Oporrak Euskal Herrian

Oarsoaldeko museoak zabalik

Segurtasun neurri berrietara egokitutako eskaintzarekin itzuli dira Oiartzualdeko museoak, eskualdeak gordetzen duen balio kultural eta etnografikoa erakusteko prest.

Albaola itsas kultur faktoria. MENDI URRUZUNO
2020ko uztailaren 31
17:37
Entzun

Ekainetik aurrera, Oiartzualdeko museoak zabalik dira berriro: Arditurriko meategia, Luberri geologia museoa eta Soinuenea herri musikaren txokoa Oiartzunen, Jantziaren Zentroa Errenterian, eta Albaola itsas kultur faktoria eta Mater ontzi museo ekoaktiboa Pasaian. Museo guztiek instalazioak eta edukierak egokitu dituzte, bisitarien segurtasuna bermatu ahal izateko.

Arditurri: Meategiaren barrualdea ezagutzeko oinarrizko bisita eskaintzen da, aurretik erreserba egin ondoren. Egunean bi bisita txanda antolatu dira, hizkuntzaren arabera eta gehieneko edukiera 15 lagun izango da. Gainera, ingurune naturala arakatzeko programatutako hainbat jarduera egin daitezke, aldez aurretik erreserba eginda, eta beharrezko babes neurriak mantenduz (maskara eta segurtasun-distantzia). Orientazio jokoekin, Oielekuko harrespiletan zehar gidatutako ibilbideekin edo inguruetan mineralak nola aurkitu ikastearekin goza daiteke. Asteazkenetik igandera zabalik dago, ordutegi honekin: 10:00-14:00. Erreserba egiteko telefono zenbakia: 943-49 45 21.

Arditurriko meategia. MENDI URRUZUNO

Luberri: Konfinamenduan, bere hezkuntza eskaintza indartu du, sare sozialen bidez bideo ugari publikatu ditu, eta erakusketa aretoak zabalik ditu jadanik, ohiko ordutegian, edukiera mugatuta bai bisita gidatuetan (4 pertsona) bai bisita libreetan (10 pertsona). Derrigorrezkoa da maskara erabiltzea. Asteartetik ostiralera zabalik dago, 09:30-14:00 eta 16:00-18:00, eta larunbatean, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00. Erreserba egiteko: 943-26 05 93.

Luberri museoa. OIARTZUALDEA TURISMOA

Soinuenea: Etxean pasatutako egun hauek girotzeko, eguneroko objektuekin musika egiten erakutsi dute, online errezitalak eskaini, eta haien musika tresnen artxibo zabala herritarren eskura jarri dute. Egunero, musika tradizionalaren historian murgiltzeko bi bisita gidatu txanda eskaintzen dira (11:30ean eta 16:30ean), aldez aurretik zehaztutako orduarekin eta beharrezko babes neurriak hartuta. Asteartetik larunbatera zabalik, 10:00-14:00 eta 15:00-18:00. Erreserba egiteko: 943-49 35 78.

Soinuenea herri musikaren txokoa. MENDI URRUZUNO

Jantziaren Zentroa: Origen izeneko erakusketa berri bat ikus daiteke, munduko eskualdeetako jantzien berrinterpretazio bat. Hiru solairuetan 20 lagunentzako edukiera du, eta ohiko ordutegiaren barruan egin ahal izango da bisita librea, aurretik erreserbarik egin behar izan gabe. Bisita gidatuak egiteko, aldez aurretik erreserba egin behar da, eta taldeak ezin dira 20 lagunetik gorakoak izan. Ezinbestekoa  da maskara jantzita eramatea, eta higienea eta segurtasuna bermatuta egongo dira museoan bertan. Zabalik larunbatean, 12:00-14:00 eta 17:00-20:00, eta igandean 12:00-14:00. Erreserba egiteko: 943-49 45 21.

Jantziaren Zentroa. MENDI URRUZUNO

Mater: Alarma egoera hasi zenetik, klima aldaketak ingurunean duen eraginaz kontzientziatzen jarraitu dute. Itsasontzi ekoaktibo hau bisitatzeaz gain, 7 lagunentzako edukierarekin, irteerak antolatzen dira, oinez, itsasargiak eta itsaslabarrak ezagutzeko, eta artisau kontserben tailerrak ere eskaintzen dira. Jarduerak egiteko, aurretik erreserba egin behar da, eta nork bere maskara jantzita eraman behar du. Ontzian, egoera berri honetarako babes neurri egokiak ezarri dira. Irekita asteazkenetik larunbatera, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00, eta igandeetan, 11:00-14:00. Erreserba egiteko: 619-81 42 25.

Mater ontzi-museo ekoaktiboa. OIARTZUALDEA TURISMOA

Albaola: San Juan baleontzia egitea erronka bat bilakatu da, eta proiektu honen alde egin duten historia pertsonal ugarirekin ere osatzen ari da, itsas ondarearen eta euskal kulturaren aintzatespen unibertsala helburu izanik. Ekainaren 12tik itsasontzia jendaurrean egiteari ekin diote berriro. Ekainean, itsasoz bakarrik iritsi ahal izango da Albaolara. Plan biribila da; izan ere, sarreraren prezio berberaren truke itsasoan zehar joan-etorria egin ahal izango da motora zerbitzuari esker. Bidaia Trintxerpeko ontziralekuan hasi eta amaitzen da. Horretarako, aldez aurretik erreserba egin behar da, eta itsasontzian eta museoan maskara jantzita eraman behar da. Irekita ostiraletik igandera, 10:00-14:00 eta 15:00-19:00. Erreserbak egiteko: 943-39 24 26.

Museo abonamendua

Museo abonamendu bat sortu da eskualdeko museo guztiak prezio murriztuan bisitatzeko. Museo abonamendua 12,50 euroren truke eskura daiteke eskualdeko edozein turismo bulegotan eta museotan, eta urtebeteko epean erabili daiteke.

Museoen inguruko informazio eta bitxikeria gehiago Instagram aplikazioaren bidez aurki daitezke (Oiartzualdea Turismoa), eta Errenteriako Madalen kaleko 3. zenbakian dagoen Oiartzualdeko Turismo Bulegoan (943-49 45 21, [email protected], www.oarsoaldeaturismoa.eus).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.