Pantailetara lotuak. Zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari? mahai inguruaren aitzakian, BERRIAk inkesta bat egin du 30 urtetik beherako BERRIAlagunen artean, eta erantzunetan argi eta garbi atzematen da: gehienek asko erabiltzen dituzte; eta sare sozialek eragina dute haien bizimoduan, eta ez beti onerako. Phono sapiens-etik gertu daude erdiak baino gehiago. Alegia, beste gorputz atal bat balitz bezala darabilte smartphonea, hiperkonektatuta bizi dira, eguneroko jardunerako, interakziorako eta pentsamendurako nolabaiteko menpekotasuna dutela.
%57k aitortu dute garrantzi handia edo oso handia duela haientzat sare sozialen erabilerak. Guztiek dituzte sare sozialak, %2k izan ezik. Inkestatuen artean, gehien erabiltzen dituzten sareak Youtube eta Instagram dira. Erdiek baino gehiagok dituzte sare horiek. Atzetik datoz X, Facebook, Tiktok eta beste batzuk.
Erantzun duten gehienek ez dute sare sozialen erabilera aktiborik egiten. %80k besteek igotzen dituzten edukiak ikusten dituzte, ez dute ohiturarik eurenak igotzeko.
Sakelakoak zenbaterainoko dependentzia sortzen dien galdetuta, 0tik 5era, 4a edo 5a sakatu dute %40k. Alegia, dependentzia handia edo oso handia dutela aitortu dute. Inork ez du erantzun 0 edo 1: erantzun guztiak 2tik gorakoak dira.
Sumatzen da sakelakotik aldentzeko jarrera edo ahalegina ere. Asteburu bat sakelakorik gabe pasatuko luketen galdetuta, ia erdiek baietz erantzun dute, gai izango liratekeela. Are gehiago, batzuek propio egin dute ariketa, eta onuragarria izan dela aitortzen dute. Beste batzuek adierazi dute ez dutela egin, uste dutela gai izango liratekeela, baina esfortzu bat egin beharko luketela. Gutxienek aitortu dute dependentzia duela, eta eskura ez izateak beldurra eta antsietatea sortzen diola.
BERRIAlagunekin egindako inkesta honetan parte hartu dutenen %22k, gainera, jasan izan dituzte inoiz erasoak eta jazarpena sare sozialen bidez, eta jasan ez dutenen %25ek ezagutzen dute halakorik jasan behar izan duenik.
Emakumeak jomugan
Zehaztu dute zer eraso mota izan diren zehazki: gehienetan erabiltzaileen fisikoaren eta ideien kontrako erasoak izan dira, gehienetan gizonek emakumeen kontra egindakoak. Gizonezko genitalen argazkiak iritsi izan zaizkiola kontatu du batek; eta beste batek, haren identitatea bikoiztu, eta hura balitz bezala jardun izan zutela batzuek sare sozialetan.
Algoritmoaren logika ere ezaguna zaie denei. Alegia, gustuko duten hori behin eta berriz errepikatzea, eta kontsumora bultzatzea logika horrek. Guztiek adierazi dute etengabe erakusten dizkietela gustukoak izan ditzaketen gauzak. Jabetuta daude algoritmoak nola ezagutzen eta kontrolatzen dituen erabiltzaileak, eta zenbaitek aitortu dute kontrol horrengatik larritu eta estutu ere egiten direla.
Sare sozialetan ikusten den hori egiteko presioa sentitu dutela aitortu dute erantzun dutenen erdiek baino gehiagok, eta, presioa ez bada ere, baldintzatuta sentitu izan dela dioenik ere bada. Eragin edo presio hori zertan sentitu duten galdetuta, gehienek esan dute kontu estetikoekin lotura dutela, emakumeen edertasun «eredu ez-errealistekin» lotutako ereduengatik batez ere.
Bestalde, azpimarratu dute etengabe agertzen zaiela kirolari eta janariari buruzko zer jarraibide izan. Horren guztiaren ondorioez jabetu denik bada: etengabe sare sozialetan ateratzen direnekin konparatu eta beren burua gutxietsi eta kaltetu izan dutela, alegia.
Menpekotasunari buruz galdetuta, beste erdiek erantzun dute ez dutela menpekotasunik eta ez dietela eragiten sare sozialetan argitaratu eta ikusten dituztenek, baina menpekotasuna dutela aitortu dutenak, oro har, jabetuta daude sare sozialek zer kalte eragin ditzaketen, eta aitortu dute haietatik irteteko eta babesteko ahalegina egiten dutela, batzuetan zaila zaien arren.