Kutxa Fundazioa

Lan ibilbideak lore eta arantza artean

Lanbidea hautatzeko orduan izan zituzten gorabeherei buruzko bizipenak partekatu dituzte bost profesionalek, aukerak askotarikoak izan daitezkeela erakusteko.

Jon Mattin Matxain, Leire Sardon, Diego H. Kataryniuk, Carlos Cernuda eta Jone Muñoz beraien lantegietan. BERRIA
Jon Mattin Matxain, Leire Sardon, Diego H. Kataryniuk, Carlos Cernuda eta Jone Muñoz beraien lantegietan. BERRIA
2025eko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondorengo lerroetan lekukotzak eman dituzte hainbat profesionalek, eta asebeteta daude hautatu duten lan ibilbidearekin, baina ez da dena larrosa bidea izan; arantzak ere izan dituzte bidean. Zalantzak, kezkak, erabakiak hartzeko uneko urduritasunak, bide bat hartu eta gero beste baterantz desbideratzeak… hamaika esperientzia daude, eta bizipen emankorrak dituzte partekatzeko. Honatx batzuk:

Jone Muñoz
EHUko Ingeniaritza eskolako irakaslea

«Kimika oso gustuko nuen, baina gradua hastean, kimikarekin lotura zuten ikasgaiak ez zitzaizkidan batere gustatu»

Jone Muñoz ikasle ona izan da, saiatua, eta zientzietako gaietan oso ondo moldatzen zenez, hainbat ate zeuzkan irekita. Kimika zuen oso gogoko unibertsitatera sartzeko atarian. «Zalantza handiak nituen kimikarekin geratu edo ingeniaritza hartu». Ikastetxeko aholkularitzaz gain, anaia ere ingeniaritza ikasten ari zen, eta azkenean ingeniaritza kimikora jotzea erabaki zuen. Hiru urteko diplomatura batekin hasi zen ikasten, Donostian. «Baina gertatu zitzaidana izan zen karreran kimikarekin lotura zuten ikasgaiak ez zitzaizkidala batere gustatu». Hautazkoetan, baina, polimeroen inguruko ikerketa gustatzen hasi zitzaion, eta materialen ingeniaritzaren berri izan zuen.

Diplomatura bukatu baino lehen, Erasmus ikaslea izan zen Alemanian, eta han berretsi zuen materialen ingeniaritza gogoko zuela, eta bide hori arakatzen segitu nahi zuela. Bilbon segitu zituen ikasketak, beste ate batzuk irekita. «Lehen urtea bukatzerako, zentro teknologiko bat ireki zuten: CICbiogune. Irakasle batzuek esan zidaten ea ikerketa probatu nahi nuen, aukerak banituela hor sartzeko». Zentro teknologiko bat barrutik ezagutzeko aukera izan zuen, eta ikerketaren gaia ere gustatzen hasi zitzaion. Industriara edo ikerketara, nora jo erabakitzen joan behar zuen. Ikerketan murgiltzen joan zen: «Eta asko gustatu zitzaidan. Hor erabaki nuen nire ibilbidea akademikoagoa izango zela». Masterrak, doktoretza, eta unibertsitatean irakasle izateko aukera ere suertatu zitzaion, eta gaur egun EHUko Ingeniaritza eskolan finkatua dago.

Diego H. Kataryniuk
ECPV Escuela de Cine del Pais Vasco-ko zuzendariordea

«Saiatu zuen tokia bilatzen, baduzue astia eta. Hezkuntza estandarra ez dago prestatua pertsona guztien beharretarako»

Hezkuntza formalean ikasle txarra zela du gogoan Diego H. Kataryniuk: «Hezkuntza estandarra ez nuen gustuko. Buruz ikastera behartzen gintuzten, ikasitakoa biharamunean ahazteko». Argentinan jaioa da, eta gurasoen lan kontuak medio Euskal Herrian bizi izan da gaztetatik. Ikasle alferra zela dio, ez baitzuen hezkuntza formala gustuko, baina ikus-entzunezko eskolara iritsi zenean gustuko zuenarekin topo egin zuela azaldu du: «Nire bokazioarekin topo egin nuenean dena aldatu zen, niri istorioak kontatzea gustatzen baitzait, eta ikus-entzunezkoen berri izatean egon nahi nuen tokia hura zela konturatu nintzen». Hiru urtez lanbidea ikasi ostean, zuzendari izateko ikasi zuen master bat, Madrilen. Zine eskola sortu zuen geroztik, beste lagun batzuekin: «Pentsa ezazu, ikasle txar bat zine eskola bat sortzen». 200 ikasletik gora dituzte gaur egun. Geroztik hiru film labur, lau bideoklip eta bi dokumental ere grabatu ditu, lehena Thailandian eta bigarrena Gambian. 

Gazteei honakoa esango lieke: «Saiatu zuen tokia bilatzen, baduzue astia eta. Hezkuntza estandarra ez dago prestatua pertsona guztien beharretarako. Gizartea asko aldatu da, eta gazteek beraien lekua bilatu behar dute». Gainera, askotan diziplinak nahastu daitezkeela ikusi du berak bere ibilbidean, ekonomia ikasi duen pertsona bat zine produktore izan litekeelako gero. «Bizitzaren heren bat lanean igaro behar baduzu eta ez baduzu gustuko, bizialdia ozpinduta igaroko duzu. Horregatik, gazteei esango nieke astia hartzeko egin nahi dutena probatzeko, eta denentzako lekua dagoela».

Jon Mattin Matxain
EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta kimikaria.

«Gauza guztien gainetik, ikasteko grina eta pasioa daude»

«Ni kimikara eraman ninduen ikasteko gogoak eta pasioak. Kimikako irakasle batek transmititu zigun hori Batxilergoan geundela. Oso ongi eman zigun ikasgaia». Irakasle batek piztu zuen, beraz, kimikarekiko txinparta Matxainengan. Eta sen horren bidezidorretan egin du lan ibilbidea.

Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei horixe bera transmititzen saiatzen da geroztik Matxain: «Pasioz edo gustuko duzun hori ikasi, eta ez gehiago pentsatu etorkizunean, denek dute-eta irtenbidea. Baina ez baduzu oso gustuko, agian pasiorik gabe lanean pasatuko duzu bizi osoa, gustuko ez duzun horretan». 

Matxain urte askoan ibili da atzerrian ikerkuntzan eta lanean. Ez ditu horrek eragindako kezkak eta beldurrak ezkutatu: «Kezkak hor daude. Zer egingo ote duzun atzerrira joanda bakarrik, moldatuko ote zaren beste hiri batean, jende ezezagunarekin… baina gauza guztien gainetik ikasteko grina eta pasioa zeuden».

Izan ere, muinean zientzialaria da Matxain: «Jende askok nahiago du bizitza seguruago bat, baina zientzialariok badugu ero puntu bat. Ikasleoi esaten diegu barruko pasio horri jarraitzeko».

Ikerkuntza zientifikoa kudeaketarekin uztartzen du gaur egun. «Doktore osteko proiektuetan eta mentore lanak egitea tokatzen zaigu pixka bat. Zergatik ikertzen den ikertzen den hori, izan ere, atzean proiektu bat dago, ideia bat dago. Gero finantzaketa dago. Guk gainbegiratu egiten dugu lana, eta finantzaketen alorra eramaten dugu gehienbat».

Leire Sardon
Indart 3D kooperatibako kidea

«Segurtasuna neukan, eta oso lasai bizi nintzen. Baina hutsune bat sentitzen nuen»

Batxilergoa amaitu, eta Lehen Hezkuntzarako matrikula egina zuela erabaki zuen atzera egitea Leire Sardonek: «Erabaki nuen ez nuela hori egin nahi nire bizitzan». Zer egin ez zekiela, lagun batek esan zion Lanbide Heziketatik Administrazioa eta Finantzak ikasketak egin zituela berak, eta oso gustura ibili zela. Probatzea erabaki zuen, nahiz eta ez zuen pentsatua arlo horretan aritzea. 2013an egin zuen matrikula. Lehen maila aise gainditu zuen, eta bigarren mailan ikasi eta lanean jardutea eskaini zioten. Enpresa batean harreran hasi zen lanean, eta lana eta ikasketak ere aise uztartu zituen. 

Hala igaro zuen urtea, baina ez zuen ikusten bere burua hor bizitza osoan. Gradu bat egiteko pentsakizunetan ari zela, enpresako erosketa arloko buruak eszedentzia bat hartu zuen, eta Sardoni proposatu zioten urte hartan ardura hori hartzea: «Asko pentsatu ostean, baiezkoa eman nuen. 19 urte nituen, bakar-bakarrik nengoen arlo horretan. Ordu pilo bat sartzen nituen, ardura handia zen, estuasun handiak pasatzen nituen egunero, baina urte hartan karrera oso batean baino gehiago ikasi nuen». 

Urtea igaro ostean, lankidea itzuli zen eszedentziatik, eta biak geratu ziren erosketen alorrean. Eroso egin zuen enpresan hortik aurrerako bidea, eta ikasketei berriz heltzea pentsatu zuen. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan matrikulatu zen 2020an, online. Aldi berean, Sardonen anaiak 3D inprimagailuen kooperatiba bat sortu zuen, eta beren proiektuan sartzera animatu zuen. «Enpresan gustura nengoen. Segurtasuna neukan, eta oso lasai bizi nintzen. Baina hutsune bat sentitzen nuen, oso estankatuta sentitzen nintzen 27 urterekin, eta orduko enpresari agur esatea erabaki nuen». 2022an sartu zen anaiaren enpresan bazkide gisa. «Pozik nago, egunero ikasten ari garelako. Zortzi lagun gaude kooperatiban. Gustura nago enpresa bateko arlo guztietan dugulako begirada jarrita. Kudeaketa eta antolaketa eramaten dugu anaiak eta nik». Ikasketak alboratu behar izan zituen kooperatiban sartzerakoan, baina haiek amaitzeko gogoz ere badago.

Carlos Cernuda
Adimen artifizialean aditua Mondragon Unibertsitatean

«Etengabe ikasten aritzea gogoko dut, eta, egia esan, arlo honetan ez dut beste aukerarik, egunero aldatzen delako dena»

Matematikak izan ditu beti gustuko Carlos Cernudak. Are gehiago gustatu zitzaizkion fakultatera iritsi zenean, ariketez gain teoria erantsi zelako. Irakaskuntzan aritzeko asmoa zuen ikasketak bukatu ostean. Baina fakultatean ikasten ari zen bitartean lana uztartu behar izan zuen ikasketak ordaindu ahal izateko. Hargatik, nahi baino gehiago luzatu zen ikasketak amaitzen. «Eskolak jasotzen nituen, eta gainera unibertsitatera etortzen zirenei eta matematiketan laguntza behar zutenei eskolak ematen nizkien akademia batean». Master batean murgildu zen gero, datuen analisian. Ikerketara oso bideratuta zegoen, eta handik amaitu zuen doktore tesia egiten, Austrian. «Masterreko irakasle batek eman zigun Austriako bidearen berri. Curriculuma igorri nuen, eta hartu ninduten». 

Austrian geratu asmo zuen, baina: «Euskaldun bat ezagutu nuen, eta azkenean Euskal Herrian amaitu dut». Matematika Aplikatuaren Euskal Zentrora iritsi zen lehenik, eta gaur egun Mondragon Unibertsitatean dago, batez ere adimen artifizialean ardaztuta bere lana. Azken urteetan ChatGPTren erabilerari buruzko dibulgazio lanetan ere badabil. «Etengabe ikasten aritzea gogoko dut, eta, egia esan, arlo honetan ez dut beste aukerarik, egunero aldatzen delako dena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA