Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbao

Gutun Zuria Bilbao jaialdia, literatura garaikidearen erreferentea

Letren Nazioarteko Jaialdian, Alana S. Portero, Didier Eribon, Layla Martinez, Mario Obrero, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Hedoi Etxarte, Uxue Razquin eta Lur Olaizola izango ditugu, besteak beste.

Azkuna Zentroa
Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia otsailaren 24tik 28ra izango da Azkuna Zentroan.
2026ko otsailaren 23a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaon, Gutun Zuria  jaialdiaren 19. aldia izango da otsailaren 24tik 28ra. Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia erreferentea da hitzaren inguruko diziplina anitzeko sorkuntzan, eta, urtero, zubi-lana egiten du idazten duenaren eta irakurtzen duenaren artean, irakurketa eta literatura bizipen komun bihurtuz.

Gutun Zuria Bilbao hitzaldi, eztabaida, tailer eta profesionalen arteko topaketen bidez zabaltzen da, eta literatura garaikideko 30 bat idazle erreferentek beren sormen prozesuen berri ematen diote publikoari.

Jaialdi askotariko eta ireki honetan, euskal kulturak leku gailena du. Programa otsailaren 24an hasiko da, asteartean, 17:30ean, Bastida aretoan, Danele Sarriugarte eta Layla Martinez idazleekin. Etorkizunean kargatutako literatura hitzaldian, literatura esku-hartze kritikorako tresna gisa hartzea proposatzen dute.

19:00etan, jaialdiaren inaugurazio ofizialarekin bat, 60. urteurrena ospatzen ari den Gerediaga elkarteari emango diote BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria. Gerediagak euskal kultura garaikidearentzat funtsezkoak diren proiektuak bultzatu edo lagundu ditu bere historian barrena, besteak beste Durangoko Azoka, Euskal Herriko kultura-ekitaldi nagusietako bat.

Bestalde, aurten nazioarteko literatura-edizio garaikideko figura nabarmenetako bati emango diote ohorezko makila, Valerie Milses (New York, 1963), haren ibilbide profesionala aintzatesteko, eta, hor, lan sortzailea, intelektuala eta bitartekaritza kulturala nabarmentzen dira. Granta aldizkariaren buru izanik, euskal literaturaren eta antzekoen dibertsitate kulturala eta linguistikoa sustatzen du, eta Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Karmele Jaio eta Uxue Alberdiren gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak bultzatu ditu.

Gero, auditoriumean, hiru ahotsetako solasaldi batean, Bernardo Atxagak, Karmele Jaiok eta Jabier Muguruzak etorkizuna, espekulazioak, dibagazioak eta asmakizunak izango dituzte hizpide, benetakoa den gauza bakar horretatik abiatuta: historia duen orainetik.

Jaialdian programatutako solasaldien artean, Alba Garmendia eta Jule Goikoetxea egileen artekoa nabarmentzen da, Utopiak pentsatzeko marko bat saioan utopiaren indar literario eta politikoari buruz eta etorkizunari begiratzeko moduari buruz arituko baitira. Gainera, Dolua sormen saioan, euskal sorkuntza artistikoko ahots berriak bilduko dira. Hedoi Etxartek, Uxue Razquinek eta Lur Olaizolak galera nola eraldatzen den eta idazketaren, zinemaren eta artearen bidez nola transmititzen den azalduko dute.

Solasaldien programa osatzeko, saioak egongo dira literaturako pertsonaia nabarmenekin, besteak beste, Alana S. Portero, Didier Eribon, Valerie Miles, Miguel Angel Hernandez, Mario Obrero eta Natalia Castro Piconekin.

Gutun Zuria Bilbaok haurrentzako proposamenak ere baditu. Tanttaka Teatroak Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez aurkeztuko du, Fernando Bernuesen ideia batean oinarritutako antzezlana. Harkaitz Canok idatzitako album ilustratu honek Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria jaso zuen 2024an. Isabel Herguera zinemagilearen ilustrazioak ditu, liburutegiei eta literaturari egindako omenaldi bat da, eta gazteak literaturaren munduan sartzera bultzatu nahi ditu.

Bestalde, Klera (Elkar, 2024) lanarekin, 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso zuen Leire Bilbao idazleak, eta haren eskutik, Lehen Hezkuntzako haurrek aukera izango dute poesia jolas, adierazpen eta sormen modura deskubritzeko, eta eguneroko bizitzan txertatzeko askatasun- eta sentsibilitate-modu gisa.

Jaialdian, hirugarren aldiz lekua egingo zaie literatura-edizioaren inguruko profesionalei, Gutun Zuria Bilbao PRO egitasmoan. Programa otsailaren 25ean eta 26an izango da, eta hogei bat idazle, argitaletxe, itzultzaile, kultura-programatzaile eta sektoreko eragile bilduko ditu, eremu bakoitzeko erronka profesional bereziak eta liburuaren kateko ekoizpenaren, hedapenaren eta irakurketaren etorkizun posibleak eratuko dituzten dinamika partekatuak aztertzeko.

Gutun Zuria

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.