Senpereko (Lapurdi) aintzirako aisialdi guneak plazera, dibertsioa eta adrenalina uztartzen dituen esperientzia bat eskainiko du aurtengo udarako, ingurune seguru eta paregabe batean: Aquazone ur parkea. Toki ezin hobea izango da ordu batzuk edo egun oso bat familiarekin edo lagunekin pasatzeko, laku eder eta lasai honen ondoan, naturaren erdian. Aquazone ur parkea ekainaren 27tik irailaren 1era egongo da zabalik. Aipagarriak dira BERRIAlagunek izango dituzten abantailak. «BERRIAlagunek jakin dezatela 10 minutu eskainiko dizkiegula», Aquazone ur parkeko arduradunen hitzetan.
Aquazone egitura puzgarri erraldoi bat da, txirristez, tirolinez, tranpolinez, katapultez, igarobidez eta beste zenbait ur jokoz gozatzeko prestatua. Arduradunek azpimarratu dutenez, aurten hainbat berrikuntza izango dira: «Aurten, ur parke berritu bat zain duzu, atrakzio ugarirekin. Denboraldi honetako protagonista nagusia egitura zentral handia da, alboetan bi txirrista dituena, eta jauzi plataforma bikoitz bat».
Horrez gain, 3 eta 6 urte arteko haurrentzako gune berezi bat prestatu dute.
Berrikuntza horiek guztiak osatzeko, snacking gune berri bat ere izango da, erosotasun handiagoa eskaintzeko Aquazone ur parkeaz gozatzera etorriko direnentzat.

Publiko familiarra eta giro atsegina
Iaz, parkeak askotariko publikoa erakarri zuen: familiak, lagun taldeak eta adin guztietako jendea. «Tokian bertan, egun osoan gozatu ahal izango duzu ur parkeaz, giro atseginean, baina baita pedalontziez, padelaz eta hondartza handiaz ere».
Horrela, denek aurkituko dute bertan gozatzeko aukera, segurtasun osoz, parkea ongi zainduta egongo baita. Izan ere, parkearen zaintza sorosle profesionalek egiten dute, eta guztiak BNSSA salbamendu tituludunak dira.
Aquazone ur parkera joanez gero, aparkatzea oso erraza da. Lakuaren inguruan hainbat aparkaleku daude —ordaindu beharrekoak—. Hala ere, Aquazoneko arduradunek doako bi aukera hauek gomendatzen dituzte: Netto supermerkatuaren aurrean dagon aparkalekua eta Netto eta Xistera aparkalekuaren artean dagoen aparkaleku handia. «Aparkaleku horietatik, autobusak zuzenean eramaten zaitu lakuaren biribilgunera. Autobusaren tiketak balio duen dirua itzultzen dugu, aurkeztuta».
Beraz, udan freskatzeko eta ongi pasatzeko, Senpereko Aquazone ur parkea toki paregabea izango da, haurrekin edo lagunekin joateko.