Jakingura jaialdia

Zentzuak esnatzeko dei bat

Askotariko esparruetan dabiltzan zenbait lagunek jakin-mina nola bizi duten azalduko dute zuzeneko podcast batean, eta hura gorputzaren bidez esperimentatzeko proposamen filosofiko bat egingo du Dejabu konpainiak.

Dejabu konpainia. RENATA ETANOWSKI
Dejabu konpainia. RENATA ETANOWSKI
2026ko ekainaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakin-minari tiraka segituko dute Jakingura jaialdian ostiralean, arratsaldeko saioan, Tabakaleran (Donostia), Kutxa fundazioak antolatuta. Goizeko saioko gogoetei bestelako aldarte bat erantsiko diete arratsaldean. Artaziak izeneko saioa egingo dute 17:00etatik aurrera, familientzat, Jakingura esperimentatzeko. Zuzeneko podcast bat eta Dejabu konpainiaren Paisaia Entseguak (01) esperientzia ere bizitzeko aukera izango da, pentsamenduaz harago, gorputzeko zentzumenak esnatzeko.

Podcasta Aitziber Grados eta Ainhoa Vitoria kazetariek gidatuko dute, 18:30ean hasita, Patioan. Olatz Salvador musikari eta konpositorea, Jon Kareaga ingurumen aktibista eta eduki sortzailea eta Javi Rivero sukaldaria izango dituzte gonbidatu. Gradosek azaldu du jakin-minari buruzko esperientziak partekatuko dituztela gonbidatuekin, esparruak hain askotarikoak izanda, bakoitzak bere bizitzan eta lan esparruan jakin-mina nola sentitzen duen jakiteko. 

Grados bera ere busti da gogoetan: «Niretzat, jakin-mina da denon bizitzaren motorra; jakin-minik gabe, ez ginateke haziko. Bizitza esploratzeko, analizatzeko giltza da jakin-mina».

Jardunaldi hau kezka batetik abiatu zen: zarataz jositako egoera batean nola jorratu pentsamendu kritikoa, nola jorratu jakin-mina. Grados pribilegiatua sentitzen da alde horretatik. Lanbideak era askotako jende asko ezagutzeko aukera eman dio, eta, egindako bideak erakutsi dionez, kritikotasuna ondo zorroztua zuen jende ugari ezagutzeko aukera eman dio.

Ainhoa Vitoria eta Aitziber Grados kazetariak
Ainhoa Vitoria eta Aitziber Grados kazetariak. EITB

«Eskura dauzkagu erreminta asko, eta horiek aukera ematen dute kritikotasuna lantzeko eta bestelako informazio bat lortzeko»

AITZIBER GRADOS Kazetaria

Ez du ukatzen mezuen erauntsia dagoen garaiotan zaila dela lastoa eta garia bereiztea, baina ikusten dio alde ona ere. «Eskura dauzkagu erreminta asko, eta horiek aukera ematen dute kritikotasuna lantzeko eta bestelako informazio bat lortzeko».

Gorputzaren txanda

19:30etik aurrera, esperientzia berri bat bizitzeko aukera izango dute Kutxa Fundazioa Klubera doazenek, Dejabu konpainiaren eskutik. Paisaia Entseguak (01) izeneko esperientzia bat sortu dute propio jaialdi honetarako. Parte hartzaile bakoitzak aurikular bat izango du, eta, murgiltze esperientzia baten bidez, elementu performatibo eta eszenikoen bidez, bidaia bat proposatuko dute jakinguraren inguruan gogoeta egiteko. «Esperientzia poetiko filosofiko bat proposatzen dugu, gorputzetik pasatzen dena» , azaldu du Ainara Gurrutxaga Dejabuko kideak.

Testuak Dejabuk sortu ditu, musika Ander Mujikak propio sortutakoa da, eta bideo bat ere egongo da, Edorta Subijanak egindakoa. Elementu horiekin guztiekin ordu erdiko esperientzia bat eskaini nahi dute, gogoeta eragiteko.

«Gorputzaren inplikazio bat eskatzen dugu, jolasteko eta gogoratzeko uste dugun baino gehiago dakigula. Alegia, jakintza ez dagoela bakarrik buruan edo liburuetan, baizik eta nork bere gorputzean ere jakinduria handia daukala»

AINARA GURRUTXAGA Dejabu konpainiako kidea

Esperientzia honen jatorria azaldu du Gurrutxagak: «Mendebaldeko pentsamenduaren oinarriak Grezian kokatzen ditugu askotan, eta guk atzera begiratu nahi izan dugu. Jakitea eta ezagutzea ondo dago, baina nondik gatozen gogoratzeko ariketa bat ere egin nahi izan dugu. Gure gorputzen memoriara jo nahi izan dugu, kultura indigenek eta antzinakoek egin izan duten bezala». Izan ere, uste dute gorputzak askoz ere informazio gehiago daukala alde arrazionalak baino: «Gure gizartean, jakintza oso modu kartesiarrean ulertzen dugu, ikuspegi ia-ia mekanizista batean kokatzen dugu gorputza, eta uste dugu ez dela existitzen buruaren eta gorputzaren arteko banaketarik: osotasun bat gara, ez bakarrik gu, baizik inguratzen gaituen guztia. Banaketa hura gertatu zenetik, uste dut ez goazela oso ondo».

Horrenbestez, jolas moduko bat proposatuko diete parte hartzaileei. «Gorputzaren inplikazio bat eskatzen dugu, jolasteko eta gogoratzeko uste dugun baino gehiago dakigula. Alegia, jakintza ez dagoela bakarrik buruan edo liburuetan, baizik eta nork bere gorputzean ere jakinduria handia daukala. Horrekin konektatzea da indigenek erritualen bidez egiten dutena». Zentzuak esnatzeko esperientzia bat proposatu nahi dute, horrenbestez, «pentsamendu arrazionalari tregoa pixka bat emanda».

60 bat lagunentzako tokia dago, eta zutik bizitzeko esperientzia bat izango da, zutik eta mugituz. 14 urtetik gorako edonori dago eskainita, jakin-mina duen edonori. «Esperientzia oso atsegina izango da, errepikaezina, baina irekita egon behar da», gehitu du Gurrutxagak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA