EROSKI Fundazioak egindako Nola jaten dugu? Elikagaien eta edarien kontsumoaren analisia nutrizioaren ikuspegitik (2022-2024) azterketaren arabera, Espainiako Estatuan, autonomia erkidego bat bera ere ez da iristen gomendatzen diren lau elikagai taldeen kontsumo maila idealetara. Azterketa egunerokoan eta maiztasunez kontsumitzea gomendatzen diren elikagaietan oinarritzen da: fruta eta barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak eta arraina. Horrela, azterketaren arabera, Nafarroan dago patroirik orekatsuena Espainiako Estatuan, eta lehen postuan da elikadura osasungarriaren arloan. Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) bigarrena da.
Elikagaietan eta edarietan gastatzen eta kontsumitzen dena aztertu dute lan horretan, Kontsumo Paneleko 2022ko eta 2024ko datuetan oinarrituta. Panel hori Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskaintzen du.
Azterketak adierazten duenez, Nafarroa nabarmentzen da egunerokoan eta maiztasunez kontsumitzea gomendatzen diren elikagaietan; herritarren kontsumo kopuru osoaren %79,9ra iristen da. EAEn apur bat txikiagoa da, %79koa. Espainiako Estatuko batezbestekoa %73,5ekoa da.
Noizbehinka edo oso noizbehinka kontsumitzeko diren kategoriei dagokienez —produktu ultraprozesatuak, gozokiak, snack-ak, edari alkoholdunak—, Espainiako Estatuko batezbestekotik beherago daude Nafarroa eta EAE. Horrek erakusten du patroi orekatsuagoa dutela Nafarroako eta EAEko herritarrek. Nafarroan, herritarren kontsumo osoaren %20 inguru dira produktu horiek, eta EAEn, %21. Espainiako Estatuan, %26,5ekoa da batezbestekoa.
Nafarroan, gomendaturiko fruta eta barazki kontsumoaren %81era iristen dira. EAEn, berriz, %73ra. Espainiako Estatuan %65ekoa da batezbestekoa. Fruitu lehorren kasuan, gomendaturiko kontsumoaren %47ra iristen dira Nafarroan, eta %50era EAEn. Espainiako Estatuan %45ekoa da batezbestekoa.
Lekaleetan, berriz, gomendaturiko kontsumoaren %35era iristen dira Nafarroan, eta %33ra EAEn. Arlo horretan ere, Espainiako Estatuko %27ko batezbestekoa gainditzen da bi erkidego horietan. Eta, azkenik, arrainetan, gomendaturikoaren %69ra iristen dira Nafarroan, eta %76ra EAEn, Espainiako Estatuko %61eko batezbestekoaren oso gainetik.
Azterketak azpimarratzen du nafarrek eboluzio positiboa izan dutela kontsumo ohituretan 2022tik 2024ra; %1,01 igo da kontsumitzea gomendatzen diren kategorietan —2022ko %78,91tik 2024ko %79,92ra—. Nafarroan, egunero maiztasunez kontsumitzea gomendatzen denaren kategorian, kopuru osoaren %47,99ra iritsi zen 2024an, eta %1,17 hobetu 2022koa.
EAEko herritarren kontsumo ohituretan ere eboluzio positiboa izan da 2022tik 2024ra: kontsumitzea gomendatzen diren kategorietan, %0,44ko igoera izan da —2022ko %77,64tik 2024ko %78,81era—, eta, egunerokoan maiztasunez kontsumitzea gomendatzen denaren kategorian, berriz, %1,17koa —2022ko %44,71tik 2024 %45,15era—.
Gastuaren eta prezioen bilakaera
EAE da Espainiako Estatuko hiru autonomia erkidegoetako bat, Kataluniarekin eta Aragoirekin batera, non 2022tik 2024ra prezioak batez beste gutxiago igo ziren: %10 baino pixka bat gehixeago. Horrek iradokitzen du elikagaien prezioak egonkorragoak izan direla, ziurrenera kontsumo mix jakin bati lotuta: kontsumo orekatsuagoa eta inflazioa gogorra izan duten produktuekin mendetasun txikiagoa —hala nola olioa eta haragi prozesatuak—. Per capita izandako gastua pixka bat igo da, batez beste, baina kontsumo kopurua ia ez da jaitsi; horrek aditzera ematen du EAEko etxeetan dieta doitu egin dutela kalitateari muzin egin gabe.
Nafarroan ere ez dira prezioak asko garestitu 2022tik 2024ra, %14tik goraxeagoko batez besteko igoera izan baitzen. Egonkortasun horrek kontsumo mix orekatsuago bat dagoela iradokitzen du.

Nafarroak sendotu egin du erreferente gisa Espainiako Estatuan duen posizioa elikadura ohitura osasungarrien arloan. Eboluzio positiboa izan du elikagai talde gehienetan, eta gastuaren egiturari egonkor eusten dio inflazio testuinguruan egonik ere. Hala ere, azterketak aipatzen du oliba olioaren kontsumoa indartu behar dela gantz iturri nagusi moduan, haragiaren eta arrainaren proportzioa orekatu behar dela, eta esneki naturalen preferentzia berreskuratu behar dela azukredunen edo gozatuen aldean.
Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak azaldu duenez: «Nafarroak oinarri eredugarria du elikadura osasungarriaren aldetik, baina ez dugu horrekin konformatu behar. Elikagai freskoen eta tokikoen kontsumoa indartzea (batez ere frutena, berdurena eta arrainena) giltzarri da lidergoari eusteko. Elikadura arloko heziketaren alde apustu eginez eta administrazioak, sektore produktiboak eta banaketa arloak elkarrekin gehiago kooperatuz, sendotu egingo dugu dieta orekatsu eta iraunkorra, nafar tradizioan izan den bezalakoa, baina gaur egungo bizimoduetara egokituta».
EAEk oinarri sendoa du kontsumo ohituretan, eta elikagaien inflazioa izan denean, erresilientzia erakutsi du, baina, Berriochoaren arabera: «Ez dugu erlaxatu behar, zeren eta beti dago hobetzeko marjina. Heziketa eta sentsibilizazio programak bultzatu behar dira fruten, berduren eta arrainen erorketa geldiarazteko. Horretaz gainera, lehentasuna eman behar diogu tokiko kontsumo iraunkorrari: eskualdeko barazki eta arrain ekoizpena aprobetxatu behar dugu, eta, zergatik ez, euskal dieta tradizionala berreskuratu, aberatsa baita lekaleetan, berduretan eta arrainetan, baina gaur egungo bizimodura egokituta. Horretarako, giltzarria da sektore publikoak eta pribatuak elkarrekin kooperatzea».
EROSKI Fundazioa
EROSKIk 1997an bultzatutakoa da EROSKI Fundazioa, eta gizartearentzako ekintza sozialeko ekinbideak garatzea du helburu. Batez ere, ikerketa, berrikuntza, sustapena, hezkuntza eta kontsumitzaileen zein ingurunearen babesa dute ardatz ekinbide horiek, eta betiere elikadura eta ohitura osasungarriak zaintzea. Gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa sustatzen du EROSKI Fundazioak, jardunaren oinarrian beti interkooperatibismoa hartuta.
Â