Etxebizitza politiketan inflexio puntu bat izatea du xede bihar Donostiako Tabakaleran egingo duten kongresuak. Eusko Jaurlaritzak antolatu du House Action: Hiri erresilienteak tentsionatutako egoitza merkatuen aurrean izeneko nazioarteko kongresuaren lehen aldia. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak nabarmendu du orain arte diagnostikoan eta lege markoa zehazten jardun dutela, «baina orain beste pauso bat eman nahi dugu, eta neurri zehatzen bidez ekintzara pasa». Izena emateko epea zabalik da oraindik.
Hartarako elkartuko dituzte hainbat esparrutako 30 aditu baino gehiago; hala nola alkateak, erkidegoetako arduradunak, eta unibertsitate, gizarte zibil eta sektore pribatuko adituak. Bertan izango dira, halaber, Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza eta hiri agenda ministroa, Jaume Collboni Bartzelonako alkatea eta Matthew Baldwin Europako Batzordeko Etxebizitza lantaldeko burua.
Elkartuko direnek konpromisoa dute tentsio handiko eremuetan etxebizitzaren auziari irtenbideak bilatzeko. Kongresuaren helburua da langune erreal eta kolektiboa izatea, eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko aukera ematen duten esperientziak partekatzea eta politika eraginkorrak balioestea.
Hain zuzen, norabide horretan antolatu dute egitaraua. Jardunaldiak gai praktiko eta premiazkoetan jartzen du arreta. Besteak beste, honakoetan: nola aplikatu alokairuak kontrolatzeko neurriak eta bestelako erregulazio tresnak, nola ari diren inplementatzen tentsio handiko eremuak hainbat lurraldetan eta nola koordinatu daitezkeen erakundeak erantzun sendoagoak emateko.
Koordinazioa
Jardunaldia hasiko da Itxaso, Baldwin eta Collboniren arteko elkarrizketarekin. Collboni Mayors for Housing nazioarteko aliantzaren liderra ere bada. Europako hiriburu handietan benetako eraldaketak eragin dituzten etxebizitza proposamen berritzaileak aztertuko dituzte solasaldian. Ondoren, Donostiako, Gasteizko, Bilboko eta Iruñeko alkateen solasaldia izango da. Donostia da, hain zuzen, Erreferentzia Prezioen Indizea guztiz operatibo duen tentsio handiko lehen hiriburua.
egitaraua
- 09:00-09:30. Irekiera.
09:30-10:30. Etxebizitza politika berriei buruzko elkarrizketa. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Matthew Baldwin Europako Batzordeko Etxebizitza lantaldeko burua eta Jaume Collboni Bartzelonako alkatea.
10:30-11:30. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateak tentsionamenduaz.
12:30-12:50. Jose Garcia Montalvo katedradun eta ekonomialariaren hitzaldia.
12:50:14:00. Barakaldo, Irun, Hospitalet de Llobregat, Alcorcon eta Errenteriako alkateen solasaldia hiriburuen inpaktuaz alboko hiriguneetan.
15:00-16:00. 1. aretoan Etxebizitzaren arloko ekintza publikorako datuak eta 2. aretoan bizitegi bazterketa eta gizarte ekintza.
16:00-17:00. 1. aretoan nazioarteko politikak. 2. aretoan lankidetza publiko-pribatuak.
17:00-18:15. Lege erreformak eta amaiera Isabel Rodriguez ministroarekin.
Horren ostean, Jose Garcia Montalvo ekonomialari eta katedradunak aztertuko du zein erronka dauden hiriburu handietan dagoen prezioen presioari aurre egiteko. Ez bakarrik hiriburuetan, hiriburuen ondoko hirietan ere etxebizitzaren prezioen hazkundea dago. Besteak beste, Barakaldon, Irunen eta Errenterian zein neurri hartu dituzten ere azalduko dute bertako alkateek.
Begirada zabaltzea dute xede, nazioartean indarrean jarri diren neurrietatik ikasteko. Hargatik, kongresuan hizlari izango dira, besteak beste, Baldwinez gain, Julien Dijol, Housing Europe erakundeko presidenteordea; Maider Arostegi, Miarritzeko alkatea; eta Richard Ronald, Amsterdamgo Unibertsitateko katedraduna. Horrez gain, alokairuen gaineko datuen erabilerari buruzko azalpenak emango dituzte, egoitza bazterketa eta hirugarren sektorearekin behar den lankidetzaz jardungo dira, eta finantzaketa publiko-pribatuaz ere bai. Isabel Rodriguez ministroak itxiko du kongresua.
Itxasok azpimarratu du etxebizitzaren arazoak baduela irtenbidea, badaudela tresna eraginkorrak, eta horretarako elkartuko dituztela Donostian «euren lurraldeetan benetako aldaketak egiten ari direnak». «Herritarrek irtenbideak eskatzen dizkigute. Lankidetza gune hau maila guztietan antolatu dugu, erakusteko elkarrekin eta Euskaditik etxebizitza duina izateko eskubidea errealitatea bihurtzeko bidea ireki dezakegula».