Oiartzun herri euskalduna den arren, lan munduan euskarak gero eta presentzia urriagoa du. Hori dela eta, 2016. urtean LANIN zerbitzua sortu zuten, eta xede nagusia da Oiartzungo arlo sozioekonomikoan euskara sustatzea. Bertako aholkulariak dira Araitz Mugurutza eta Mikel Urdangarin. Hasi berritan, egitasmoaren diseinuan aritu ziren aholkulariak, eta, ondoren, udalarekin lankidetzan aritu dira euskararen erabilera Oiartzungo enpresetan zabaltzen. Ordutik, gutxienez 65 enpresarekin lan egin dute, txikiekin zein ertainekin.Â
Hamaika modutara dihardute sustapenean. Gauza txikiekin hasten dira, baina «iraunkorrak» izan daitezen saiatzen dira, Mugurutzak hala adierazi duenez. Alde batetik, informazio eta sentsibilizazio saioak eskaintzen dizkiete enpresei, hizkuntzaren kudeaketa hobetzeko. Horrekin batera, hizkuntza modu egokian erabiltzeak enpresari gehitu diezaiokeen balioa identifikatzen laguntzen diete.Â
Beste aldetik, enpresaren diagnostikoa bideratzen dute, egoera aztertzeko metodologia, tresnak eta laguntza emanez. Helburu batzuk ere zehazten dituzte enpresekin, eta Mugurutzak adierazi du horiek betetzen saiatzen direla. Bidean zehar gidatu egiten dituzte, eta jarraipen bat egin.Â
Hizkuntzaren inguruko informazioa ere eskaintzen dute —euskararen ingurukoa zein beste edozein hizkuntzarena—, eta horren inguruko erabilera egokia egiten laguntzen diete. Besteak beste, hizkuntza-ohiturak aldatzeko teknikak azaltzen dizkiete, eta antolatzen diren egitasmoen berri eman —Euskaraldia tarteko—. Euskaraz lan egiteko tresnei buruzko informazioa ere eskaintzen diete: itzultzaile neuronalak, audioak transkribatzeko eta idatzitakoak audio bihurtzeko tresnak, zuzentzaileak… Eta trebakuntza ikastaroak bideratzen dituzte.Â
Horrez gain, ziurtagiriak lortzeko prozesuan bidea egiten laguntzen diete enpresei; informazioa eta aurre-txostenak prestatzen laguntza emanez. Dirulaguntzen deialdiak ere kudeatzen ditu LANINek, hala nola Udalekoak, Eusko Jaurlaritzakoak eta Fundaekoak. Udalaren dirulaguntzetan izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da.Â
Komunikazioan indarra
Azken urteetan, arreta berezia eskaini diote komunikazioaren alorrari. Esaterako, podcast bat sortu dute, eta Oiartzun irratiarekin tratu bat dute, hilean behin podcastaren atal bat publikatzeko. Blog bat ere sortu dute, eta baita buletina ere. «Helburua da zerbitzuaren berri ematea jendeari», azaldu du aholkulariak. Enpresek egiten dutenari ikusgarritasuna eman nahi diote bide horien bitartez, eta arlo sozioekonomikoan hizkuntza kudeaketaren premia erakutsi.Â
Blogari eta buletinari dagokienez, arlo sozioekonomikoko albisteak zabaltzen dituzte, «orokorrean hedabideetan agertzen direnak». Horrez gain, haiek sortzen dituzten berrikuntzen berri ere ematen dute; podcasta, esaterako. Gainera, aholkularien ekimenei esker enpresaren batek Harrobi ziurtagiria lortzen badu, horren berri ere ematen dute.Â
Enpresen erantzuna
Proiektuaren aldeko jarrera erakutsi dute hainbat enpresak, eta horietako bat da HARAN, geologia eta topografia kooperatiba. Besteak beste, Harrobi ziurtagiria lortu du kooperatibak, eta, zerbitzu horren bidez, aukera izan dute logoa sortzeko garaian dirulaguntzak lortzeko.Â
Iratxe Ciarsolo HARAN kooperatibako kideetako bat da, eta azaldu du lehendik gauza asko euskaraz idazten zituztela, aurrez jakin gabe laguntzak zeudela. Lanbide erdalduna den arren, dena euskaraz idazteko hautua egin zuten: «Teknikoki gure lanbidean betidanik gazteleraz asko hitz egin izan da, bereziki txostenak idazteko garaian. Baina jendearekin euskaraz komunikatu nahi genuen, eta ahal zen guztia euskaraz egin».Â
Zerbitzuari esker zentzu askotan «eguneratu» egin direla adierazi du Ciarsolok: «Tresna batzuk erakutsi dizkigute, eta pilak jarri, euskararen ildotik jarraitzeko». Webgunea euskaraz eta gazteleraz jarri dute, eta, besteak beste, lehen gaztelaniaz idazten zituzten txostenak euskaraz idazten hasi dira. Administrazio publikoetara bidaltzen dituzte euskarazko txostenak; udaletara, esaterako.Â
LANIN bezalako elkarteek egiten duten lana eskertzen du Ciarsolok, baita udalaren laguntzak ere «horrelako gauzak aurrera eramateko». «Gu gure egunerokoan beste gauza batzuekin gabiltza, eta ez gara jabetu ere egiten. Beraz, laguntza hori ematea, eta gauzak erraztea eskertzen da, are gehiago euskararen alde bada. Guretzat pauso txiki bakoitzak bere garrantzia dauka».