Goitur

Hainbat mendetako historiaren ondarea Goierrin

Goierri eskualdea garrantzi handikoa da Euskal Herrian ondarearen eta kulturaren aldetik.

Igartza monumentu multzoa
Igartza Monumentu Multzoa. GOITUR
2025eko apirilaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donejakue Bideak eta Errege Bideak alderik alde zeharkatzen dute Gipuzkoako Goierri eskualdeko geografia, interesgunez josia, pertsonaia historikoei eskainitako museoek, Interes Kulturaleko Ondasuntzat aitortutako monumentuek, eta Ordizia, Segura eta halako Erdi Aroko herriek erakusten duten bezala.

Goierriko kulturaz ongi jabetzeko, sei leku hauek bisitatzea gomendatuko genizueke:

Barandiaran museoa: Ataunen dago. Joxemiel Barandiaran euskal kulturaren patriarkaren omenezkoa (museoa mitologiari eskainia dago).

Igartza Monumentu Multzoa: Beasainen dago. Bertan ikusteko modukoak dira jauregia, errota, burdinola, zubia, gurutzea... Bilerak eta kongresu txikiak egin ahal izateko ezin hobeto prestatua dago jauregia gaur egun.

Erdi Aroko Interpretazio Zentroa: Seguran dago. 1256. urtean sortutako herri honetan kokatua, Erdi Aroko bizimodua erakusten du Ardixarra etxeak.

Zumalakarregi museoa: Ormaiztegin dago. Tomas Zumalakarregi jeneral karlista eta bere anaia Migel politikari liberalaren bizitzak erakusten ditu, XIX. mendeko Euskal Herriko historiari gainbegirada ematearekin batera.

Zeraingo Paisaia Kulturala: Museo etnografiko batek, garai bateko zerrategi hidraulikoak, kartzelak eta artisautzako denda batek osatzen dute.

Aizpeako Meatzaritza gunea: XIX. mendean ustiatzen zen meatze zaharra eta bertako galeriak bisita daitezke.

Barruko Donejakue Bidea esaten zaiona Goierrin barrena doa, eta Errege Bide bilakatuko da eskualde hau zeharkatzean: San Adriango tunelak eta Basque Highlands-eko mendiek bide osoko zatirik ikusgarrienetakoa bihurtzen dute etapa hau. Horrexegatik, 2015. urtean Gizadiaren Mundu Ondare aitortu zuen Unesco erakundeak Iparraldeko Donejakue bidea, eta bideko mugarri, berriz, San Adriango Tunela.

San Adriango tunela
San Adriango tunela. GOITUR

Halaber, herrietako tradizioak ere kulturaren zati garrantzitsua dira: herri kiroletako erakustaldiak, bola jokoa Seguran eta Zerainen… Goierrin ondo errotuak dauden ohiturak dira, beste leku askotan galtzen ari badira ere. Nabarmentzeko modukoak dira Segurako Aste Santua, Euskal Herriko dantza solteko txapelketa, duela berrogei urtetik hona urrian Seguran ospatu ohi dena, eta baita eskualde osoko herri guztietako jaietan janari dastaketekin batera antolatzen diren erromeria ugariak ere. Hala baserri zaharrak nola eliza eta eraikin bakar eta bereziak Basque Highlands eskualdeko kulturaren ondare garrantzitsua dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA