Oarsoaldea Garapen Agentzia

Oarsoaldea: hemen bada zer egin

Oarsoaldea ez da bisitatu beharreko toki bat soilik; bizitzeko eta sentitzeko txoko bat da. Aste Santu honetan, gelditu gurean eta zatoz Oarsoaldea bizitzera.

Pasai Donibane
Pasaiako portua. MENDI URRUZUNO
2026ko martxoaren 16a
08:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzun, Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdeko herriak, aberatsak dira historia, ondare, kultura eta natura aldetik. Familiarekin gozatzeko plan ederrak egin daitezke.

Pasaia: portu baten arima eta energia

Pasaiari itsasontzien joan-etorriek, portuko erritmoak eta kaleko bizitasunak ematen diote izateko era. Albaola Itsas Kultur Faktorian, ontziak egiteko egurraren usainak eta Ozentziyo erakusketa berriak gure itsas historiaren handitasunera eramango gaituzte. Ondoren, Mater ontzi-museoan, itsasoaren zaindari izatea zer den ikasiko dugu. Eta plana borobiltzeko, Pasai Donibane edo Pasai San Pedroko alde zaharrak zeharkatuko ditugu.

Ostiral Santu arratsaldean, lur ematearen prozesioa ikusteko aukera dugu, gainera. Pasai Donibane giro magikoz beteko da: lepakariek ibilbideko bost tunelak igaro beharko dituzte, pausoak altxatuz eta jaitsiz, kalea oliozko lanparatxoz eta kandelaz argitzen den bitartean.

Lezo
Lezoko herrigunea. MENDI URRUZUNO

Lezo: herri giroari bikain eusten dion tokia

Lezo Jaizkibel mendiaren magalean dago, eta Pasaiako portuari begira. Haren herrigunea bikain kontserbatutako jauregi eta etxe dotoreek osatzen dute. Gurutze Santuaren basilikan derrigorrezko geldialdia egin behar da. Bertan, bizarrik gabeko Kristo ospetsua aurkituko dugu, kondairaz betetako irudia.

Gainera, Lezo naturaz inguratuta dago, eta herrigunetik bertatik Jaizkibelera edo Altamira-Bordatxo aldera jotzeko mendi bide ederrak zabaltzen dira. Ibilbide horietan, gure memoria historikoa eta ondarea hurbilagotik ezagutzeko aukera daukagu.

Plan aktiboagoa nahi izanez gero, bizikletak alokatzeko zerbitzua dago Lezon; bidegorri sareari esker, modu erraz eta erosoan lotzen da Arditurriko Bide Berdearekin. Pedal kolpe gutxi batzuetara, natura eta historia zain ditugu.

San Marko Gotorlekua
San Marko Gotorlekua, Errenterian. MENDI URRUZUNO

Errenteria: kulturaren eta sormenaren habia

Errenteriari bere industria iraganak nortasun berezia eman dio, eta gaur egun kultura eta sormena arnasten dira bazter guztietan. Manchester txikia izatetik herri bizi, plural eta koloretsua izatera pasatu da. Herrian murgilduta, Jantziaren Zentroak janzkeraren bilakaera erakutsiko digu, eta Fanderiako Errotak-Ibaiaren Etxeak gure industria ondarearen sustraietara eramango gaitu.

Giro bizia topatuko dugu bertan: merkataritza txikia, terrazak eta jendearen joan-etorria. Hemen, sormena kalean dago.

Aste Santu honetan, gainera, San Marko gotorlekua berriro irekiko da: historia eta inguruetako begiratokirik zoragarriena uztartzen dituen txokoa.

Arditurri
Arditurriko parajeak, Oiartzunen. MENDI URRUZUNO

Oiartzun: naturarekin sustraitutako bailara

Oiartzun guztiz murgilduta dago naturan. Pasaiako badia Aiako Harria Parke Naturalarekin lotzen duen Arditurri Bide Berdeak herria osorik zeharkatzen du, eta oinez edo bizikletaz joateko gonbita egin. Bidean zehar, geldialdi interesgarriak egingo ditugu: Luberri Geologia Museoan lurraren sekretuak ezagutzeko, eta Soinuenea Herri Musikaren Txokoan gure doinuen sustraietan murgiltzeko. Bideaz gozatzen laguntzeko, app bat dugu eskura interes-puntuen informazioarekin eta, behin Arditurrin, etxeko txikienentzako jolasteko joko dibertigarri batekin.

Aiako Harriaren magalera iritsita, Arditurriko meategia topatuko dugu. Bertan, lurraren sakoneraino jaisteko aukera paregabea izango dugu. Gogoan izan esperientzia honetaz gozatzeko sarrerak aurretik online erosi behar direla (www.arditurribideberdea.eus).

Gainera, Aste Santuan eta Pazko astean, Oiartzungo turismo bulegoa Arizmendienea etxe-museoan egongo da zabalik; etxe dotore hori barrutik ikusteko bisita gidatuak eskainiko dira.

Oarsoaldeari buruzko argibide guztiak jakin daitezke turismoa@oarsoaldea.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz gero, edo 943-49 45 21 telefono zenbakira deituta.

Oarsoaldea Garapen Agentzia
Gipuzkoako Foru Aldundia
Euskadi Basque Country

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA