Â
Iazko ekainaren 19an, 2025a Kooperatiben Nazioarteko Urte izendatzea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak. Historian bigarren aldia da Nazio Batuen Erakundeak kooperatibei nazioarteko urte bat eskaintzen diena, eta ez da kasualitatea. 2012an egin zuen lehen aldiz; izan ere, kooperatiba-enpresak, garapen ekonomiko eta sozialarekin duten konpromisoak bultzatuta, etengabe egokitu dira gure garaiko arazo aldakorretara, eta behin eta berriz erakutsi dute, pertsonak lehenesten dituen bestelako enpresa-eredu baten bidez, mundu hobea eraikitzen ari direla.

Hamabi une nabarmenduko ditugu, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Kooperatiben Kontseiluak egindako beste askoren artean:
•Kooperatibetako emakumeen lidergoa. Euskal mugimendu kooperatiboak martxoaren 8an berretsi zuen berdintasunarekin eta emakumeek enpresetan parte hartzearekin duen konpromisoa. Emakume kooperatibistak, aldaketaren eragile lelopean, Konfekoopek eta Kooperatiben Kontseiluak euskal kooperatibetako emakumeen lidergoa omendu zuten Emakumeen Nazioarteko Egunean, belaunaldi berriei bidea ireki dieten ibilbide inspiratzaileak ikusaraziz.
•Euskal kooperatibismoa Europako Parlamentuan. Martxoaren amaieran, euskal kooperatibismoak Europako presentzia indartu zuen, Bruselan agenda instituzional bizia bideratuz. Kooperatibismoak industria-estrategiaren, digitalizazioaren eta kooperatiben fiskalitatearen arloan zer kezka dituen jakinarazi zieten Konfekoopeko eta Kooperatiben Kontseiluko ordezkariek euskal eurodiputatuei. Misioak euskal kooperatibismoak gizarte-ekonomiako Europako politikarekin duen konpromisoa berretsi zuen, eta Euskadi erreferentziazko lurralde gisa posizionatu zuen, kooperatiba-ereduaren aplikazio praktikoari dagokionez. Nazioarteko Kooperatiba Aliantzarekin eta Europako kooperatibismoaren egiturekin akordioak sendotzeko ere balio izan zuen agendak.
•Konfekoop: handiagoa, indartsuagoa, eragin handiagokoa. Konfekoopen Batzar Nagusia maiatzaren 14an egin zen, eta une garrantzitsua izan zen kooperatibismoa Euskadiko funtsezko eragile ekonomiko eta sozial gisa finkatzeko bidean. Urteroko topaketan, Konfederazioaren enpresa-dimentsioa indartu izana eta erronka berriei —hazkundeari, nazioartekotzeari eta talentu gaztea erakartzeari— erantzuteko beharra nabarmendu ziren. Batzarrak berretsi egin zituen Konfekoopek euskal kooperatibismoaren solaskide instituzional gisa duen zeregina eta enpresa kooperatiboek enplegu-politika publikoetan eragiteko duten gaitasuna.
•I. ASETT Nazioarteko Foroa – Gizarte-berrikuntza eta aliantzak. Maiatzaren amaieran egin zen lehen ASETT Nazioarteko Foroa, eta gizarte-ekonomiako nazioarteko erreferenteak, kooperatibak, erakundeetako ordezkariak eta unibertsitateak bildu zituen, gizarte-berrikuntzari buruz eztabaidatzeko, desberdintasunei aurre egiteko tresna baliagarri izan baitaiteke. Euskadik esperientzia aitzindariak partekatu zituen, eredu kooperatiboak kohesioa, enplegua eta jasangarritasuna sortzen dituela erakusteko. Topaketa horretan, gizarte-ekonomiako enpresek munduan etorkizuneko laborategi gisa duten zeregina azpimarratu zen; horietan konponbide kolektiboak lankidetzatik eta adimen partekatutik sortzen dira.
•Denon Artean saria Eusko Legebiltzarrari. Kooperatiben Kontseiluak Denon Artean saria eman zion Eusko Legebiltzarrari maiatzaren 28an —sariaren laugarren aldian—, Euskadin kooperatibismoa legalki eta sozialki bultzatzen eta sendotzen laguntzeagatik. Aitorpen horrek lankidetza publiko-pribatua sinbolizatzen du.
•Kooperatibismoaren zeregin estrategikoaren aitorpen instituzionala. Ekainaren 19an, Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen, kooperatibismoak garapen ekonomiko jasangarriaren, kohesio sozialaren eta enplegu duinaren eragile gisa duen zeregina azpimarratzeko.
•Euskadi munduko kooperatibismoaren erdigunea. Uztailean, urtero ospatzen den Kooperatiben Nazioarteko Egunean, euskal ordezkaritza batek Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA) Batzar Nagusian hartu zuen parte Manchesterren (Erresuma Batua), eta euskal ereduaren esperientzia eta berezitasuna ezagutarazi Nazioarteko Urteko eztabaida globaletan. Euskadik enpresa-lankidetzari, jasangarritasunari eta hezkuntza kooperatiboari buruzko bere ikuspegia partekatu zuen, eta aitorpena jaso zuen bere ibilbide berritzaile zabalagatik. Nazioarteko topaketa horrek euskal kooperatibismoaren lidergoa indartu zuen, munduko erreferente gisa.
•Kooperatibismoa jarduera-sektore berrietan. Kooperatiben Kontseiluak, irailean, gorabidean dauden sektoreetako —hala nola energia, digitalizazioa, plataformak, zerbitzu publikoak, start-up-ak eta erabilera-lagapeneko etxebizitza— kooperatibismo berriari buruzko jardunaldi monografiko juridikoa bultzatu zuen.
•KOOP2040 foroa: etorkizuna lankidetzatik eraikitzea. Euskal kooperatibismoaren etorkizuneko erronkei nola erantzun identifikatzeko hainbat lan saio egin ondoren, urriaren 1ean Kooperatiben Kontseiluak hausnarketa prozesu horren ondoriozko lan arloak eta ekintza ildoak aurkeztu zituen. Ekimenak lau ekintza ildo nagusi proposatzen ditu: KOOPLab (ikaskuntza eta berrikuntza), KOOPGertu (gizarte-kontaketa berria), KOOPTalentu Network (talentua erakartzea) eta KOOPEkintzaile (ekintzailetza kolektiboa).
•Euskal industria-politikarekiko konpromisoa. Konfekoopek euskal industria-politikarekiko konpromisoa berretsi zuen, Mikel Jauregi Industria sailburuarekin egindako topaketa batean. Bilera horretan, Jaurlaritzak Euskadi 2030 Industria Plana aurkeztu zuen herrialdeko industria-kooperatiba nagusien aurrean. Esparru horretan, Konfekoopek bultzatutako Kooperatiba Enpresen Industria Mahaiak sektorearen finantzaketa, enpresa-dimentsioa eta nazioartekotzea indartzeko beharra azpimarratu zuen.
•Koopaketak gazteen eta kooperatibismoaren arteko elkarrizketa bultzatzen du Euskadin. Azaroaren 20an egindako Koopaketa jardunaldiak gazteen eta enpresa-eredu lehiakor baten arteko beharrezko elkarrizketa ireki zuen. Gazteak enpresa-eredu jasangarriago batera hurbiltzea zen topaketaren helburua.
•Hazikoop: ekintzailetza kooperatiboari bultzada berria. Euskadiko Kooperatibak Sustatzeko Elkarteak abenduaren 16an aurkeztu zuen bere nortasun berria: Hazikoop, Elkar-Lan izenarekin bi hamarkada baino gehiagoan garatutako proiektuaren bilakaera. Aldaketa horrek etapa berria ireki du, euskal kooperatibismoaren lidergoa sendotzera eta haren balioak egungo erronka teknologiko, sozial eta ekonomikoekin lerrokatzera bideraturikoa. Halaber, Hazikoop Up egitasmoa ere ezagutarazi zen, proiektu teknologikoen haztegi eta azeleratzaile berria.

