Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua

Kimika arloko lan aukeren ateak zabaltzen

Fabrikazio prozesuan eta laborategiko kalitatean lan egiteko prestakuntza eskaintzen du Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak.

Tolosaldea LHII ikastetxea
Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko bi ikasle, laborategian lanean. TOLOSALDEA LHII
2026ko apirilaren 29a
11:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratua Tolosan dago (Gipuzkoa). Historia luzea duen zentroa da, bere jatorria XX. mende hasieratik baitator. 2025-2026ko ikasturtean 900 ikasletik gora dabiltza ikastetxean.

Tolosaldea LHII ikastetxeak 12 goi mailako ziklo eta 7 erdi mailako ziklo eskaintzen ditu. Hauek dira erdi mailako zikloak: Soldadura eta galdaragintza, Mekanizazioa, Mikroinformatika sistemak eta sareak, Instalazio elektriko eta automatikoak, Merkataritza jarduerak, Natur ingurunean gorputz eta kirol ekintzen gidaritza, eta Kimika instalazioak.

Goi mailako zikloak, berriz, hauek dira: Administrazioa eta finantzak, Mekatronika industriala, Automatizazioa eta robotika industriala, Sareko informatika sistemen administrazioa, Plataforma anitzeko aplikazioen garapena, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, Eraikuntza metalikoak, Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea, Egokitzapen fisikoa, Kimika industriala, Fabrikazio mekanikoko diseinua, eta Gizarte eta kirol irakaskuntza eta animazioa. Horrez gain, elkarlaneko robotika espezializazio ikastaroa eskaintzen du, baita arratsaldeko ordutegian langileentzako ikastaro ugari ere: langabetuentzat, enpresentzako neurrira diseinatutakoak eta abar. Ikasketak euskaraz dira; hala ere, ziklo batzuk eredu eleaniztunean ikasteko aukera dago, ingelesa txertatzen baitute.

Gainera, Tolosako Santa Lutzia auzoko eraikinaz gain, Paper Eskola eraikinaren kudeaketa hartu du Tolosaldea LHII ikastetxeak. Bertan hamar urte inguruz eman diren kimika arloko zikloen eskaintza bereganatu du. Kimika industrialaren arloko bi ziklo dira, eta ikasketa horiek burutzen dituzten ikasleek aukera handiak dituzte lana aurkitzeko, inguruan dauden sektore kimikoko enpresa ugaritan: papera, plastikoa, ur tratamenduak, margoak, elikadura eta beste zenbait arlotan. 

Kimika arloko zikloak

Duela hamarkada bat hasi ziren kimika arloko zikloak eskaintzen. «Tolosa paperaren erreferente izan da aspalditik, 1818. urtean lehenengo paper fabrika ireki zenetik. Ikastetxeari dagokionez, 1965. urtean paper eskola deritzona sortu zen, eta ordutik irakaskuntza eta paperaren erlazioa estua izan da», dio Mentxu Aiertzak, Kimika arloko arduradunak.

Erdi eta goi mailako kimikako zikloei dagokienez, ikasleek zein irakasleek prozesu eta analisi industrialak izenez ezagutzen dituzte, egunerokoan eta ondorengo lan munduan, errealitatetik gertuago dagoen nomenklatura baita. «Produkzio prozesu bat duten fabriketan lan egiteko formakuntza jasotzen dute ikasleek, bai fabrikazioan bai laborategian. Gertuko harremana dute irakasleek eta ikasleek. Ikasle bakoitzaren profilera egokitzen gara, eta, erabiltzen dugun ikaskuntza metodologiaren bidez, ikasleak askotariko egoeretara moldatzeko baliabideetan trebatzen dira». 

Ziklo horietan erabiltzen den metodologia erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa da. «Gure errealitatearekin erlazioa duten gaiak aurkezten dizkiegu, eta ikasleek eskaerari aurre egiten diote taldean. Irakasleak bidelagun gara prozesu horretan, baina ez era tradizionalean: klaseak eman eta guk irakatsi ikasleei nola egin behar dituzten gauzak. Ikaslea da bere ikasketa prozesuaren arduradun, eta modu kontzientean ikasten du».

Erronka bat jarri du adibidetzat Aiertzak: «Paper eskolan gaudenez, paperaren fabrikazioaren inguruko ekipamendua daukagu, eta hori izaten da erronka bat. Erdi mailako zikloko lehen mailako ikasleei, adibidez, eskatzen diegu industria mailan ezohikoa den lehengai bat hartzeko —landarea, hondakina...—, eta, behin papera lortuta, plastikoa ordezkatzeko produktu bat egiteko. Papera egiteko prozesuaz gain, ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna ere lantzen ditugu». 

Ziklo horiek eginez gero, ikasleei sektore hauetako ateak zabaltzen zaizkie: «Ikasleek laborategiko edo bata zuriko lana eta produkzioko lana uztartzen dituzte. Laborategi edo produkzio fabrika bateko lanpostu ugaritarako prestatuta daude. Gure inguruan dauden sektore kimikoko produkzioko enpresetan lan egin dezakete: papera, margoak, elikadura, plastikoak, lubrifikatzaile eta koipeak, kolak... Erlazio estua dugu enpresa batzuekin, hala nola hauekin: Limousin Kartoiak, Munsjko, Cominter, Feralco, Krafft eta Tecnalia».

Lehen ikasturtean, ikasleek hiru asteko praktikak egiten dituzte enpresa batean. Bigarren ikasturtean, dual ereduan, ikasketak eta lan mundua uztartzeko aukera ere badute. «Erasmus Plus proiektuaren bidez, praktikaldia atzerrian egiteko aukera dute, eta ingeleseko errefortzu klaseak ere eskaintzen ditugu».

Kimika arloko ziklo bat egiteko interesa duen ikasleari, hauxe esaten dio Aiertzak: «Kimika laborategi batek edo produkzio prozesu batek kuriositatea pizten badizu, anima zaitez. Oso praktikoak dira zikloak, eta eginez ikasiko duzu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA