Filosofoa eta irakaslea

Iñigo Martinez Peña: «Heldu moduan ezin dugu dimititu»

Azaldu du haur eta nerabeei helduek eta erakundeek jarri behar dizkietela mugak: «Laguntza behar dute deskonektatzeko».

Iñigo Martinez irakaslea eta filosofoa. GORKA RUBIO / FOKU
Iñigo Martinez irakaslea eta filosofoa. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iñigo Martinez kezkatuta dago smartphoneen gehiegizko erabilera dela eta, eta arautzearen alde mintzatu da. Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari? izenburupean, mahai inguru bat egingo dute datorren asteartean, Donostian. Martinezekin batera, Mirene Beriain Osakidetzako lehen mailako arretako pediatrak eta Maitane Ormazabal filosofoak hartuko dute parte. Maiatzaren 5ean izango da, Jakes Goikoetxea BERRIAko kazetariak gidaturik, San Telmo museoan, 18:30ean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Laboral Kutxak eta San Telmo museoak babestuta egingo dute mahai ingurua.

Martinezen aburuz, «oso arin sartu da digitalizazioa, berrikuntza ororen gurtza gisa, eta aurreikusi gabe epe luzera zer ondorio izan ditzakeen. Uste dut beharrezkoa dela tarte bat hartzea, zeren modu ikaragarri batean liluratu gaitu, eta oso modu akritikoan sartu dira, baina, pixkanaka, agerian geratzen ari dira arretan, memorian, ulermenean eta frustraziorako tolerantzian haurrek eta gazteek dauzkaten gainbeherak, hain zuzen, gailu horien gehiegizko erabilerarengatik».

Bi kontzeptu darabiltza hitzetik hortzera: «bulimia digitala» eta «anorexia mentala». Horrela azaldu ditu: «Batetik, irudiz, mezuz eta informazioz gainezka gaude, eta ezin dugu begirada pantailetatik kendu. Betekada hori da bulimiarena. Baina pentsamenduaren denbora bestelakoa da, bere patxada eta isiltasuna behar ditu, eta gertatzen zaiguna subjektibizatzeko edo guretzako esanguratsua izan litekeena bilatzeko tarterik ez dugu hartzen. Astindu egiten gaituzte, hiperestimulatu, baina ez digute laguntzen pentsatzen: hortik dator anorexia mentalaren kontzeptua, ez digulako pentsatzen uzten».

Martinezek gazteen ahotan entzun ditu «mundu digitalaren zauri batzuk». Apatia, nekea eta tristura digitala aipatzen dituztela azaldu du. «La generación ansiosa liburuan [Antsietatearen belaunaldia], Jonathan Haidt-ek aipatzen du bere 6 urteko alabak eskatzen diola une batean, mesedez, laguntzeko pantailatik burua altxatzen. Pentsatzen dugu haiek beren burua erregulatuko dutela merkatuak bere burua erregulatzen duen moduan, baina ez dut uste hori estrategiarik egokiena denik. Laguntza behar dute deskonektatzeko. Hori gure ardura da. Heldu moduan ezin dugu dimititu. Bakarrik uzten ditugu, beren burua erregulatuko dutela esanaz, baina ez da hala».

«Pentsatzen dugu haiek beren erregulatuko dutela merkatuak bere burua erregulatzen duen moduan, baina ez dut uste hori estrategiarik egokiena denik. Laguntza behar dute deskonektatzeko. Hori gure ardura da»

Izan ere, uste du gaur egun badagoela paradoxa bat: «Haur batzuei gehiegizko babesa ematen zaie eguneroko kontuetan, baina gero erabateko askatasuna ematen zaie mundu digitalean. Agian hor ere zaintza eta askatasunaren arteko kontua pentsatu behar genuke. Ahazten zaigu helduek utzi dizkiegula gailu horiek eskuetan, eta mailakatu egin beharko genituzke ardurak eta erantzunak».

Gazteek elkar topatzeko tokiak behar dituztela azpimarratu du, eta interesgarritzat jo du gune komunitarioak berreskuratzea. «Eric Klinenberg soziologoak azaldu du zenbateraino indartu behar diren plazak, liburutegiak..., halako guneak. Sinplifikatzea ematen du, baina gorputza, presentzia eta arreta gogorarazten dituzte harremanetarako. Izan ere, harreman esanguratsuak aurrez aurrekoaren bidez egiten dira».

Bestalde, Altxa Burua ekimenaren garrantzia azpimarratu du: «Oso garrantzitsua da, familiak eta eskolak saretu dituelako. Baina aholku emaile mailan geratzen gara, eta agian arautzeari ekin behar diogu».

Hori guztia egiteko ikuspegi politiko bat behar dela gaineratu du, eta arautu beharra azpimarratu. Izan ere, erronka horri aurre egiteko erantzunak hainbat mailatan eman behar direla uste du, eta erakundeek dagokien ardura hartu behar dutelakoan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA