Oihana Parkea euskal kostaldeko parke akrobatikorik altuena da. Itsaso eta mendi artean dago, Urruñan (Lapurdi), kaliforniar pinudi zoragarri batean. Zuhaitz arteko abentura, paintballa, surfa, itsasoko kayaka eta beste hainbat jarduera zirraragarri egin daitezke. Emozioaz, sentsazio biziez eta esperientzia ahaztezinez gozatuz, egun eder bat igaro daiteke familiarekin, lagunekin edo bakarrik. Parkea sakon berritu dute neguan, eta zirkuitu berriak prestatu hala familientzat nola helduentzat.
Oihana Parkea egunero egongo da zabalik abuztuaren 31ra arte, 10:00etatik 19:00etara. Irailaren 1etik aurrera, asteazken arratsaldeetan eta asteburu osoan egongo da irekita. Taldeak erreserba eginda etor daitezke. «Parkea Domu Santuko oporren ondoren ixten da, mantentze lanak egiteko, eta Aste Santuko oporretarako berriro irekitzen ditu ateak», arduradunen hitzetan.
Zuhaitz artean abentura liluragarriak bizi daitezke, altuerako ibilbide akrobatikoak eginez. Zuhaitz batetik bestera pasatzeko eta oreka lantzeko zenbait ariketa egin daitezke. Horretarako, besteak beste, Nepaleko zubiak, eskailerak, pasabideak, tirolinak eta sareak erabil daitezke.
Zuhaitzetako abentura zirkuituetan ibiltzeko irteerak 30 minutuan behin egiten dira, 16:00ak arte —12:00etatik 14:00etara izan ezik—, eta jarduerak bi ordu inguru irauten du.
Paintballean aritzeko, aurrez erreserbatu behar da, +33 (0) 603-40 52 31 telefono zenbakira deituta, eta saioak 10:00etan, 14:00etan eta 16:00etan hasten dira. Horiek ere bi ordu ingurukoak dira.
Haurrek, gazteek eta helduek, denek badute zertaz gozatu: «Bai, guztiz. 3 eta 6 urte bitarteko haurrek haientzat bereziki prestatutako zuhaitz arteko zirkuitu ludiko eta didaktikoa dute, gurasoen begiradapean egiteko modukoa. 6 eta 10 urte arteko haurrak familia zirkuituan has daitezke, gurasoekin edo helduekin batera. 10 urtetik gorakoak helduen zirkuitura sar daitezke, eta ausartenek Super Beltza izeneko ibilbideari aurre egiteko aukera dute».

Paintballean ere ongi pasatzen dute: «7 urtetik aurrerako gazteek partidak egin ditzakete; gainera, ezin hobeak dira lagunarteko urtebetetzeetarako. 12 urtetik gorakoek, berriz, helduentzako partidak dituzte; askotan, ezkondu aurreko agurretan eta enpresetako motibazio jardunaldietan egiten dira halakoak».
Emozioa eta adrenalina bermatuta daude. «Zuhaitzetako abentura zirkuituek altuerarekin konfiantza hartzeko aukera ematen dute, eta paintballak modua ematen du emozio biziak pizteko. Helduen zirkuitua amaitzeko, gainera, Base Jump izeneko jauzi ikusgarri bat dago; aukera ematen du ia 19 metroko altueratik jausgailuz egindako jauzi bat zer den sentitzeko».
Azpimarragarria da jarduera guztiak segurtasun osoz egiten direla. «Jarduera guztiak indarrean dauden araudi zorrotzen arabera egiten dira. Zuhaitzetako zirkuitu guztiek Click-It sistema adimenduneko mosketoiak dituzte; horri esker ezinezkoa da segurtasun lerrotik nahi gabe askatzea. Jarduera bakoitza hasi aurretik, parte hartzaile guztiek derrigorrezko azalpenak jasotzen dituzte, bai segurtasun arauei buruz, bai ekipamenduaren erabilerari buruz».
Frantziako Gazteen Arloko eta Kiroleko Ministerioak aitortutako kirol hezitzaile profesional baten ardurapean egiten dira jarduerak. «Parke osoa begirale profesionalek zaintzen dute; gehienek CQP titulazioa dute».
Bisitari ugari
Urtero bisitari ugari jasotzen dituzte. «Ikastetxeetako, kirol elkarteetako, aisialdi zentroetako eta enpresetako taldeak, ezkondu aurreko agurrak egiteko taldeak, eta lagun taldeak etortzen dira. Gehienak inguruko herrietatik eta Gipuzkoatik datoz, baina inguruko kanpinetan oporrak igarotzen dituzten turistak ere etortzen zaizkigu. Horrez gain, Bordeleko, Paueko eta are urrunagoko tokietako bezero fidelak ere baditugu, urtero itzultzen direnak».
Bisitariak eroso ibil daitezen, Oihana Parkeak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
•Autobusak hartzeko moduko aparkaleku pribatu handia.
•Komunak.
•Harrera gunean, itzalpeko piknik mahai ugari; urtebetetzeak eta talde bazkariak antolatzeko ezin hobeak.
•Udan, snack gunea, janaria, izozkiak, krepeak, gofreak eta edari freskagarriak eskaintzen dituena 11:00etatik 17:00etara.