Bilboko Kirikiño ikastolak antolatuko du 2026ko Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen urteroko jai handia, maiatzaren 31n, Txurdinaga auzoan. Jaiak Kirikiño ikastolaren historiarekin eta helburuekin bat egiten du erabat: euskara, hezkuntza, komunitatea eta herrigintza uztartzen dituen proiektu bizia da. Familiarekin zein lagunekin euskaratik eta euskaraz gozatzeko eguna izango da, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaltzekoa.
Ia 40 urte
Duela lau hamarkada egin zuten Ibilaldia Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxuko kaleetan, eta aurten, 48. Ibilaldian, auzo horiek euskararen eta euskal kulturaren erdigune bihurtuko dira berriz ere.
Ibilaldia, dena den, ez da egun bakarreko ospakizuna, urte osoko dinamika eta parte-hartze prozesua baizik, euskara ardatz hartzen eta komunitatea aktibatzen duena. Kirikiño ikastolak argi dauka, herritik eta herriarentzat egingo den jai parte hartzailea izango da 2026ko Ibilaldia, eta egun handia baino lehen hamaika ekintza izan dira euskaltzale guztien gozamenerako: bertso saioa, herri kirolak, kooperatibista ez-erabiltzaileen eta ikasle ohien bazkariak, Ibilkrosa, euskal dantzak eta musika agerraldiak, beste askoren artean. Kirikiño ikastolako Euskaraz Bizi taldeak ere ilusioz ekin dio Ibilaldiko ikasturteari, eta, urtero legez, hainbat ekimen antolatu ditu umeek euskaraz jolasteko eta bizitzeko abagunea izan dezaten.

Herritik eta herriarentzat sortua
Kirikiño ikastola herritik eta herriarentzat sortutako proiektua da, eta ikastolaren komunitatea ezinbestekoa izan da —eta bada oraindik ere— Kirikiño ikastolaren ia 50 urtetan, baita etorkizun oparoa izateko ere. Ikasleak, irakasleak, langileak, familiak eta beste bidelagunak dira Kirikiño ikastolaren bihotza, eta ikastolen mugimendua bizi-bizirik dagoen erakusle.
1970eko hamarkadan jaio zen Kirikiño ikastola, euskararen aldeko apustu argia, gurasoen kooperatiba gisa. Hasierako ausardia eta auzolana gaur egun arte iritsi dira, eta, belaunaldi askoren esfortzua dela medio, Kirikiño ikastola Bilboko euskarazko hezkuntzaren erreferente bihurtu da. Santutxun eman ziren lehenengo eskolak, Doña Kontxaren amaren etxean, haren eskuzabaltasunari esker, eta hark proposatutako izena hartu zuen ikastolak, Ebaristo Bustinza Kirikiño maisu nekaezinaren omenez. Auzolanaren bidez eraiki zuten, eta, txiki geratu zenean, Txurdinaga auzora egin zuen jauzi, toki zabalago eta irisgarriago batera, Europa Parkearen ondoan.
Milaka haurrek jaso dute hezkuntza Kirikiño ikastolan, euskara, euskal kultura, kooperazioa, berdintasuna, aniztasuna eta herrigintza zutabe direla. Kirikiño ikastola ez da soilik hezkuntza erakunde bat: euskaraz bizitzeko eta elkarrekin etorkizun hobea irudikatzeko espazio bizia da. Gaur egun ere, hasierako balioei eutsiz hazten eta berritzen jarraitzen du, beti euskaratik eta euskaraz.
'Hiri kiribili bil'
Eginbide horretan, komunitateak pisu handia dauka, eta agerikoa izan da 2026ko Ibilaldiko antolaketa lanetan eta logoaren eta leloaren aukeraketan. Izan ere, Kirikiño ikastolako komunitateak sortu du Hiri kiribili bil hitz jokoak eta patineteak osatzen duten logoa, haur, familia eta langileen arteko sormen prozesu kolektibo baten ondorioz.
2026ko Ibilaldiko leloak Bilbo hiriaren izaera, mugimendua, aniztasuna eta etorkizuneko ikuspegia uztartzen ditu. Era berean, euskara Bilbo hirian zabaltzea eta erdigunean jartzea dira asmo nagusiak, eta horri egin nahi dio erreferentzia leloak hiri eta bil hitzak erabilita. Horrez gain, kiribil hitzak espirala esan nahi du, buelta bakoitzean euskararen aldeko urrats berria egiten duena, eta hiru hitzek batera Ebaristo Bustinza Kirikiño maisuak hain gogoko zituen hitz jokoetako bat osatzen dute. Logoaren diseinuak, berriz, kolorea, dinamismoa, jasangarritasuna eta poza transmititzen ditu, kolore alaien bidez eta patinetea erabilita.
Izenburu bera dauka Ibilaldiko kantak, gaur egun euskal musikaren erreferente diren ikasle ohiek egindakoa: Aiora Renteriak (Zea Mays), Unai Madariagak (Ezezez), eta Jon Fernandezek, Andoni Barinaga-Rementeriak eta Iñigo Guemesek (Txopet). Euskaldunok batzen gaituzten zenbait ezaugarri ere baditu: Hazi, hezi eta bizi euskaraz.