Udapa

Tradizioa berriztatzen

Patata historia luzea duen funtsezko elikagaia da. Egun, ordea, bai bere kontsumoa bai patata ekoizteko lursailen kopurua gutxitzen doaz Araban, eta, horregatik, Udapa kooperatiban neurriak hartzen hasi dira bertako patata indarberritzeko.

Udapa kooperatiba
'Udapa fácil' markako patata sortak. GORKA LASA
2026ko maiatzaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte hasieran Eusko Jaurlaritzak kontsumorako eta ereiteko patataren sektore plan berria aurkeztu zuen jendartean. Planak tuberkulu honek XX. mendean Arabako lurraldean izan zuen garrantzia berreskuratzea du helburu —Arabako nekazaritzaren oinarria izan zen 1990eko hamarkada arte—, patata lursailen azalera handituz, uztaren kalitatea eta errendimendua sendotuz eta ekoizpen katea merkatuaren eskarietara egokituz.

Eginkizun horiek ez dira berriak Udaparentzat; izan ere, kooperatiba arabarrak hiru hamarkada baino gehiago daramatza helburu horiek erdiesteko lanean. 1993. urtean jaio zen Espainiako Estatua Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeaz geroztik, patatak lurraldean galdutako errentagarritasuna eta lehiakortasuna berpizteko xedez, eta hasierako urteak nahiko garratzak izan baziren ere, poliki-poliki bere tokia eskuratu du merkatuan, hainbat proiektu eta ideia berritzaile gauzatzearen ondorioz.

Patata oinarri dituzten produktu berritzaileak

Udapan, unibertsala den elikagai honi balio erantsi bat eman nahi izan diote beti, eta horregatik, besteak beste, nekazari arabarren lan egiteko modua profesionalizatzeko esfortzu handia egiten dute, patata oinarri dituzten produktu berritzaileak merkaturatzen dituzte, eta, orain, plan estrategiko bat abiatu dute antzina Araban hazitarako patatak zuen eragina eta balioa berreskuratzeko.

Iaz asmo handiko plan bat mahai gainean jarri bazuen ere, kooperatiba badoa aurrera markatutako helburuak erdiesteko bidea egiten. Izan ere, duela bi urte ereiteko patata hazteko zeukan azalera ez zen 50 hektareatara iristen, eta aurten, ordea, 90 hektarea baino gehiago izatera pasatu da. Gauzak horrela, 2028an, 200 hektarea eta 8.500 ereiteko patata tona lortzea da helburua.

Horretarako, merkatuan gehien estimatzen diren patata motekin lan egingo dute. Horien artean, gurean jada ohikoak diren Monalisa, Lucinda edota Agria motak hazten jarraituko dituzte; baina, aldi berean, berriagoak diren beste batzuk ere landuko dituzte. Horren adibide dira Neiker ikerketa zentroarekin duen lankidetzaren ondorioz sortutako Beltza edota Edurne motak.

Udapa kooperatiba
Traktore bat uzta biltzen. UDAPA

Inbertsio handiak

Nekazaritzaren belaunaldi aldaketa bermatzeko eta gazteak patataren sektorera erakartzeko, Udapa kooperatibak punta-puntako makineria berria erosi du bazkide eta kolaboratzaileei zerbitzua eskaintzeko. Hain zuzen ere, 150.000 euroko inbertsioa egin du doitasun handiko nekazaritza gauzatzeko gai den ereiteko makina bat lortzeko; eta beste 300.000 euro errendimendua hobetzen laguntzen duen bi ildoko uzta makina baterako.

Horrez gain, Udapak datozen hilabeteetan 10 milioi euroko inbertsioa egingo du eraikin berritzaile bat eraikitzeko eta bertan ziurtatutako hazitarako patatekin lan egiteko. Instalazio horietan, ereiteko patata jaso, sailkatu eta kontserbatu egingo dute, eta labore mota honetarako eskatzen diren kalitate estandarrik altuenak betetzen direla bermatu. Gainera, proiektu honek duen berritasun mailagatik, eredu bilakatuko da Espainiako Estatuan, eta atzerrian ekoitziriko haziarekiko egun dagoen mendekotasuna txikiagotzen lagunduko du.

Udapa kooperatiba
Udapa kooperatibak 30 urte baino gehiago daramatza Eusko Label zigilua duen Arabako patata ekoizten eta ontziratzen. UDAPA

Produktu tradizionala berrasmatzen

Gaur egun, nekez topa daiteke patatarik ez duen sukalde bat. Toki garrantzitsu bat dauka jendearen eguneroko dietan, baina, ikerketek diotenaren arabera, azken urte hauetan patata freskoaren kontsumoak behera egin du. Osasuntsua, asegarria eta askotariko errezetak prestatzeko egokia bada ere, elikagai hau jarraitzaileak galtzen ari dela dirudi.

Egoera honi aurre egiteko, eta kontsumitzeko joera berriei erantzuteko asmoz, Udapa kooperatibak Udapa fácil marka sortu du jateko prest dauden patatak merkaturatzeko. Patata hauek zurituta, era desberdinetan moztuta, lurrunetan egosirik eta hutsean ontziratuta aurkezten dira, inolako kontserbagarririk edo alergenorik gabe. Produktu hauei esker, patata oinarri duten errezetak era azkar, erraz eta gozoan presta daitezke benetako zapore edota testurari uko egin barik.

Egun, lau erreferentzia desberdin merkaturatzen ditu ohiko supermerkatu handietako fruta eta barazkien guneko hotz kameretan: arrautzopila egiteko patata, jakiak eta pintxoak egiteko patata, osagarri moduan jartzeko patata, eta azenario eta ilarrekin batera datozen patata kuboak. Gainera, datozen asteetan erreferentzia berri bat merkaturatzeko lanean dabiltza Udapan; kasu honetan, olioa, gatza eta piperbeltzarekin onduak dauden patatak izango dira.

Hala, produktu berriak merkaturatuz eta proiektu berritzaileak martxan jarriz, etorkizunean ere nekazaritzako elikagaien sektorean enpresa lider gisa duen lekua mantentzen saiatuko da kooperatiba arabarra, lurraldearen garapen ekonomiko zein sozialarekiko duen konpromisoa sendotuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA