ONDARROAKO UDALA

Ondarroa, itsasoa eta literatura bat eginda

‘Kalian gora, maria behera’ ibilbide literarioek Ondarroa ezagutzeko aukera ederra eskaintzen dute, herriko idazleen lanetatik abiatuta.

‘Kalian gora, maria behera’ proiektua
Mikel Etxaburu, Kirmen Uribe, Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazleak, udal ordezkariekin, aurkezpen ekitaldian. ONDARROAKO UDALA
2026ko martxoaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrei zein bisitariei Ondarroako hainbat txoko ezagutzeko aukera ematen diete Kalian gora, maria behera ibilbide literarioek, herriko idazleen lanetatik abiatuta, idazleen beraien azalpenekin. Izan ere, herriko idazleak eta herria ezagutaraztea eta euskal literatura sustatzea dira egitasmoaren helburuak, euskara, sormena eta turismo jasangarria uztartuta.

Ondarroa, itsasoa, paisaiak eta literatura lotzen ditu egitasmoak. Ibilbide literario horietako bat egitea Esperientzia paregabea da. Ondarroako kaleetan barrena, itsasoaren murmurio eta hitzen magia uztartuz, Ondarroako literaturaz eta izaeraz goza daiteke, idazleek kontatzen dituzten istorioen bidez.

Kantoipe errebueltako zero gunetik hasita, ibilbideek herriko hainbat kale eta txoko zeharkatzen dituzte, idazleek beraiek aukeratuko hainbat puntu garrantzitsurekin. Horrela, geldialdi bakoitzean aukera izaten da idazleak haien inguru naturalean bertan ezagutzeko, eta haiek grabatutako kontakizunak eta haien liburuetatik hartutako pasarteak ikusi eta entzun daitezke toki horietan ipini dituzten plaketako QR kodeen bidez. Plakak euskara hutsean daude eta, QR kodea eskaneatuz, gazteleraz, ingelesez, katalanez eta galegoz ere entzun daitezke kontakizunak. Idazle bakoitzak sei plakaz osatutako ibilbidea dauka.

Idazle handien sorlekua

Kalian gora, maria behera egitasmoa 2024ko udazkenean abiatu zenean, Ana Urkiza eta Kirmen Uribe idazleak izan ziren protagonistak, eta hurrengo urtean Leire Bilbao eta Mikel Etxaburu idazleak aritu ziren. Ondoren, beste idazle batzuk batuko zaizkio proiektuari. Urtero bi ibilbide berri gehituko dituzte, idazleak eta haien sormen unibertsoa ezagutarazteko.

Udalaren asmoa ere bada Ondarroak XIX. mendean izandako idazleak ezagutaraztea, hala nola Txomin Agirre, Augustin Zubikarai eta Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi. Izan ere, Ondarroa idazle handien sorlekua da, eta, gainera, idazle horiek herrian idatzi dituzte beren lan ezagunenak. Hari horri tiraka sortu zuten Kalian gora, maria behera proiektua, non herriko idazleek beren lanetan oinarritutako literatur ibilbideak sortu dituzten herria ezagutarazteko. «Ondarroa kresalez bustitako herria da, eta herriko idazleak ez dira salbuespena. Denetan igartzen da herri arrantzalea garela, eta hori erakutsi nahi diegu hurbiltzen diren guztiei», azaldu dute Ondarroako Udaleko ordezkariek. 

Kalian gora, maria behera esamoldeak bi abesti hauen izenburuak aipatzen ditu: Kalian gora, kalian behera eta Itoiz taldearen Marea gora. Azken abesti horren hitzak Jose Mari Argoitia ondarroarrak idatziak dira.

Argibide gehiago jasotzeko, jo Ondarroako turismo bulegora. Erribera kaleko Kofradia Zaharrean dago (94-683 19 51, turismobulegoa@ondarroa.eus).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA