Arabako eta Bizkaiko hainbat herri xarmagarri daude. Biztanleak abegitsuak dira, eta atsegin handiz hartzen dituzte bisitariak. Txirrindularitzak nortasun handiko udalerriak elkartzen ditu, hala nola Orozko, Zeanuri, Areatza, Murgia, Ibarra (Aramaio) eta Legutio. Aipagarriak dira inguruetan dauden museo interesgarriak: esaterako, Ollerietako Euskal Buztingintza Tradizionalaren Museoa Legution eta Antzasti Euskaldunon Etxea museo etnografikoa Diman. Halaber, Gorbeia Cycling egitasmoari esker, bizikletaz ibiltzen ezagutu daitezke Gorbeia inguruko jarduerak, zerbitzuak, eta jatetxe eta ostatu bikainak. Izan ere, bizikleta Gorbeiako lurraldea ezagutzeko modu eder bat da.Â
Gorbeiak Wikiloc-en kontua du (Gorbeia-Euskadi). Bertan, bizikletaz eta oinez egiteko ibilbideak azaltzen dira (https://es.wikiloc.com/wikiloc/user.do?id=4616816).


Â