Bilboko Udalak Bilborganik jarri du martxan. Asmo handiko kanpaina da, hirian hondakin organikoak biltzeko ezarri den sistema berriarekin batera antolatu dena. Bilbo zaintzea organikoa da lelopean, ekimen honek Bilbo jasangarriago bat bultzatzen du, eta herritarren parte hartzea errazten du, tresna digitalen eta aurrez aurreko arretaren bidez. Gainera, sistema behar bezala erabiltzen dutenek onura fiskalak izango dituzte.
Aurrerapauso bat da hiri-hondakinen kudeaketan, Europako eta Espainiako estatuko arlo honetako araudi berriekin bat datorrena, zeinak nahitaez bete behar diren. Arau berri hauek ikuspegi berri bat eta bizi ohituren eta estiloen aldaketak sustatzen dituzte, kontuan hartuta hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen duela.
Zenbait bide izena emateko
Bilboko Udalak izena emateko hiru modu prestatu ditu:
•Lehenengoa Bilborganik aplikazio mugikorraren bidez egiten da, Bakq ziurtagiri digitala erabiliz. Aplikazio hori Androiderako dago eskuragarri, eta laster iOSerako egongo da.
•Bigarren aukera www.bilborganik.eus webgunea da, hori ere Bakq ziurtagiri digitalarekin.
•Eta, aurrez aurreko arreta nahiago dutenentzat, izena emateko makinak instalatu dira barrutietako hamabost udaltegitan, Bilbao Kirolak udal erakundeak kudeatzen dituen kiroldegietan, Azkuna Zentroan, Zabalgune eraikinean eta San Agustin eraikineko Herritarrentzako Arreta Bulegoan.
Aurreko birziklatze organikoko sisteman (Kaixo Organikoa) parte hartzen zutenek edo Bilbao Kirolak-eko abonatuek beren txartelak erabiltzen jarraitu ahal izango dute, eta Bilbao Kirolak-en kiroldegietan, Azkuna Zentroan, Zabalgune eraikinean eta San Agustin eraikineko Herritarrentzako Arreta Bulegoan aktibatu ahal izango dituzte.
Txartelak eta hondakin organikoen jarraipen pertsonalizatua
Erabiltzaile berriek, alta eman ondoren, aplikazioaren bidez erabaki ahal izango dute nahiago duten txartel fisiko bat erabili edo txartel birtual bat deskargatu telefono mugikorrean. Etxebizitza bakoitzeko txartel fisiko bakarra egongo da; birtualak, berriz, sisteman alta hartzen duen pertsona bakoitzeko bat.
Txartel birtualak deskargatu eta hurrengo egunean egongo dira erabilgarri; aldiz, txartel fisikoa eskatzen dutenek etxean jaso arte itxaron beharko dute, edo hautatutako udaltegian jaso ahal izango dute. Kasu bietan, erabiltzaileek gutun bat jasoko dute, txartela erabilgarri dutela jakinarazteko.
Sistema berriaren berrikuntza nagusietako bat da txartel fisikoek zein birtualek aukera emango dutela edukiontzi marroian egindako ekarpenen jarraipena egiteko.
Nahi duten erabiltzaile berriek hondakinak behar bezala bereizteko behar duten materiala ere eskatu ahal izango dute, esaterako ontziak edo poltsa biodegradagarriak. Gero, gutun bat jasoko dute etxean, eta bertan jakinaraziko zaie materiala dagoeneko eskuragarri daukatela, euren izenean, aukeratu duten udaltegian.
Txartel bakarra lotu dakioke pertsona bati (NAN). Pertsona horrek adinez nagusia izan behar du, eta Bilbon erroldatuta egon behar du. Etxebizitza berean txartel fisiko zahar bat baino gehiago badaude, adinez nagusi den pertsona bakoitzak banaka eman beharko du alta. Bilbon erroldatuta ez dauden eta edukiontzi marroiak erabili nahi dituztenek Bilborganik aplikazioaren bidez eman ahal izango dute alta eta zuzenean kudeatu ahal izango dute sarbidea.
Hobari fiskalak
2026an, Bilboko Udalak ofizioz aplikatuko die zabor-tasaren %10eko hobaria 2025eko abenduaren 31 baino lehen sisteman alta hartzen dutenei, hondakinen kudeaketa arduratsuarekin daukaten konpromisoaren aitorpen gisa.
2027an, %20ko hobari gehigarria aplikatuko zaie edukiontzi marroia benetan erabili dutela egiaztatzen dutenei, betiere 2026an zehar gutxienez 36 astez ekarpenak egin badituzte.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, hauetako webgune bat bisitatu daiteke: www.bilborganik.eus edo www.bilbao.eus. Bestela, 900-45 68 88 telefono zenbakira deitu daiteke.