CIFP Iurreta LHII ikastetxeak 1978-1979ko ikasturtean eman zion hasiera bere hezkuntza jarduerari. Ibilbide luze honetan helburu nagusia beti izan da ikasleei lanerako (eta bizitzarako) prestakuntza integrala ematea: kalitatezkoa eta aurreratua metodologia eta baliabideei dagokionez, baina betiere teknologia eta ekipamenduak pertsonen zerbitzura jartzen dituena. «Eskaintzen ditugun gradu eta formakuntza guztietan, industrialak zein zerbitzuetara bideratutakoak izan, irakaskuntza hurbila, inklusiboa, arduratsua eta balioetan oinarritua ematen ahalegintzen gara. Azken horien artean dago, halaber, euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustu sendoa, eta gure erreferentziazko eskaintza da D ereduaren ezarpenean», CIFP Iurreta LHII ikastetxeko arduradunen hitzetan.
Azken batean, CIFP Iurreta LHII ikastetxeak hezkuntza eskaintza berritzailea eta euskalduna ematen du. «Gure hezkuntza eskaintza osoa D ereduan dago. Azpimarratu behar da gure D ereduko erdi mailako zikloekin administrazioarekiko euskarazko B1 mailaren baliokidea lortzen dela eta goi mailako zikloekin administrazioarekiko euskarazko B2 mailaren baliabideak lortzen direla».Â
2026-2027ko ikasturterako beste ziklo berri bi eskainiko dituzte. Alde batetik, Zuzendaritzari laguntzeko goi mailako teknikariko zikloko bigarren maila. Administrazio eta finantzetako zikloa lortu dutenentzako aukera paregabea, hirugarren ikasturte batekin bigarren titulazioa lortzeko.
Bestetik, Instalazio elektriko eta automatikoen eta telekomunikazioen gradu bikoitza. Erdi mailako bi zikloko titulazioa hiru ikasturtetan lortzeko aukera ematen du. Horrez gain, behe tentsioko instalatzaile baimendua izateko oinarrizko agiria ere lortzen da, enplegagarritasun tasa oraindik altuagoa lortuz.
Ikasleek praktikak Iurreta inguruan egin ditzakete, Bizkaian, eta baita atzerriko enpresa eta erakundeetan ere, Erasmus Plus programaren bitartez. «Bihotzez eskertu behar dugu bide honetan Durangaldeko enpresa eta erakundeek eskaini diguten laguntza eta elkarlana, gure ikasleei behar duten lantokiko prestakuntza emateaz gain, sarritan lan mundura lehen aldiz gerturatzea ere erraztu dietelako».
Aipagarria da Iurreta ikastetxeko ikasleak lehen mailatik hasten direla heziketa dualean. Praktikaldiak aukera paregabea eskaintzen die ikasleei enpresetan esperientzia lortzeko. Bertako eta atzerriko enpresetan lanean arituz, ikasleek ezagutzak eta trebetasunak garatzen dituzte, beren etorkizuneko lanbiderako beharrezkoak diren konpetentziak sendotuz. Halaber, lan mundura egokitzeko gaitasuna hobetzen dute, eta sare profesional zabala sortzeko aukera ere izaten dute. «2025-2026ko ikasturte honetan, 19 ikasle bidali ditugu atzerrira Erasmus Plus programa desberdinen bitartez. Ziklo guztietako ikasleak bidali ditugu hainbat herrialdetara, hala nola Italia, Kroazia, Eslovenia, Portugal, Malta eta Poloniara».
Nazioartekotze proiektuek ikastetxeei aukera paregabeak eskaintzen dizkiete kultura desberdinak ezagutzeko, atzerriko enpresetan esperientzia praktikoa lortzeko eta bestelako praktika onetatik ikasteko. Horrek ikasleen prestakuntza hobetzen du, globalizatutako merkatuan lehiakorragoak izateko gaitasuna emanez. Gainera, ikastetxeko prestakuntza eskaintza nazioartean aitortua izatea sustatzen du, eta lankidetza sareak zabaltzen laguntzen du. Horrela, Iurreta ikastetxeak LCAMP elkartean ere parte hartzen du.Â
Zikloen arteko proiektuak
Euskelec proiektua ziklo desberdinen artean izandako lankidetzaren eta talde lanaren emaitza da. Ikasleek eta irakasleek elkarrekin lan eginez, esperientzia hezitzaile eta praktiko aberatsa lortu dute. «Proiektu honek ikasleen garapen pertsonala sustatu du, eta taldean lan eginez etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasunak indartu ditugu».
Era berean, ekintzailetza sustatzea ikasleen garapenean garrantzi handia duen arlo bat da, eta azkeneko urteotan tailer praktikoak eskaini dira arlo horretan aurrera egiteko. Ikasleek ekintzailetzaren oinarrizko kontzeptuak ikasi dituzte, berrikuntza eta ideien garapena bultzatuz. Horrela, ekintzailetza ezinbesteko abiapuntu bihurtu da, ikasleen gaitasunak bultzatuz eta gizarteari eta ekonomia berriei ekarpenak egiteko.
Berrikuntza proiektuak
2025-2026ko ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzaren babesarekin, berrikuntza proiektu bitan parte hartzen ari da Iurreta ikastetxea: AI!kea eta GPON proiektuak.Â
AI!Kea proiektuaren bidez, baso suteen eragina murriztu nahi da, sentsoreak eta simulazio aurreratuak konbinatzen dituen sistema adimentsu bat garatuz. Sistema hori suteen fase desberdinetan erantzuteko dago diseinatuta. Proiektu hori Armeria Eskola, Fraisoro Eskola eta CIFP Iurreta LHII ikastetxearen artean ari dira garatzen.Â
GPON proiektua, berriz, digitalizazioari lotuta dago. Gaur egun, industria eta ekoizpen prozesuen digitalizazioa funtsezkotzat jotzen da abantaila konpetitiboa lortzeko. Mota horretako ingurune bat digitalizatzeak prozesuei lotutako datuak era azkar, seguru, jasangarri eta eraginkor batean transmititzeko beharrak dakartza. Horregatik, Lanbide Heziketa teknologia berri honen ezarpenaren zati izan dadin beharrezkoa da ezagutza horren transferentzia burutzea. «Hori dela eta, aditu gisa jardungo duen Televes enpresa eta hiru ikastetxe batu gara, Urnieta eta Zaragozako salesiarak eta gu, informazio trukea gauzatzeko. Proiektua Espainiako Hezkuntza, Lanbide eta Heziketa eta Kirol Ministerioaren diru laguntza lortu du».